Etxe altuen gaineko hotsak

Hegazkin bikoteak 'Haize beltzak' estreinako diskoa argitaratu du, sintetizadoreak eta ahotsa oinarri hartuta. Kanta sentikorrak landu dituzte, poparen eta trip-hoparen bidez

Iosu Isaias Villanueva Isuo eta Alayn Carazo Hegazkineko kideak. ARITZ ORMAZABAL.
Andoni Imaz.
Bergara
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Hegazkin taldearen bidea «soinu baten» bilaketa izan da. Sintetizadoreak eta ahotsa nahastu, eta elkarrekin musika sortzeko gogoz batu ziren Alayn Carazo eta Iosu Isaias Villanueva Isuo. Urtebete baino gehiago eman dute entsegu lokalean sartuta, han sortzen baitituzte kantuak, oinarritik hasi, ahotsaren melodiarekin segitu, eta hitzetaraino. Udan, Haize beltzak estreinako diskoa kaleratu dute, Mukuru zigiluarekin. Sei kantuz osatuta dago.

Bi musikariek 2018an ezagutu zuten elkar. Aurretik, Isuo zenbait taldetan aritu izan da: MKTn lehen, Txost taldean orain, eta bakarka eta Isuo ta Kezman bikotean urteetan. Biek azaldu dutenez, Carazok Eyharts taldearekin Urretxu-Zumarragako gaztetxeko (Gipuzkoa) Kubeats jaialdian jo zuenean erabaki zuten zerbait egin nahi zutela elkarrekin.

Carazo orain dela zazpi bat urte hasi zen sintetizadoreak erabiltzen; ordenagailuaren bidez lehenengo, eta sintetizadore modular fisikoekin ondoren. «Simian Mobile Disco taldearen bideo bat ikusi nuen, eta harrituta geratu nintzen: 'Zer da hau? Nola egin liteke musika horrela?'». Orduan egin zuen aldaketa. «Ordenagailuaren aldean, aukerak asko murrizten dizkizu; hainbeste, non detaile txikiei erreparatzen hasten zaren». Geroztik, haiekin soilik lan egiten du: «Gustatzen zait eskua sartzea eta nik egindako aldaketak momentuko eragin bat izatea soinuan; menuekin aritzea ez da gauza bera».

Hortik abiatu zuen Eyharts ikus-entzunezko proiektua, Jokin Guridirekin batera. Zuzeneko talde bat da: Carazok musika jotzen du, eta Guridik irudiak proiektatu. «Kantu batek lau minutu irauten du batzuetan, eta, beste batzuetan, hogei. Emozioaren arabera jotzen nuen, eta orain ikasi dut kantua beti berdin jotzen, taldean helburua aldatu egin baita».

Carazo eta Isuo elkartu zirenean, ideia asko zituzten, baina kosta zitzaien aseta geratzea. «Kantuak ez genituen errematatzen», azaldu du Carazok. «Denbora batera, Isuo grabazio zahar batekin etorri zen, dena grabatzen baitugu, eta esan zidan: 'Soinu hau berriz lortu behar dugu'. Zaila izan zen, baina soinu horretatik abiatuta kantu bat sortu genuen». Abesti horrek ezarri zuen taldearen estiloa, eta hari jarraika iritsi ziren hurrengoak.

[youtube]https://youtu.be/HVkM5qmOpEI[/youtube]

Carazoren ustez, sinpletasunera jotzeak libratu zuen egoera. Erritmo sendoko kantuak sortu dituzte: batzuk motelak dira, dunbal gogorrekoak; Begietan eta Lehergailua, kasurako. Beste batzuk, berriz, biziagoak dira —Izar euritsua eta Isilpean nabil orain, adibidez—, baina dunbala eta kaxa daude beti oinarrian, apaingarri askorik gabe. «Askotan esaten dugu trip-hoparen antza daukala: erritmo errepikakor bat da, oinarri sendo batekin, eta motor batek bezala doa aurrera», Carazoren hitzetan.

Sintetizadoreen gainetik, Isuo kantuan aritzen da, eskuetan izan ohi duen gitarrarik gabe. «Askatasun handiagoa eduki dut, kantatzen bakarrik ari naizelako; asko zentratu naiz ahotsean, kantaeran... Finago egiteko aukera eman dit». Hitzak musikarekin batera etorri zaizkio, «natural». Ez da abiatu aurrez idatzitako testuetatik, eta lokalean bururatutako gauzak izan dira abiapuntua: «Kanta batekin bukle batean sartzen ginen, eta horrek ekartzen zituen emozioetatik abiatuz idatzitako hitzak dira».

Unibertso bat

Amodiozko kantak dira gehienak, eta beste gai batzuk ateratzen dira bidera. «Amodioa zentrala da; haren inguruan, gauza alaiak eta ilunak daude, beldurrak, minak...». Gainera, estetika bat dago diskoaren diseinuan eta hitzetan: hor dira etxe orratzak, industriaguneak, ametsak, gaua...

Izena Borrokan taldearen kantu batetik hartu dute. «Beti eduki dut lotura bat kantu horren izenarekin; hasieratik ikusten nuen talde honek Hegazkin izena izan behar zuela», esan du Isuok. «Prozesu osoan, Isuok asko landu du ni konbentzitzearena», erantzun du Carazok, irriz.

Ander Barriusorekin grabatu zuten diskoa, Arrasateko Shot estudioan (Gipuzkoa). «Asko eman zuen, batez ere ahotsaren lanketan. Gustura jaso ditugu haren proposamenak». Bigarrenean pentsatzeko goiz da oraindik, baina jada hasiak dira kantu berriren bat sortzen; «hori da benetan motibatzen gaituena».

Azken asteetan, Guridik sortu dituen bideoklipak argitaratzen ari dira, banaka. Bi aurkeztu dituzte oraingoz: Hondartza eta Lehergailua abestienak.

[youtube]https://youtu.be/RAwm35CZdwU[/youtube]

Diskoa zuzenean aurkeztu dute azken hilabeteetan, eta beste bi emanaldi egingo dituzte azaroan. Datorren larunbatean, hilaren 13an, Bergarako gaztetxean (Gipuzkoa) arituko dira, Mukuru Festan, eta, hilaren 28an, Oñatiko Antixena gaztetxean (Gipuzkoa). «Orain arte, antzokietan eman ditugu kontzertu gehienak, eta gustura aritu gara horretan, baina uste dugu gaua dela gure berezko habitata», esan du Isuok.

Mukuru kolektiboa «sasoi betean» dagoela sumatzen dute. Kide gehienek parte hartuko dute Begarako jaialdian, eta disko berria prestatzen ari dira Txost, Klakson eta Birkit kide berria, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.