Ardoarekin batera gordetako sekretuak

Miren Gorrotxategi Azkunek bigarren eleberria argitaratu du, 'Sotoan gordeak', (H)ilbeltza bekaren babesarekin. Senitartekoen artean izaten diren isiltasun eta gatazkek ardazten dute istorioa

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Edozein motatako familia orok izan dezake alde ilun bat, eta pertsona arruntak ere izan daitezke nobela beltzen protagonista. Hori erakusten du Miren Gorrotxategi Azkunek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) idatzi duen bigarren eleberriak: Sotoan gordeak. 2019an irabazitako (H)ilbeltza bekari esker idatzi du, eta Txalaparta argitaletxearekin plazaratu berri du.

Upategi baten jabe den Nafarroako familia baten ezkutuko istorioa da eleberriaren oinarria, eta Bilbo eta Viana (Nafarroa) artean jazotzen da. Abiatu, Bilboko Guggenheim museoan abiatzen da. «Nora eta Alex bikotekideak erakusketa bat ikusten ari direla, Noraren aita hil dela jakingo dute, eta haren jaioterrira itzuliko dira biak, Vianara. Hortik aurrera, Alex konturatuko da bikotekideak hainbat gauza ezkutatzen dizkiola; horiek ikertzen hasiko da, eta orduan egingo dute eztanda Noraren familiaren ardo upategiaren iraganeko sekretuek», azaldu du egileak.

Istorio pertsonal bat du oinarri, beraz, eleberriak; detektibe edo poliziek ez, baizik eta ohiko pertsona arruntek eta haien arteko harremanek osatutakoa. Idazleak zehaztu duenez, genero beltza izan arren, misteriozko eleberria da, poliziena baino gehiago: «Ikerketaren aldea baino gehiago interesatzen zaizkidalako nobela beltzaren beste itzal batzuk, eta, kasu honetan, nobela beltzak istorio hau kontatzeko markoa eman dit».

Protagonistak elkarren ezberdinak dira. Nora pertsona «itxia» da, gauza asko ezkutatzen dituena, «bikotekideari gustatuko ez zaion zirrikituren bat irekitzeko beldur delako». Alexek, berriz, zirrikitu horietan arakatzeko «eskubidea» duela uste du, eta «jakin-min handiko» pertsona da. Era berean, Alexek bere neba Leo nahi duen moduan erabiltzen du; kasu honetan, ikerketan laguntzeko.

Istorioa osatzen duten pertsonaiak «ilunak, makurrak eta manipulatzaileak» dira, «mendeku egarriz» jarduten dutenak. Eta, horrez gain, emakumezkoak dira gehienak. Gorrotxategik azaldu duenez, 33 ezkil eleberria (Elkar, 2016) sortzeko prozesuan izandako gogoeten ondorioz hartutako hautu «kontziente» bat izan da hori: «Aurreko nobelan, protagonista mutila zen, Nestor; baina, idazketan aurrera egin ahala, konturatu nintzen Karmenen pertsonaia pisua hartzen ari zela; agian, erosoago sentitzen nintzelako kontatu nahi nituenak emakume baten azaletik kontatzen. Horregatik, oraingoan hautua kontzienteagoa izan da, hasiera-hasieratik erabakitakoa».

Uste du genero beltzeko lanetako protagonisten artean gero eta emakume gehiago daudela, baina oraindik ere gutxi direla. Berak, halere, ez du erabakia hartu joera aldatzeko asmoz, baizik eta «naturalagoa» gertatu zaiolako istorioa beregandik gertuago dauden ahotsetatik kontatzea.

Istorioan bezala, liburua martxan jartzeko «txinparta» Bilboko Guggenheim museoan piztu zela kontatu du idazleak: «Istorioaren ideia nagusiak buruan nituelarik, Joanna Vasconcelos portugaldarraren erakusketa ikusten izan nintzen, Guggenheimen; erakusketa koloretsua zen, zeharo, baina iruditu zitzaidan kontraste hori eraman nezakeela nobela beltzaren barrura, eta hori izan zen nobela martxan jartzeko txinparta».

Idazleak uste du lan berriak badituela 33 ezkil liburuaren ezaugarri ugari. Batetik, gai batzuk errepikatzen dira; besteak beste, esan gabekoen garrantzia eta familia barruko sekretuak. Eta, horrez gain, egitura aldetik, nobela zatikatuak dira biak, eta denbora jauziak egiten dituzte. 33 ezkil-en, tipografiaren bitartez bereizi zituen atalak, baina egitura ez zuen horrenbeste finkatu; Sotoan gordeak-ek, berriz, hamalau kapitulu eta hitzatzea ditu, eta atal bakoitza hiru zatitan banatuta dago, hiru garaitan —2019., 1989. eta 2009. urteetan— girotutako hiru ahots banatuz.

Beken bultzada

(H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen duten (H)ilbeltza bekarekin argitaratu du liburu berria; 33 ezkil, berriz, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen duten Augustin Zubikarai bekarekin argitaratu zuen. Gorrotxategik uste du halako sariak izaten direla hasiberriek maiz behar izaten duten «bultzada»: «Niretzat, lehenengo sariarekin hala gertatu zen, bekak adierazten dizulako epaimahai batek zerbait ikusi duela zure lanean: publikatzeko modukoa iruditu zaiola». Bigarrenaren kasuan, behin esperientzia edo ziurtasun bat zuela, baliagarria izan zaio proiektua garatzeko «diziplina eta epeak finkatzeko».

Iragan astean jakinarazi zuten aurtengo (H)ilbeltza beka Eneko Barberena Mondragonek (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) irabazi duela, Xukunetatik aldendu ahala izeneko proiektua gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.