Memoriaren matrioxka

Antxiñe Mendizabalek bere lehen nobela ondu du: 'Odolekoak'. 1941-2005 bitartean girotua, Iruñeko familia bat du erdigune, eta «amatasun eta alabatasun zapuztuak» ardatz

Antxiñe Mendizabal editore eta idazlea Odolekoak bere estreinako nobelarekin, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Esaldi bat eleberriaren sarreran: «Memoria baten alaba naiz». Eta hiru atal kontakizuna biltzen, elkarri lotzen diren izenburu esanguratsua dakartenak hirurak: Indarkeriaren memoria, Kontzientziaren memoria eta Maitasunaren memoria. Hirurogei urtetik gorako denbora tartea sartu du Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) bere estreinako nobelan, 1941ean hasi eta 2005era arteko aldia zehazki, eta memoriarena da nobelaren elementu behinenetakoa. Memoria, irudimenarekin batera. Iruñeko etxaluztarren familia sortu, eta bertako hiru belaunaldiren bitartez kontatu du haien historia Mendizabalek, bata bestearen ondorengoak diren hiru emakumerengana joz: Matilde, Teresa eta Amaia. Emakume aurpegi bat ageri da, hain zuzen, Odolekoak-en azalean; Irune Izquierdok egin du, eta horren guztiaren kondentsaziotzat dauka egileak: «Erakusten du pertsonarengan memoriak duen pisua eta irudimenerako duen aukera, errealitate berriak birsortzekoa».

Roberto Bolaño idazlearen aipamen bat baliatu du lanaren aurkezpenean Mendizabalek. Hala dio: «Eleberriak idazteko ez da irudimenik behar, memoria besterik ez; eleberriak oroitzapenak bateratuz eta nahastuz sortzen dira». Bere kasuan, baina, ez du oroitzapen propioetara jo nobelan zentrala den familia eta haren ingurua eraikitzeko; bere familiaren aurrekariekin «zerikusirik ez» duela zehaztu du. Eta, hala ere, «oso gertu» sentitu ditu denak: «Horrek pentsarazten dit indarkeriaren, kontzientziaren eta maitasunaren atalasean egon gaitezkeela etengabe, izan eskuineko jendea, ezkerrekoa, aberats, pobre, gizon edo emakume».

Nagusiki Iruñean jazoko da istorioa. «Euskal Herriaren historian eta frankismoaren garaian muturreko bizipenak izan ziren han. Istorioak gordintasun handia du, eta egokia iruditu zitzaidan muturreko toki batean girotzea», azaldu du egileak. Matilde, Teresa eta Amaia dira protagonistak, bakoitza aurrekoaren alaba. Eta horien bueltan, bigarren mailako pertsonaia ugari agertuko dira, «konstelazio moduko bat» sortzen haien inguruan: bizilagunak, neskameak, maitaleak... Fikziozko horiez gainera, egiazko pertsonak ere badira, traman agertu ez arren «agertokian» daudenak. Camino Oscoz faxistek erail eta Urbasako mendilerrotik amildu zuten maistra, Emiliana Zubeldia musikaria, ETAk bahitutako Felipe Huarte enpresaria, Kristiane Etxaluz ezker abertzaleko militantea, German Rodriguez eta beste. Haien artean nahastuta agertuko dira, «kasik ohartu gabe», Mendizabalen hitzetan. «Beti gaude besteen bizitzetan nahastuta, jakin edo ez».

«Ama irensleak»

Nobela osoa hartzen duen gaia beste bat da, ordea: amatasunarena eta hari loturiko alabatasunarena. «Esperientzia pertsonal gisa eta eraikuntza politiko kolektibo moduan», zehaztapena idazleak. «Ama izan nahi ez duen emakumearen eta amaren umezurtz sentitzen den alabaren arteko harremana» bistaratzen saiatu da istorioan, askotariko amen ahotsak ekarrita: «Ama zigortzailearena, ama izan nahi ez duenarena, ezgai sentitzen denarena, amaminez bizi den alabarena, abortatu behar duen gaztearena, abusuak jasan dituenarena... Oinarrian, amatasun eta alabatasun zapuztuen ahotsez osatutako istorio bat da». Matrioxkaren irudia erabili du kate hori ordezkatzeko. «Panpina horiek ama irensleak iruditu izan zaizkit beti».

Amak nola, eleberriko emakumeak oro har ere askotarikoak direla nabarmendu du Mendizabalek. Izan errebeldeak, otzanak, aurrerakoiak, menderatuak, iheslariak, harrapakinak zein harrapariak. «Euren bizipenak ikuspegi propiotik nola deskribatzen dituzten transmititzen saiatu naiz, gizonezkoak jaun eta jabe ziren mundu eta garai batean, zenbat eta atzerago, are krudelago emakumeentzat».

Denboraren joan horretan, misterio batek eramango du trama aurrerantz. Iruñeko Dos Cafeteras karameluen kutxa batean gordetako gutun batzuk dira horren muina, 36ko gerran «amabitxi lanetan» fronteko soldaduei idazten aritu zirenena, horiek adoretzeko. Matilde agertuko da zeregin horretan, baina gertuko inork ez du tarte luzez ezer jakingo.

Bultzatu duten obsesioak

Urte batzuk eman ditu nobela idazten Mendizabalek, eta, adierazi duenez, kasik lan gehiago izan du asmoari eta pultsuari berari eusten, lana bera osatzen baino. Bultzatu duten «obsesioen» artean aipatu ditu amari umetan entzuten zion «zuk ez dakizu zer den inori ama deitu ezin izatea» esanaren oihartzuna, nerabezaroan harekiko izandako maitasun-gorrotoa eta ama izan denetik alabarengan ikusi dituenak. «Azkenean, lotura horiek eta zu hiltzera etorri den alaba onartu beste erremediorik ez dago».

Xabier Mendiguren lankide eta «konplizea» izan du editore liburuan, eta «istorio handi bat» idazteagatik zoriondu du hark: «Anbizio handikoa da. Nobela ederra, indartsua eta irakurleari gogoan geratzen zaion istorio horietako bat». Dokumentazio lan handia egin arren, datuak eta gertakari historikoak argumentuari ez gainjartzen ahalegindu da idazlea. «Ez dut nobela historiko bat egin nahi izan», argitu du, eta Milan Kunderaren aipu bat josi dio horri: «Historiaren aldi jakin batera lotuta geratu diren eleberri guztietan aberkideak saiatzen dira istorioan bilatzen beren bizipenen aitortza; jakin nahi dute beraiek bizi izandakoa eta historian esaten dena bat datozen, egilearen iritziak argitzeko asmoz. Eleberri bat irakurtzeko modurik okerrena da hori; eleberrigile baten pasioa ez baitago politikari zuzendua. Idazleak historiaren protagonisten misterioa aztertu eta ekartzeko besterik ez du idazten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.