Zaharrekin zer egiten dugu?

Bonbon Beltz antzerki taldeak etzi estreinatuko du 'Gure xaharrak' txotxongilo antzerkia, Azkainen. Zaharren kudeaketan ikusten duten «sufrikarioak» bultzatu ditu gaia lantzera

Amaia Irazabal aktorea, Gure xaharrak antzezlaneko txotxongiloetako batekin. BONBON BELTZ.
Ainize Madariaga
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Adinetako jendeen egoitzak ez dirudi bereziki erakargarria. Zahartzaroaren atarira heldu den jende hori, egin ahala berandu arte etxean segitzea izan daiteke arrangura, zentro horietakoetara igorri gabe. Gizartearen gehiengoa dira adinekoak, eta baliteke kontsiderazioan izatea gakoa: izaki duin gisa artatzea, ala, aldiz, objektu gisa, artatzaileen ontasunaz bestalde. Izan ere, ez baitirudi gizatasuna eta errentagarritasuna eskuz esku doazenik. Arrangura horietatik abiatu da Maika Etxekopar antzezle, kantari eta taula zuzendaria Gure Xaharrak txotxongilo antzerki pieza osatzeko. Etzi estreinatuko dute pieza euskaraz, Azkainen (Lapurdi), 20:30ean, Kiroletako Saskibaloia gelan. Aurrez, frantsesez emango dute bihar.

Lekukotasunen xerka abiatu dira, eta benetako oinarri hori du piezak. Etxekopar: «Ohartu gaituzu hor bazela gizarte arazo bat: gure zaharrak ezartzen genituela egoitza zenbaitetan, ez baitakigu nola kudeatu adin handia eta dependentzia. Baina leku haietan guk sentitzen genizun bazela sufrikario zerbait: hor lanean ari zirenendako eta bizia hor hurrentzen zutenendako, eta ikertu nahi izan dizugu».

Hala, Urtxintxa Urdinak irudimenezko zahar etxean girotu dute obra. Artatzaileen eta egoiliarren arteko harremana landu dute, baina baita langileen artekoa ere. Tiran da egoitzako giroa: 50 urteak ospatzeko besta antolatzen ari baitira, baina aldi berean noiznahi ager dakieken osasun publikoko inspekzioaren barrandan. Ezin iritsiak edo lana nahi ez bezala egiteak dakarren frustrazioaren eraginez, «kolera» da pizten. Detailez beteriko egoera hori taula gaineratuz, gizarte osoa hunkitzen duen galdera luzatunahi du antzerki taldeak: «Gure zaharrekin zer egiten dugu?». Gaia landu nahi izan dute norbanakoaren baitan sartuz eta emozioak iratzarriz.

Adinekoen egoitza bateko langileen bizipenak bortz aktorek pertsonifikatuko dituzte: Maika Etxekoparrek, Battitt Haltzuetak, Bruno Hollemaertek, Ahlam Slamak eta Amaia Irazabalek. Eta frantsesezko bertsioan Helene Jacquelotek hartzen du Etxekoparren lekua.

Hau da bildutako zinezko kontakizunaren zatiño bat: «Ene aulki zulatuan jarririk, logelako atea zabal-zabalik, atorra zuriak pasatzen ikusiko ditut, beti presaka eta beti zainetan. Baita ere ene auzoa, bere ama ikustera etorria ondoko gelara, eta ahalgeturik esku keinu soila egin eta burua itzuliko du laster. Hitz egin nahiko nion».

Zorteaz mintzo da, duinki zahartzeko zortea behar bide delako. Bonbon Beltz antzerki taldeak benetako lekukotzetara jo du, pertsonaia bakoitzaren «barne borroka» kontatu eta «oreka» nola atzematen duen ikusteko, baina Urtxintxa Urdina «irudimenezko eremu» batean kokatzeko xedea dute, «bakoitzaren hizkera intimoen lurraldean»; horregatik, obra nagusiki euskaraz mintzatuko bada ere, italiera, arabiera eta frantsesezko ele zenbait ere entzunen da.

Ez da gutxiestekoa gizarte arazoa, adineko jendea baita gehiengoa, ondorioz, gehienak hunkitzen eta hunkiko dituena. Bada aspaldi Etxekoparrek gaia su eztian duela: «Iduri zait tabu zenbait beste nonbait ekartzeko manera bat izaten ahal dela antzerki bidez bisitatzea. Horren bidez partekatzen baita jendeen arteko momentu bat, emozio zenbait askatzen baitira; manera eder bat duzu gai baten pausatzeko». Baina ez zuen atzematen zer formatan antzerkirat ekarri, Battitta Haltzueta txotxongilo egilearekin juntatu den arte.

Euskarri bizigabeari edonoiz bizia eman dakioke, baldin eta maneiatzen bada. Dependentzian bizi den edonoren kasuan bezala, beharrezkoak dira mugituko duten bi esku. Haien gabeziak, izaki biziduna objektu bilakatzen du, objektua bizigabe uzten duen bezala: «Txotxongiloa bizitzen ahal duzu, pertsona bat duzu, eta, denbora berean, objektu bat. Egiazki kontatzen ahal dizugu zahartzen garelarik, edo dependentzian sartzen den zernahi izakiren kasuan berdin, nola objektu bat bilakatzen ahal den, zer botere jokatzen ahal den alde horretarik. Gure arazo horren minaz mintzatzeko parada ematen digu Gure xaharrak piezak».

Arazoaren izaria

Gaia publikoarekin partekatzeko, jende helduaren izariko panpinak fabrikatu dituzte Haltzueten «urrezko eskuek» Izturitzeko tailerrean (Nafarroa Beherea). Irudimenik kasik baliatu gabe ikusiko da adineko norbait, nola txotxongilo bat berdin, kadira batean jarririk utziz gero, hola-hola jarraituko duela bi orenen buruan ere, menpekotasunaren atzaparrek harrapaturik: «Lekukotasunek kontatzen dizute denbora oso luze izaten ahal dela leku horietan, ez baita haboro beren bizia beren esku, azken finean. Maneiazale gutxiago eta bizi gutxiago txotxongiloetan, eta zahar egoitzetan ere langile gutxiago eta bizi gutxiago hor egoten diren jendeendako».

Gaiak eta euskarriak talka egin dezakete gizartearen usaiarekin: txotxongiloak usu publiko gazteenaren eremura kondenatuak baitira. Alta, Etxekoparrek ez du horrekin bat egiten, adin tarterik batere mugatu gabe, hala ere, gehienbat helduei zuzenduriko lana dela azpimarratu baitu,nahiz eta haurrak ere lagundurik ongi jinak diren. «Egiazki gai hori pausatu nahi genizun helduendako gu baikara ardura horrekin eta gure aita-amekin edo aitañi-amañiekin, mundu horretan lanean ari direnekin. Baduzu gazte anitz formatzen alde horretan, eta haiek dizute atxikiko gure mundua urte zenbaiten buruan; beraz, ontsa duzu gaia goizik pausatzea». Ohargarria da pieza zuzeneko musikak laguntzen duela.

Azkainekoa huts eginez gero—gomendatua da bero beztitzea eta manta baten eramatea, kiroldegiko hotzak hala beharturik—, Maulen ikusteko parada ere izanen da, azaroaren 12 eta 13an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.