Balea baten sabela bezala

Katinka Bockek azken bost urteetan egindako lan bilduma ikusgai dago Artium museoan, 'Logbook' erakusketan. Albaola Itsas Kultur Faktoriarekin elkarlanean aritu da artista

Katinka Bock Segment with unknown radius obraren ondoan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Katinka Bockek (Frankfurt, Alemania, 1976) iazko otsailean bisitatu zuen aurreneko aldiz Gasteizko Artium museoa, mundua pandemia betean murgildu baino aste batzuk lehenago. Handik gutxira etorri ziren konfinamendua eta herrialdeen arteko mugen itxiera, baina artistaren eta museoaren arteko elkarlanak ez zuen etenik izan, eta uztailean bueltatu zen atzera Euskal Herrira, museoak eta Donostiako Tabakalerak elkarlanean bultzatutako Jai ikasketa programan irakasle gisa aritzeko. Bidaia horretan erein zuen Artiumek zabaldu berri duen Logbook (ontziko liburua) erakusketaren hazia.

Iazko udan egindako bidaia horretan, Bockek Pasai San Pedron (Gipuzkoa) dagoen Albaola Itsas Kultur Faktoria ezagutzeko aukera izan zuen. Itsasoko artisau teknologia berreskuratzeko lanek eta zurgintza-eskolak artistaren arreta piztu zuten, eta hari horretatik tiraka ezagutu zuen Ternuara joandako euskal baleontziei buruz Selma Huxley historialari ingelesak 1970eko hamarkadan egindako ikerketa bat ere. Hain justu, elementu horiek denek ardazten dute Bockek, Artium museoak eta Albaolak elkarrekin landu duten erakusketa.

Eskulturaren, arkitekturaren eta hizkuntzaren arteko etengabeko trukatzeak gorpuzten du eskultorearen ibilbidea, eta erakusketa ere horren isla da, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak azaldu duenez: «Bockek testuinguruarekin egiten du lan, bertako artisauekin, jendearekin edota merkatariekin elkarlanean. Haren proiektuak norbanakotik kolektibora doaz, eta espazioak, arteak eta praktika artistikoak eraldatzeko duen gaitasunaz egiten du hausnarketa». Artistak azken bost urteetan egindako lan sorta bat da Logbook erakusketa. Artiumen ikusgai dauden artelan horietako batzuk, gainera, erakusketarako propio egin dira.

Bocken lanetan, espazioak garrantzi handia dauka. Artelanak txertatu egiten diren lekuak aldatzen ditu artistak, ateak, leihoak edo tunelak irekiz, edo lan horietara hurbiltzen denaren pertzepzioa aldatzen duten elementu berriak gehituz. Bockek Artium museoaren sotoan dagoen erakusketa espazioa ezagutu zuenean, «bitxia eta anonimoa» iruditu zitzaion, kanporako ikuspegirik gabekoa, eta lurpeko espazio hura eraldatzea erabaki zuen: aretoko hormetan irekidura zabalak eginarazi zituen, panelen eta saihets hezurren barne egitura agerian utziz, espazioak elkarrekin lotuz eta erakusketa ikusteko modua erabat aldatuz. Hala, orain arte estalita zeuden tamaina handiko leiho borobilak irekita daude orain: aretoa argi naturalez bete da, eta museoaren kanpoaldetik artelanak ikusteko aukera dago. Bockek azaldu du museoa «gune ireki bat» bilakatu nahi izan duela, arkitekturak pertsonengan eta obrengan eragina duelako: «Kanpokoa barrukoarekin konektatu nahi izan dut, eta baita alderantziz ere».

Artisauekin elkarlanean

Artistaren ekoizpena, askotan, lan prozesu baten emaitza da, non «arrazionalak» eta «ezustekoak» bat egiten duten. Horixe ispilatzen du erakusketak, Herraezek azaldu duenez: «Balearen sabela bezalakoa den museo bat marrazten du, dena aprobetxatzen baita, eta bertan pilatzen dira Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak loretan».

Hain justu, erakusketan ikus daiteke Bocken eta Albaolako artisauen arteko elkarlanetik eta museoko espaziotik sortutako pieza bat: Segment With Unknown Radius. Ontzigintzan erabilitako haritz zurezko pieza okertu bat da. Zortzi metro luze du. Balea baten saihetsa dirudi, eta museoaren bi areto banatzen dituen horma baten zulo karratu batek zeharkatzen du, alderik alde. Zetazeo baten barrualdearen eta lurpeko museo baten espazioaren artean dauden analogiak biltzen ditu artelanak. Baina hortik harago jotzeko asmoa ere badu Bockek piezarekin: «Albaolan ikusi nuen zuhaitzak modu jakin batean landatzen dituztela, gerora zurak ontzien forma izan dezan. Okertzea, moztea, mugatzea, behartzea... ontziak egiteko ekintzak dira, baina baita zuzenketa sozialak ere».

Confusions Possiblesizena du beste artelan batek, eta haren ekoizpenean ere artisauekin aritu da elkarlanean. Obra horretarako, errementari batek eta jostun batek praka erdia, soineko erdia eta kobrezko hiru pieza (zapata bat, koilara bat eta kasko erdia) egin dituzte. Pieza horiei falta zaizkien beste zati erdiak Parisen ekoiztu ditu artistak, eta guztiak osotasun gisa elkartu eta aurkeztu dira museoan. Bocken lana laburbiltzen dute piezek, Herraezek nabarmendu duenez: «Elkarrizketaren bidez egiten du lan, eta artisautzaren eta eskuz egindako lanaren balioa lehen mailara ekartzen du».

Selma zeramikazko bustoak ere lotura hori islatu nahi du. Historialariaren izena daraman artelana artistak berak ekoitzi du, museoaren eta Albaolaren arteko elkarlana islatzeko. Selma Huxley iazko maiatzaren 4an zendu zen, eta haren omenezkoa da bustoa. Artiumen ikusgai dago orain, aretoaren habe batetik zintzilikaturik, baina artistaren asmoa da Itsas Kultur Faktoriari ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.