Albistea entzun

2045eko gizakien larruan

Etorkizuneko nomaden kanpamentu bat irudikatu dute EHUko Arte Ederren Fakultatean. Instalazioa ostiralera arte ikusi ahal izango da, eta lantegi bat egingo dute azken egunean
Nomaden kanpalekuan ugariak dirak landareak eta barazkiak: egoera klimatikoak bultzatuta, haien laginak lantzen dituzte.
Nomaden kanpalekuan ugariak dirak landareak eta barazkiak: egoera klimatikoak bultzatuta, haien laginak lantzen dituzte. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko apirilak 28 - Leioa

Kartoizko xafla batek estaltzen du aretoko atea. Hori zeharkatu, eta pasabide bat dator hurrena, plastiko zeharrargiek mugatutako igarobide estu bat, non bat-batean argia nabarmenki apaltzen den. Hornidurak oraindik eraikitzeko dagoen gune baten antza ematen dio tokiari, edo, irudimena erabiltzekotan, badu larrialdi eremu baten tankera ere, ikus-entzunezkoetan sarri agertzen diren agertokien traza.

Hain zuzen, biak ala biak uztartzen ditu 2045eko apirila: mugaz gaindiko kanpamentua instalazioak: egoera klimatikoak okerrera egin du, eta estualdi ekologiko batean girotuta dago erakusketa. Halaber, nomada batzuen kanpalekua irudikatzen du; hortaz, badu, osatu gabeko eremuaren eitea ez ezik, osatzera helduko ez denarena ere. Leioako (Bizkaia) EHUko Arte Ederren Fakultateko I. eraikineko erakusketa aretoan bisitatu ahal izango da, ostiralera bitarte.

Fakultateko Espekulazio Taldeak eta Tipi enpresak elkarlanean garatu dute proiektua, eta, funtsean, aurreikuspen ariketa bat da: hemendik hogei urtera munduan biziko den egoeraren inguruko kontakizuna —Arrate Hidalgo idazle, itzultzaile eta zientzia fikzioan adituarekin batera ondutakoa—, eta haren gauzatzea —Klari Moreno artistarekin batera landutakoa—. Klima larrialdiaren ondorioz sortutako ogibide batetik begiratu diote etorkizunari: mugaz gaindiko nomaden begietatik, zehazki.

Hondakinen kudeaketa jasanezinak ugaritu egin ditu gizatalde horiek. Talde espezializatuak dira, Tipi enpresako kide Ane Rodriguezek aletu duenez: batzuek tokian tokiko lurzorua berreskuratzeko egiten dute lan; beste batzuek airea filtratu, eta haren kalitatea hobetzen dute, eta badaude zaharkitutako azpiegiturak desegiten dihardutenak ere. Edonola ere, beren jarduerek oihartzuna eman diete mundu osoan, baita mugak libreki zeharkatzeko pribilegioa ere, mundua toki are arriskutsuagoa bilakatu baita, besteak beste, tenperaturaren igoerak urtutako permafrostean gordeak zeuden gas toxikoen erruz. Rodriguezek dioenez, mugaz gaindiko nomadak «instalatzen diren tokietako jendearekin ondasunak eta zerbitzuak trukatzetik bizi dira, eta birziklatzen eta hondakinak, energia eta ezagutzak optimizatzen egiten dute lan».

Talde horietako batek okupatu du fakultateko erakusketa aretoa: lanerako janzki bereziak paratu dituzte beren behin-behineko bizitokian, baita landareen lagin mordoxka eta horiek lantzeko laborategi umil bat ere. Instalazioak duen kutsu distopikoa gorabehera, ordea, etorkizunaz egin ohi den irakurketa horretatik urrundu nahi izan dutela dio Ane Abarrategi Tipiko kideak; etorkizun «lineala eta hazkundean oinarritutakoa» planteatu ordez, «elkarlanean sustatutako kontakizunak egiteko moduak» bilatzea baitzen asmoa. «Esperimentu bat da: artearen lengoaiak ezinbestekoak baitira kontatu ahal izateko».

Kontakizun honek, zehazki, lau ideia ditu oinarrian, Abarrategik azaldu duenez: «Irudi distopiko eta utopikoetatik urruntzea, onetik eta txarretik izan dezan; hautsitako etorkizun bat irudikatzea, ez dena ez perfektua, ez garbia, ezta erabat teknologikoa ere; etorkizun mundutar bat islatzea, nola jango duten irudikatuz, adibidez; eta hori iraganarekin bat eginda erakustea».

Batera espekulatzea

Egoera klimatikoaz gain, 2045eko beste hainbat ezaugarriren berri ere ematen dute instalazioaren atarian jarri dituzten eskuorriek. Jakinarazten dute, esaterako, garai horretan egoera demografikoa muturrera heldu dela, eta arrek eta zaharrek umeak sortzeko gaitasuna bereganatu behar izan dutela, teknologiaren bitartez. Era berean, politika ere eraberritu da: nomaden kanpalekuan barreiatuta dagoen hauteskunde propagandak gizon baten, emakume baten eta haur baten aurpegien plano oso gertukoak agertzen ditu, Bizi estilo osasuntsu alderdiari botoa emateko eskaerarekin. Dena dela, Rodriguezek dio alderdi tradizionalak indargabetu egin direla, vlogger-en mesedetan.

Gizarteko hainbat ertzez espekulatu dute dagoeneko, baina 2045eko koadroa gehiago ñabartzeko asmoa dute oraindik. Horretarako, ostiralerako lantegi bat antolatu dute fakultatean, etor litekeenaz eztabaidatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Rockaren suak piztuta dirau

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.
Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute
Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...