Garaituen haurren erbestea

1937an Santurtzitik Erresuma Batura joandako umeen erbestea da Adriano de Mataren lehen eleberriaren abiapuntua: 'Sanrokeetarako, etxean'. Hiru haur dira protagonistak

Adriano de Mata idazleak 1936ko gerraren ondorioz erbestera jo zuten haurrak hartu ditu ardatz bere lehen nobelan: Sanrokeetarako, etxean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
80 eta 90 urte izanagatik ere, oraindik negar egiten dute amaren malkoak gogoratzean. 800 lagunentzako lekua zeukan Habana lurrunontziak, baina ia 4.000 ume eraman zituen Ingalaterrara 1937ko maiatzean, Santurtziko (Bizkaia) portutik. Hura izan zen ume haietako askorentzat gurasoak ikusi zituzten azkenengo aldia. Itsasontzi hartan izan zirenen bizipenak hartu ditu oinarritzat Adriano de Matak bere lehen eleberrian: Sanrokeetarako, etxean (Txalaparta).

Hiru haur dira istorioaren abiapuntua. Garaiko baikortasunaren ispilu, ume hauek uste dute hiru hilabetean amaituko direla arazoak, eta etxean egongo direla sanrokeetarako. De Matak erbestera joandako ume horien munduaren ikuskera xalo eta inozentea erakutsi nahi izan du. Nola hartu zituen Ingalaterrak, eta zelako zirrara izan zuten portua jendez gainezka egiten ikustean, apaingarriz beteta, «urtebetetze baterako balitz bezala».

Hasierako emozio horiez gain, haien mina eta samina ere landu ditu. Umeen bakardadea eta sufrimendua. Gogorrak egin zaizkio pasarte horiek, eta esan du ezin izan dituela segidan idatzi.

Haurren bizipenak tartekatzekopertsonaien inguruko helduen ahotsak sartu ditu. Balio izan diote munduaren berri emateko irakurleari ere, umeen begiek ez baitute testuingurua bere osotasunean harrapatzen.De Matak kontatzen du ume horietako batzuek maletak eta neba-arrebak galdu zituztela itsasontzian bertan. Ingalaterrak ilusioz hartu zituela hasieran, baina anglosaxoien sinpatiak behera egin zuela garaiak zailtzean. Hasieran, bertako egunkari guztiek ematen zuten egunez egun albistea. Gaiak agendan asteak iraun bazituen ere, arin desagertu zen, 1936ko gerra luzatu ahala, eta amaiera gero eta urrunago ikustean.

Errepublikak gerra irabazi, eta gurasoengana itzuliko zirela uste zuten umeek, baina askok urteak eman zituzten erbestean. XX. mende hasierako Bilbo aldeko meatzeetako umeak ziren gehienak, sozialisten, komunisten eta errepublikanoen seme-alabak.

Ezezagutzak bultzatu zuen De Mata. Eskolan 1936ko gerrari buruz ezer gutxi irakatsi ziotelakoan, bere kontura ikasi ditu garaiaren nondik norakoak. Nobela bederatzi urteko lanaren emaitza da. Duela ia hamarkada bat hasi zuen ikerketa, baina azken urte bietan egin du lan gehiena. Eleberria birritan idatzi behar izan duela aipatu du, lehen aldiz amaitu eta gero konturatu zelako dokumental baten antza zeukala. Berriz idatzi du eleberri formatuan. «Egiazko testigantzetan oinarrituta, dokumental kutsua kentzea eta fikzioa egitea izan da nire erronka».

Autoreak berak erbesteratutako umeei egindako elkarrizketetan oinarrituta daude istorioetako asko. Dokumentazio lan sakona eskatu dio proiektuak, eta Galesen eta Ingalaterran egin ditu elkarrizketa gehienak. Gainera, aipatu du informazioa eskuratzeko erraztasun gehiago izan dituela Erresuma Batuan Euskal Herrian baino.

Salbuespenik gabe, Habana Santurtziko portutik irten zen egun hori zeukaten buruan elkarrizketatu guztiek. Zorteko izan zirenek senideekin egin zuten bidaia, eta bakarrik ere joan ziren beste asko. 4.000 haur horietatik hainbatek erabaki zuten bizitza itsasoaren bestaldean egiten jarraitzea. Harrera herrian geratutakoak 250 inguru zirela azaldu du De Matak. Askori ugertu egin zitzaien espainola, ingelesez egitera ohituta. Euskaldun zirenen kasua ere gogorarazi du idazleak: Berangokoek (Bizkaia) eta Hernanikoek (Gipuzkoa) euskara ahaztu zutela kontatu baitu, urteetan inorekin egin barik egon zirelako.

Euskara, dokumentatuta

Kontaketa egiteko euskara batua erabili badu ere, De Matak hautu kontziente bat egin du elkarrizketetan pertsonaia bakoitzari bere hizkera propioa emateko, «1936ko gerran ez zegoelako euskara baturik». Batzuek bizkaieraz egiten dute, eta besteek nafarreraz. Sasoi hartako hizkerak erabiltzeko lana egin du, toponimoen aldaera zaharrak mantenduz eta modan zeuden neologismoak sartuz. «Garaiko prentsa begiratuta egindako hautuak dira».

Bilbon jaioa da De Mata, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Gasteizen, Heidelbergen (Alemania) eta Bartzelonan. Gaur egun, Montrealen ari da postari lanetan, Quebecen.

Halako liburuek memoria historikoa egiten laguntzen dutela azpimarratu du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak. Fusilamenduen eta errepresio fisikoaren aldean, askotan lantzen ez den memoria da erbestealdiena. «Ez dakit liburuak balioko duen gaia oroimenaren galeratik ateratzeko», esan du De Matak. «Pentsatuko dugu baietz».

Liburuaren hasieran, Pirminek, protagonistetako batek, galdetzen dio bere buruarizer izango zatekeen bere bizitza Errepublikak irabazi izan balu. «Londongo Royal Balleteko dantzari ez nintzateke izanen, hori ziur. Margaret inoiz ezagutu eta Mikel bezalako seme zoragarririk edukiko ez genukeela bezain ziurra».

Antzeko ideia bat errepikatu du De Matak liburuaren aurkezpenean. Galdera bera egiten dio bere buruari. Ea zelakoa litzatekeen bere euskara bere Bermeoko (Bizkaia) aitaitak hizkuntza transmititu izan balie seme-alabei, Francoren diktaduraren errepresioaren ondorioz gorde beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.