Albistea entzun

Birika ugariren hatsa

Bilboko lau eraikinetan banatutako 25 artelanek osatzen dute 'Soplo. Arnasketa saiakerak' erakusketa. Udalak eta Bilbo Artek antolatu dute, eta apirilaren 7ra arte bisitatu ahalko da
Erakusketako zenbait obra ikusgai daude Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Zehazki, aztarnekin zerikusia dutenak bildu dituzte han.
Erakusketako zenbait obra ikusgai daude Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. Zehazki, aztarnekin zerikusia dutenak bildu dituzte han. J. FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko otsailak 24

«Arteak ahalmena du errealitateari erantzuna emateko edo haren aurrean beste aukera batzuk zabaltzeko»: baieztapen hori dago Bilbo Artek eta Bilboko Udalak antolatu duten Soplo. Arnasketa saiakerak erakusketaren oinarrian, Aimar Arriola komisarioak azaldu duenez. 25 artistaren lanak biltzen ditu erakusketak, eta udalerriko lau eraikinen artean banatu dituzte obrok. COVID-19ak artistengan eragindako kalteak arintzeko programa bat izan zuen ernamuin —Ekaitzaren ostean, hain zuzen—, eta handik loratutakoak apirilaren 7ra bitarte bisitatu ahal izango dira.

Udalaren deialdiak 128 erantzun artistiko izan zituen, zehazki, Bizkaian jaio diren edo bertan lanean dabiltzan artistenak, eta horien artetik erakusketa osatzen duten 25ak aukeratu zituzten udan Arriola, Andrea Estankona eta Maite Martinez de Arenaza komisarioek. Irizpidea, oro har, «pandemiaren inguruko literaltasunetik alde egitea» izan da, Arriolak azaldu duenez, eta urrunketa hori erdietsi duten proposamenak lehenetsi dituzte. «Gai hain konnotatuaren ingurukoa izan denez deialdia, era literalean jorratu duten artisten lanak baino, nahiago izan dugu aukeratzea pandemiaren aldeak era poetikoan edo konplexutasun formaletik landu dituztenen proiektuak».

Erakusketa osatzen duten artelanak askotariko euskarrietan emandako lekukotzak dira: besteak beste, argazkiak, eskulturak, marrazkiak, dioramak edota bideoak hartzen dituzte aretoek, are horma egunkari bat ere, pinturak eta testuak uztartzen dituena. Kasu bakoitzean, ordea, «ikusleari egindako deia» dago, Arriolak dioenez. «Mota ezberdinetako obrak daude: arreta gehiago edo gutxiago eskatzen diote ikusleari; obrara hurreratzerakoan arintasun gehiago edo gutxiago, baina 25 proiektuek deitzen diote, nolabait». Hortik abiatuta, ikuslearen esku dago «dei hori nola hartzen duen», komisarioaren hitzetan: «Ez dakit ikuslearen aldetiko erantzunak aktiboa izan behar duen, baina disfrutatzeko konpromisoa behintzat eskatzen da, edo artearekiko zabalkuntza».

Lau egoitzatan antolatuta

Erakusketa aurreikustean, ez zuten lau gunetan sakabanatzeko asmorik. Proposamenak heldu zitzaizkienean otu zitzaien ideia, eta lan hautatuek baldintzatu zuten orobat aretoak zeintzuk izango ziren. «Udalak kudeatzen dituen guneen artean erabaki behar genuen, baina aukera asko zeuden; lanek eta lanen artean sortzen ziren erlazioek eskatu dute kasik gune hauek okupatzea», nabarmendu du komisarioak. Azkenean, Zabalkunde eraikina, Abandoko udaltegia, Euskal Museoa eta Mariaren Bihotza plazako aztarnategia hautatu dituzte, eta kontzeptu nagusi baten inguruan batu dituzte areto bakoitzeko obrak: hurrenez hurren, hiria, gorputza, etxea eta aztarna.

Zabalkunde eraikineko artelanek «era askotan iradokitzen dute hiria»: hala nola Taxio Ardanazen, Helena Goñiren eta Beatriz Sanchezen sorkuntzek hiria agertzen dute, «zentzu arkitektonikoan, baina baita elkartrukeen gune bezala ere», Arriolaren arabera. «Merkatua da, eta uste dugu lan hauek dimentsio ekonomiko hori azpimarratzen dutela». Truke pertsonalak egiten diren gune gisa ere irudikatzen dute lanok merkatua, komisarioaren iritziz.

