Albistea entzun

Amaren eskuekin

Amak taldeak lehendabiziko diskoa plazaratu du, Baga Biga etxearekin. Bergarako Seminarixoan izan da diskoaren aurkezpen kantaldia. Ekainerako sei emanaldi iragarri dituzte Gipuzkoan
GORKA RUBIO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko ekainak 3 - Donostia

Zortzi kantuko diskoa eta Gona gorria bideo klipa aurkeztu ditu Amak taldeak. Lau trikitilari eta pandero jotzailek osatutako taldea da: Alaitz Telletxea Tolosa, Maixa Lizarribar Saizar, Amaia Oreja Unanue eta Kris Solano Maiza. Oso ezagunak egin ziren 1990eko hamarkadan, triki-poparen loraldia izan zen garaian. Hamabost urteko ibilbidea egindako Alaitz eta Maider bikoteko kidea izan zen Telletxea. 1.100 emanaldi baino gehiago eskaini zituen Maixa eta Ixiar bikotekoa zen Lizarribar. Kristina eta Amaia bikotea ziren Solano eta Oreja, baita ere ondoren M-en Ezten taldea.

Oholtzetatik aparte egon diren sasoian ere musika munduari lotuta segitu dute beti, irakasle lanetan edo musika dendan. Eta 2018ko Oñatiko (Gipuzkoa) trikiti jaialdiko emanaldi batean lau pieza jotzeko batu zituztenez gero, elkarrekin gustura sentiturik, 2019an talde berria egin zuten. «Gu lauron izenen aurreneko hizkiez eratutako izena da Amak: Alaitz, Maixa, Amaia, Kris», argitu du Telletxeak, «eta amak ere bagarenez, iruditu zitzaigun oso egokia dela. Gure hasierako helburua ondo pasatzea da. Elkartzeko eta entseguetarako batzuetan ez zaigu erraza egiten; lanordu ezberdinak ditugunez, asteburuak bakarrik geratzen zaizkigu. Baina moldatzen gara».

Iaz hogei kontzertu egin zituzten beraien kantuez nahiz besteren abestien bertsioez, harik eta Baga Biga etxeak diskoa egitea proposatu dien arte. «Gure kanta propioak ontzeko aukera sortu da, eta hau da gure alaba. Oso melodikoa da doinuz: kalejira, balsa, arin-arina, trikitia, zortzikoa, baladak... Eta, gaien aldetik, emakumea du ardatz».

Lau pandero, lau trikiti eta lau ahots batera; hori da, funtsean, Amak taldea oholtzan. «Xabi Solanoren estudioan grabaketa lanetan murgildu garenean, ordea, asko jantzi da soinua». Aurtengo martxoan eta apirilean grabatu dute Hernanin (Gipuzkoa), lau musikariren parte hartzearekin: Arkaitz Miner (harizko tresnak), Txus Aranburu (teklatuak), Zigor Dz (samplerra) eta Arkaitz Bastarrika (baxua). «Zorte handikoak gara, jende zoragarria batu baitzaigu lanerako. Eta etxean bezala sentitu gara Xabirekin grabatzen, Anttoni Records estudioan».

Zortzi abestietatik zazpi eurek sortutakoak dira, eta bat da jatorri ezezagunekoa (Egiaren arnasa). Hitzez den bezainbatean, hiru idatzi dituzte beraiek, Olaran elkarteak bat, Karmele Jaiok bi, eta Onintza Enbeitak beste bi.

Kantuak banan-banan

Atsolorra izena du diskoko lehen kantuak. «Ereñotzu auzunean festa zahar bat errekuperatu dute duela gutxi. Erditu berriari egiten zaion bisita da atsolorra. Honen berri jakindakoan egin dugu doinua, kalejira erritmoarekin, gure melodia itsaskor bati tiraka». Enbeitarenak dira hitzak: «Ume negarrek esnatu dute samalda/ Jaio berria eusteko zain dago aldra».

Luzaroan da bigarren pieza, bals bat. Amodiozko kantua da, aitorpen bat.

Gona gorria da hirugarrena. Gona janzteagatik Bilbon mutiko batek jasandakoen ondoren, hari babesa ematearren, Oñatin gonak jantzi zituzten mutilek. «Hortik sortua da abestia, eta 'gona gorria/ sexu guztiek jantzia' kantatzen dugu». Bideo klipa ere egin dute abesti honekin. Izaro Telletxeak eta Oier Labordek dantza egiten dute, eta Goretti Aranburuk koadro bat margotzen du esku hutsez. Arkaitz Sukuntzak, Mikel Fernandezek eta Ane Pescadorrek filmatu eta muntatu dute.

Arin-arin bat da laugarrena: Erabil nazazu. Euskarari eskainitakoa da. Bosgarrenak Jaioren hitzak ditu: Bai, ama. «Balada bat da, gure ama guztiei buruzkoa. Kantu goxoa eta sentibera».

Amorra zaitez izena du seigarrenak, eta trikitia da erritmoz. «Enbeitari eskatu genizkion hitzak. Dena ez baita poza eta irribarrea, horrela amaitzen da: 'Amorruzkoa denean/ barruaren zirrara/ zertarako ezkutatu/ gugandik sortzen bada?'».

Zazpigarrena da Zure izena: zortziko bat, baserriko emakumeari eskainia. «Urteetan lanean aritu den emakumeaz ari gara, baztertua batzuetan, ahaztua bestetan». Hitzak Jaiorenak dira.

1936ko gerrari buruzko kantu batekin bukatzen da diskoa: Egiaren arnasa. Olaran elkarteak idatzitako hitzek halaxe diote pasarte batean: «Fusilatuok biok Bujanda eta Lasa/ eta berpiztu nahi deu hemen zuen arnasa». Balada bat da. «Lauki formako pandero mota bat da peñaparda. Horren erritmoan kantatzen dugu. Instrumentazio gutxien duen pieza da».

Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen arabera, «euskal folkaren eta ahots polifonikoen melodietarako zaletasuna du grabitate zentroa disko honek».

Datozen kontzertuak

Bergarako Seminarixoan egin zuten diskoaren lehen aurkezpen kantaldia, joan den maiatzaren 15ean. Eta jadanik iragarri dituzte hurrengoak: sei emanaldi ekainean Gipuzkoan; Aiako probalekuan hilaren 5ean, Urnietako Sarobe aretoan 12an, Errezilen 13an, Zumarragan 19an, Arrasaten 20an eta Orion 22an.

Uztail hasieratik aurrerako emanaldiak pixkanaka hitzematen ari dira: Usurbil, Andoain, Ermua, Larrabetzu, Aduna, Berrobi, Elizondo, Irurtzun edo Bilbo. Egutegia zehatz eguneratuta egongo da, asteak joan ahala, amaktaldea.eus webgunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.