Esperimentaziorako espazioa

Ezohiko materialak eta teknikak erabiltzen dituzten artistak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak 'Asmamenaren ildoa' erakusketan. Otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai

Bisitari bi Guggenheim museoan, Alex Katz artistaren Irribarreak obra sortari begira. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Umorea, asmamena eta esperimentazioa. Hiru kontzeptu horien bueltan sortu du Lekha Hileman Waitoller arte arduradunak Asmamenaren ildoa erakusketa. Komisario gisa egiten duen aurreneko erakusketa da, eta, hori ontzeko, Bilboko Guggenheim museoko bildumako obretara eta epe luzeko maileguetara jo du. Hileman Waitollerren hitzetan, «prozesu ez-ortodoxoak, gizakia irudikatzeko forma ezohikoak eta teknika moldatuak» ageri dira bertan.

Erakusketa osatzeko, hainbat belaunalditako artisten lanak bildu ditu komisarioak: «Beste testuinguru batean, agian, ezingo nituzke obra hauek guztiak elkarren alboan jarri, baina, erakusketa honi esker, elkarren artean guztiz desberdinak diren obrak elkarrizketa bat izaten ari dira». Gaika antolatuta, hiru aretotan banatuta dago erakusketa, eta otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketara sartu, eta bisitariak topo egingo du, batetik, artistaren estudioko ohiko testuingurutik kanpo sortutako obrekin, eta, bestetik, ezohiko prozesu artistikoekin. Obra horietako batzuek «ustekabeko» espazio bat hartzen dute. Horren adibide da, kasurako, Cristina Iglesiasen Titulurik gabea (Alabastrozko gela) obra. Bertan, alabastrozko xaflak sabaitik zintzilikaturik daude.

Alyson Shotzen Gogoeta-objektua, berriz, aluminio zulatuzko pieza ugariz osatuta dago, eta horiek altzairuzko uztaiez lotuta daude elkarren artean. Urrutitik begiratuz gero, objektuak eskultura astun eta handi bat ematen du , baina gerturatzerakoan, materiala zein malgua den ikus daiteke. «Izatez, bi dimentsioko obra bat da, baina sabaitik zintzilikatzerakoan hiru dimentsioak hartzen ditu», azaldu du komisarioak.

Yoko Onok egindako Hichiko Happo obra da areto horretako «adibiderik bereziena», komisarioaren hitzetan. 2014an Guggenheimen bertan egindako performance saio batean sortu zuen Onok obra hori. Bederatzi mihisek osatzen dute, eta zazpi zori eta zortzi altxor esaldia margotu zuen bertan artistak japonieraz, sumi tinta beltza erabiliz. Tinta tantaka zabaldu zuen mihise bakoitzaren gainean. «Alde horretatik, bi alderdi garrantzitsuk bat egiten dutela esan daiteke: performanceak eta arte plastikoek».

Material arrunten etengabeko mugimendua irudikatzen du, bestalde, Peter Fischli eta David Weissen Gauzen norabidea piezak. Besteak beste, su festak, gurpilak eta globoak agertzen dira bertan. Hutsegiteen segida bat da ikus-entzunezkoa, eta bertan agertzen dira islatuta erorikoak, eztanda txikiak... «Azken finean, etenik ez duen kaos kontrolatu bat sortu nahi da». Hain zuzen ere, ikus-entzunezko horri esker hasi zen erakusketa prestatzen Hileman Waitoller: «Bideoa ikusi ondoren, esperimentatzeko modu ugari daudela konturatu nintzen». Horiez gainera, Jenny Holzer artistaren hiru objektu ere badaude.

Obra figuratiboen sorta

Bigarren aretora sartzearekin batera, Antonio Sauraren Karl-Johan Strasse II obrarekin egingo du topo bisitariak. Gorputzik gabeko buruak dira obra horretako protagonista nagusiak. Izan ere, areto horrek erakusten du, obra figuratiboen bitartez, formaren gaiari heltzeko askotariko moduak dituela artista bakoitzak. Era horretara, agerian geratzen da figurazioari heltzeko hainbat modu daudela, irudikapenaren azpian dagoen esperimentazio formala eta kontzeptuala ezagutaraziz. Obra horretaz gainera, artistaren beste hiru lan ere ikus daitezke.

Erakusketako beste obra bereizgarri bat Georg Baselitzen Lenin andrea eta urretxindorra da. Aretoan bertan, obra hori osatzen duten hamasei mihisetatik lau daude ikusgai. «Baselitzek nahita jartzen zituen pertsonaiak buruz behera, narrazioari horrenbesteko garrantzirik eman ez diezaion ikusleak». Mihise horietako bi kolore biziz margotuak daude, eta gainerako biak, zuri beltzean.

Alex Katzen Irribarreak saileko sei mihise ere badaude areto horretan. Emakume irribarretsuen pintura sorta bat da, eta kolore lauekin egindako erretratuak dira nagusi, «baina oso deskribatzaileak dira».

Abstrakzioa nagusi

Azkeneko aretoak askotariko artisten obra abstraktuak biltzen ditu. Bertan agertzen diren piezen bitartez, behatzailea gonbidatzen da materialen eta metodoen inguruan artistek egindako hautaketari buruzko gogoeta egitera.

Kasurako, Julian Schnabel 1979an hasi zen plater apurtuen pintura bereizgarriak egiten. Artistak Bartzelonara egindako bisita batetik sortuak dira haren obrak, Antonio Gaudi arkitekto katalanak egindako mosaikoak oinarri hartuta. Erakusketan ikusgai dagoen Espainia obran, esaterako, Schnabelek pinturara eraman zuen mosaikoaren gainazala. «Plater eta katilu apurtuak dira nagusi oliozko gainazalaren gainean, eta horrek eten egiten du pinturaren planoa».

Bestalde, hedabideek narratiba garaikidean betetzen duten lana agertzen du Erlea Manerosek Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961-1967 artelanean. Kobrezko 39 xaflaren bitartez, erreprodukzio prozesu mekanikoa erakustea da artistaren helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.