Abandoko udaltegian, gorputzaren inguruko lanak pilatu dituzte: besteak beste, Jone Elorriagaren eta Pablo Marteren artelanak. «Areto konbentzionala da, dotorea, baina badu berezitasun bat: toki oso altua da, eta beirateak ditu goian. Haietan, bi gorputz daude irudikatuta, eta horien eta lanen artean elkarrizketa bat ezartzen da». Tokiak eta lan berriek bat egiten dute, halaber, Euskal Museoan. «Artista batzuek aurkezten dituzten materialek, formalki, badute lotura museoaren bilduma propioarekin: nolabaiteko erresonantziak daude haien artean». Esaterako, oihalez egindako lan batzuk daude han, eta, gertu, museoko ehun bilduma propioa dute. Komisarioak uste du «elkarrizketa produktiboak» sortzen direla elementuon artean.

Azken lekuak, aztarnategiak, lotura «literalagoa» du gaiarekin; aztarnarekin, alegia. Halere, agerikotik harago doaz pieza batzuen esanahiak. Izan ere, Maria Ibarretxe eta Ismael Iglesiasen lanetan, adibidez, «distopia, antimonumentalitatea, prekaritatea eta hauskortasuna» irudikatzen dira, besteak beste. Hala, askotariko loturak erdietsi dira erabili dituzten antolamendu irizpideei esker. «Nabarmentzekoak dira ez bakarrik lanen artean sortzen diren guneak, baita obra talde bakoitzaren eta gunearen artean sortzen direnak ere», azpimarratu du Arriolak.

Arnasa hartzeko akuilua

Erakusketa osatzen duten obrak arnasa hartzeko saiakerak dira, izenburuak adierazten duenez. Aintzat hartuta artelanek pandemia dutela hizpide nola edo hala, eta artearen sektorea hilabeteotako egoeraren kaltetu behinenetariko bat dela, ondoriozta daiteke koiunturak eragindako ezinegona baretzeko deiak edo baliabideak direla 25 lagin horiek. Alabaina, komisarioaren hitzei erreparatuta, egoera ez zaie batere ezohikoa sortzaileei: «Artistak beti daude krisialdian, pandemia aurretik ere bai. Arlo honek oso ondo ezagutzen ditu prekaritate soziala eta laborala».

Horiek horrela, betiko inspirazioak dira, gaurkotuak beharbada. «Ez dakit arnasketa saiakerak lasaitasunari deitzeko diren, edo aurrera egiteko bultzadak. Artearekin batera datorren krisia, artistak egunero-egunero bere bizitza osoan kudeatu behar duen krisia hor egongo da baita pandemia bukatzen denean ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskal emakume artisten dokumentazio zentroak atzo ireki zituen ateak Artium museoan. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikusarazteko bilgunea

Edurne Begiristain

Artium museoak euskal emakume artisten dokumentazio zentroa sortu du. Emakume artisten ondare bibliografiko eta dokumentalaren erakuslehio bat da
Itxaro Borda, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkizia, atzo, Tabakalerako patioko ekitaldian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Lekeitio bat Tabakaleran

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Itxaro Bordak, Xabier Erkiziak eta Maialen Lujanbiok hasi dituzte 'Hizketaldi Handia: Non dago Lekeitio?' jardunaldiak, Donostian, Mikel Laboaren 'Lekeitioak' ardatz hartuta.
Dan Feit pintore eta muralgilea, atzo, Donostiako Okendo kultur etxean ikusgai jarritako lan baten aurrean. ©M. ANDRES / FOKU

Euskal paisaia birziklatuaren kolore-testurak

Itziar Ugarte Irizar

Dan Feit pintore eta muralgileak azken urtean Euskal Herrian eta, batik bat, konfinamenduan landutako obra jarri du ikusgai Donostian
Pablo Agueroren <em>Akelarre</em> filmak du sarietarako izendapen gehien, bederatzi guztira. Irudian, fotograma bat. ©BERRIA

'Ane' eta 'Akelarre' filmak, Goya sariren bat lortzeko euskal hautagaien artean

Erredakzioa

Gaur banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak bere garaikurrak, eta hainbat euskal ekoizpen daude kategoria ezberdinetan izendatuta

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.