Elkarrekin amesteko ordua

Giro onirikoa eta surrealismo kutsu bat ageri dute Marta Marugan eta Ramon Zuriarrain pintoreen margolanek. Ekain galerian batera erakutsi dituzte formatu ezberdinetako obrak

Marta Marugan Mediterraneoko paisaia baten aurrean, eta Ramon Zuriarrain doble ikusteari buruzko margolanaren ondoan. JON URBE / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharreko Ekain arte galeriak hiriko bi margolari elkartu ditu erakusketa bakarrean: Marta Marugan (1964) eta Ramon Zuriarrain (1948). Martxoko azken larunbatean bi pintoreek artezaleei harrera egin, eta haiekin solasean jardun zuten. Haboro zabalik izango da erakusketa ekainaren 19ra arte.

Amets giro kolorezkoek eta surrealismo kutsuak bat egiten dute Maruganen eta Zuriarrainen margolanetan. Biek ala biek obra ugari eta ezberdinak ekarri dituzte formaz, teknikaz, asmoz, baina Rita Unzurrunzaga galeristak egoki kokatu eta konbinatu ditu aretoan. «Zuriarrain ezaguna da Donostian; Marugan ez, ordea, munduan barrena ibilitakoa baita, eta gaur egun Bartzelonan lan egiten du. Zuriarrainek aurkeztu zidan Marugan, eta ohartu nintzen bien koadroek ondo emango zutela bata bestearen aldamenean». Tartekatuta daude tamaina handiko eta ertaineko koadroak, eta multzokatuta txikiak. «Bien kolore biziak eta tonu onirikoak apropos datoz».

Bartzelonatik etorri berri

Galeriako sarreran, aurrez aurre, Maruganen Kongo ibaia margolan handi eta bertikalarekin topo egingo du han sartzen denak. «Eszena asko ikusiko dituzue astiro begiratuz gero», esan zuen Maruganek aurkezpenaren egunean. «Joseph Conrad, Ryszard Kapuscinski edo Javier Reverte idazleen kontakizunak irakurri dituena berehala ohartuko da Afrika kontinentea pintatzen aritu naizela». Goialdean emakume maskaradun bat ageri da nabarmen, ahoa tapaturik; beherago, ibaia eta landaredia, kanoak eta uraren islak, Tanzaniako eta Ruandako hotsak, bi pertsona berriketan, diamante zuri bat...

«Bat-batean so eginez gero, ezkutuan bezala egoten dira nire koadroetako formak eta eszenak», azaldu zuen Maruganek. «Begiak pixkanaka deskubritu ditzan nahi nuke, behako bakoitzean zerbait gehiago ikusteko aukera izan dadin, beste detaile bati erreparatzeko, eta kontakizunak iraun dezan denboran».

Hiru koadro handi, bost ertain eta hamar txiki erakutsi ditu Maruganek. Abstrakzio koloretsuak eta argiak dira gehienak, baina figurazioak salto egiten du aldian behin. «Landareak, itsasoa, hodeiak..., hazten ari diren gauzak agertzen zaizkit eskura, edo Mediterraneoko paisaia hori, edo egun amaierako tonu haiek».

Konfinamendu garaian etxean lan egin du, eta horregatik dira koadro berrienak txikiagoak. «Isiltasun barnekoi bat antzemango duzue agian».

Obra grafikoa ere ekarri du: litografiak eta xilografiak, paper mota diferentetan landuak. «Eta hemen ikusten dituzuen pieza lauki txiki-txiki hauek, berriz, imana dute atzealdean. Berrehun baino gehiago dauzkat, baina 80 bat ekarri ditut hona; eros daitezke solte, bi edo bederatzi, eta norberak gustuko duen eran ipin ditzake gaur, eta bihar aldatu».

Ekain galeriaren webgunean artelanak erosteko aukera abiatu dute aurten bertan.

Erretratuak eta oihalak

Ramon Zuriarrain umore oneko azaldu zen galerian, eskaileretan behera, eskuan orri oso handi bat zekarrela. Orrian erretratu txiki sail batzuk erakutsi zituen: «Munduko herrialde ezberdinetako agintari politikoei trukatu egin dizkiet orrazkerak eta jantziak, batarena besteari jarrita. Jolas dibertigarria da: telefonoan begiratzen ditut argazkiak, eta azkar margotu». Izan ere, aldian behin erretratuak egitea maite du. Iazko azaroan liburu bat argitaratu zuen bere kabuz: Ez arte ez parte. Beste artearen historia. Koaderno zabal bateko orrialde ez-pareetan 38 pintore eta eskultoreren erretratu ironikoak eta umoretsuak margotu zituen, eta liburuan inprimatuta dauzka orain. «Ohartuko zarete joko handia ematen dutela», esan zuen, «jolasean ibiltzen naiz haien aurpegiekin eta gorpuzkerekin, baita izen-deiturekin ere. Hemen daude Arteta, Regoyos, Van Gogh, Gauguin, Pissarro, Picasso, Bacon, Hockney, Kahlo, Rivera... Begira! Originalekin oso fidel geratu dira liburuan; ez esan ez dela opari polit bat».

Zuriarrain Durangoko Arte eta Historia Museoan erakusketa handi bat amaitu berritan da orain Donostian. Bi oihal handi, lau ertain, hiru txiki eta zortzi akuarela paratu ditu.

Salaren erdi-erdian nabarmen ageri da oihal handietako bat. «Doble ikustearen sentipena margotu nahi nuen, eta mozkortuta ikusi izandakoa tentuz pintatu. Bikoiztuta daude giza buruak; kolore biziz margo konbinazioak». Hiru atal ditu konposizioak, itsas giroko osagaiekin: ontzia, faroa, portua, ura. «Zorabio moduko bat eta doble ikustea, sentipen bereziak dira».

Aldameneko paretan dago beste oihal handia. Urdinak nagusi, berde distiratsuez markatuta. Abstrakzioa eta figurazioa, bietatik: atzean, itsasoa eta ortzi muga; aurrean, irudi organiko moduko bat, eta erdian, horma. «Traba egiten ari da. Hori zen asmoa: angustia eta itolarria sortzea, kontrastea eginez paisaia zabalean oztopo gotor batekin».

Margolan txiki guztiz figuratibo batez mintzatu zen azkenik. Arboladi bat da, erdian bide luze bat ageri dela. Arbolek gizakien itzalak egiten dituzte lurrean, baina gizaki biluziak ez du itzalik batere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.