Albistea entzun

Boterearen gezurraren ondorio zoritxarrekoa

Lander Garrok 'Faith' aurkeztu du, Xabi Ugarte pertsonaiaren bigarren eleberria. Euskal Herriko giro politikotik aldendu nahi luke, baina ezingo du. Bartzelonan girotuta dago, mende hasieran
GOTZON ARANBURU / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko azaroak 27 - Donostia

«Gizakiaren ezaugarririk txarrenak ezkutatzen diren lekua boterea da. Lukurreria, jazarpena, tortura, heriotza eta, bereziki, gezurra», esan du Lander Garrok (Errenteria, 1975) Faith nobelaren aurkezpen solasaldian. «Gaur egungo jendartearen gaitzik larriena gezurra da, botereak sustatua, botereak barreiatua, botereak eraman duena kale zoko orotara. Baita albistegietara ere. Eta, noski, epaitegietara». Boterea esatea zuzenean gezurra aipatzea da, Garroren aburuz. Eta idazlearen zeregina, boterearen aurrean eta boterearen kontra egotea da. «Idazlea, ez baldin badago boterearen kontra, ez da idazlea. Idaztea ez da hitzak konbinatzea edozer esateko; bizitzari bere mozorroa kentzea da idaztea, eta mozorroa, gehienetan, gezurrek eratzen dute».

Gerra txikia (2014) nobelako Xabier Ugarte da protagonista nagusia Faith honetan ere. Bartzelonara joan da 2000. urtean. Euskal Herriko giro politikotik aldentzeko asmoa du. Artista izan nahi du, bohemio bizitza bat hasi. Hiri handira iritsi orduko, ordea, bizkarreko poltsa lapurtu egin diote tren geltokian; halaxe abiatu da kontakizuna, ametsetatik berehala lurrera etorrita. Ondoren, hiriaren martxara egokituko baldin bada ere, txikitatik ezagutu duen bortizkeria poliziala jarraika izango du. Patu gaiztoa.

Umoretsua eta, aldi berean, dramatikoa da nobela, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorearen arabera: «Hunkigarria». Garroren alter egoa da Ugarte pertsonaia. «Idazleak bere antzeko pertsonaia bat sortu du». Ugarte argazkilaritza ikastera joan da Bartzelonara. Haren familiak iragan zakar bat izan du, politikoa eta errepresiboa. «Eta bi kontu horiek lotzen dira nobelan: Bartzelonako ibiliak, batetik; familia oroitzapenak eta bizikizunak, bestetik. Uztartze hori zoragarri egin du».

Arnasa luzeko eleberria da Faith. Erreka baten jarioa du egituraren aldetik, kapitulutan zatikatu gabea.

Erretagoardiako nobela

Eleberriko giltzak bide diren hitz batzuetan ardaztutako mintzaldia egin du Garrok. «Nobela bat laburbiltzea beti da laido bat egitea. Horregatik egin dut 11 hitzeko zerrenda bat». Hurrenez hurren: Gerra txikia, ugartetarrak, identitatea, Bartzelona, patua, historia, biktimismoa, umorea, boterea, gatazka eta erretagoardia. Ohar bana erantsi du horientzat.

Gerra txikia-ren bigarren partetzat har liteke Faith, baina liburu autonomoa dela adierazi du. «Hau ez da Xabiren nobela bakarrik, ugartetarren familiarena baizik. Absentzien nobela bat dela esango nuke, etxetik urrun baitago». Hutsune bati buruzko kronika da, Garrorentzat: «Xabi bere lurretik egotzia edo kanporatua izan balitz bezala».

Pertsonaiaren identitateari buruz dihardu kontakizunak: «Nola eraiki gaituzten eta nola deseraiki behar izaten dugun». Airea hartzeko premia daukanez, herritik alde egitera deliberatu da Xabi, «nolabaiteko deserri batera, Bartzelonara». Bohemioa izan nahi duenarentzat hiria da «derrigorrezko geltokia». Ikuspegi pertsonala eta artistikoa aseko dion jendearen bila ibiliko da mutila. «Naif hutsa da, inuzentea eta erromantikoa».

Patua eta historia hitzak karga handiz ekarri ditu: «Behin eta berriz esan digute bizitzan gertatzen zaizkigun gauzen ardura gurea dela; ideia aski eskuinekoa, bide batez esanda. Gure historia ere, ez genuen guk hautatu. Historia gurpil handi bat da, eta bidean makilak jarri arren, gupidagabe doa aurrera eta aurrera. Eta zu aurrean harrapatzen zaituenean, berdin dio nora eta zenbat korri egiten duzun: berdin harrapatuko zaitu».

Nabarmen adierazi du ez duela egin liburu biktimista. «Fatalista bai, akaso». Biktimen eta borreroen hizkuntza manikeoari ihes egin dio. «Manikeismoa boterearen estrategia dialektiko bat baizik ez da, zeinak helburua duen zapalduta ez dagoena zapaltzea, eta zapalduta dagoena apur bat gehiago zapaltzea». Umorez idazten aritu da: «Bufoiaren trikimailua umorea izan da beti, boterea zirikatzeko. Horregatik umoristak jomugan daude gaur egun».

Gatazka politikoak ugartetarren etxean sortutako minaz diharduen kontakizuna da Faith. «Ez da euskal gatazkari buruzkoa, ez baita gertakari politikoei buruzkoa, ezpada gertakariek ugartetarrei sortutako sentimenduen ingurukoa».

Erretagoardiako nobela deitura eman dio Garrok. «Orain dela gutxi Ainara Lasaren hitzaldi batean egon nintzen, eta asko gustatu zitzaidan esan zuenean euskal gatazkaren historian gizonezkoek ezagutzen zutela abangoardian gertatzen zena, eta emakumezkoek ezagutzen zutela erretagoardian gertatzen zena. Euskal gatazkari buruzko irudi erabat ezberdina zeukaten batzuek eta besteek».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Aurtengo Durangoko Azokak argitu dezakeen argazkia

Itziar Ugarte Irizar

Digitalizazioaren aroak galdera ikur handiak ezarri ditu musikagintzaren sektorean. Nabarmen aldatu da musika banatzeko era, eta Durangoko Azokan ere gero eta begi-bistakoagoa da hori. Eredu bat agortzear sumatu arren, formatu fisikoaren aldeko jarrerari eusten diote gehienek.
Mona Hatoum artistaren <em>Still Life</em> instalazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU
Karmele Mitxelena eta Iñaki Cid Larrea, beren lan argitaratu berriak eskuetan, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Karmele Mitxelenaren eta Iñaki Ciden lanak argitaratu dituzte

Itziar Ugarte Irizar

'Haragizko mamuak' du izenburu Mitxelenaren lehen narrazio liburuak, eta 'Behin batean Loiolan' antzerkiaren alorreko Ciden lanak. Donostia Hiriko Kutxa Literatura sariak irabazi dituzte biek, eta Elkarrek eman ditu lanok argitara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.