Albistea entzun

Eraikinak dantzatzea

Mikel del Valle koreografo eta dantzariak 'Arquitectos del aire' dantza emanaldia estreinatuko du gaur, Bilboko Arriaga antzokian. 1909an eraikitako hiru eraikinen bilakaera kontatzen du saioak
Mikel del Valle koreografoak gidatutako MDV konpainia, Bilboko Arriaga antzokian.
Mikel del Valle koreografoak gidatutako MDV konpainia, Bilboko Arriaga antzokian. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 12 - Bilbo

Hiru eraikin jarri ditu dantzan Mikel del Valle koreografo eta dantzariak: Bilboko Azkuna zentroa, Sevillako Barrancoko pabilioiak (Espainia) eta Bartzelonako Caixaforum. Hirurak eraiki zituzten 1909an, modernismoa indar betean zegoela, eta gaur egunera arte hirurek izan duten bilakaera da Del Vallek sortutako Arquitectos del aire izeneko dantza ikuskizunaren gaia. «Eraikitzen hasten direnean, dantzari eta koreografoekin antzekotasun handiak dituzte arkitektoek, eta, are, badira bi esparruetan erabiltzen diren zenbait hitz ere. Aldea da arkitekturak iraun egiten duela, eta dantza, berriz, efimeroa dela». Ordubete pasakoa izango da lana, hiru atal edukiko ditu, eta gaur estreinatuko dute, Bilboko Arriaga antzokian.

«Ez nuen literala izan nahi». Del Vallek azaldu duenez, zeharkakoa baino ez da izango hiru eraikin horien aipamena ikuskizunean. Ez da haien irudirik proiektatuko, ez da haien argazkirik ikusiko, eta ikusleari ez zaio behin ere esplizituki aipatuko ikusten ari den atala hiru eraikinetako zeini buruzkoa den. Eta, halere, erreferentzia ulergarria izango dela dio Del Vallek. «Ez da erabat abstraktua izango», azaldu du. Hainbat sinbolo baliatuko dituzte horretarako dantzariek, eta, balletaren zein dantza garaikidearen urratsez gainera, lekuan lekuko dantzen erreferentziak ere erabiliko dituzte.

Soinu paisaia abstraktu bat entzun da lehenik bozgorailuetatik, esaterako, baina Godalet dantza jotzen duen txistu bat hasi da azaltzen gero. Dantzari bakar bat dabil euskal dantzaren urratsekin lehen lerroan, eta geldi daude gainerako lau dantzariak atzean: mugimendu mekaniko eta erritmiko batzuk bakarrik egiten dituzte, eta horiek ere tarteka baino ez. Fabriken errepikakortasuna dakarte gogora haien mugimendu bortitzek eta gorputz adarrekin egiten dituzten kolpe erregularrek. Dena da jario aurrealdean, dena mekanika atzean; harik eta une batez, bat-batean, lehen dantzariaren mugimendu garden eta arinak ere trabatzen eta mekanizatzen hasten diren arte, eta, azkenean, euskal dantzen arrastoak pixkanaka desagertzen dira bestelako mugimendu batzuen pean.

Gehiagotan ere baliatu ditu folkloretik jasotako urratsak emanaldian Del Vallek, baina karikaturari ihes eginda. Huelvako (Espainia) fandango bat ere dantzatzen dute, horregatik, Sevillako eraikinari eskainitako pasartean, hain zuzen horretarako eraiki zutelako, hasieran: Huelvatik iristen ziren arrantzaleek arraina gordetzeko leku bat izan zezaten. Eta Bartzelonako kasuan ere badira bertako folkloreari egindako keinu ezkutuago batzuk ere.

«Ez nuen topikoetan erori nahi», azaldu du dantzariak. Horregatik hautatu ditu Azkuna zentroa, Barrancoko pabilioiak eta Caixaforum, adibidez, Guggenheim, Giralda eta Familia Santua beharrean. Eta berdin dantzekin ere. «Ez nituen sartu nahi aurresku bat, sevillana bat eta sardana bat. Tipikoak dira horiek, baina, horien atzean, ondare aberatsa dagoela erakutsi nahi nuen».

Bartzelonako pasartea osatzeko, Pol Jimenezen laguntza izan du koreografoak, eta Del Valle bera ez ezik, beste lau dantzari ere izango dira oholtzan emanaldian: Maite Ezkurra, Asier Ostolaza, Alazne Uralde eta Dacil Wijkstrom. Saiorako propio sortutakoa izango da musikaren zatirik handiena, bestalde, eta Javier Benjamin konpositorearen lana da hori. «Lehen aldiz sortu dut espektakulu bat ia osorik musika propioarekin, eta oso esperientzia ona izan da».

2016an jarri zuen abian MDV izeneko konpainia dantzari eta koreografoak, eta hirugarren ikuskizuna du Arquitectos del aire. Talde propioarekin sortutako lehen pieza Un vasco en Sevilla izan zen, eta Agate Deuna izan zen bigarrena, bularreko minbiziaren gaia eta santuaren martirioa lantzen zituena. Bi urte eman ditu hirugarren lana izango duena prestatzen. Ikertzen eman zuen lehen urtea, eta bigarrenean hasi zen lan taldearekin entseatzen. Hiru egonaldi egin ditu horretarako: D8 gunean, Getxoko Muxikebarrin eta Azkuna zentroan.

Konpainia egonkor bat

Euskal Herrian dantzarentzat «leku bat» aldarrikatu du dantzariak.«Belaunaldi berriek aukera izan dezaten bertan lan egiteko, ez soilik ekoizpenka, baizik eta konpainia egonkor batean, eta, horrela, ez ditzaten 17 urte kanpoan pasatu behar, nik pasatu ditudan bezala». Del Vallek dioenez, izan dira aurrerapen batzuk, halere: formakuntzan, esaterako. Gogoratu duenez, hala Gasteizen nola Bilbon egun badaudelako kontserbatorioak, baina eratu gabe jarraitzen du dantza konpainia egonkor horrek.

Del Vallek gogoratu duenez, Arriagan bertan «maitemindu» zen dantzarekin. Espainiako Dantza Konpainia Nazionalaren emanaldi bat ikusten izan zen, Nacho Duatok zuzenduta. «Ordurako jadanik aritzen nintzen dantzan, baina hura ikusi ostean, berriz ere, argi ikusi nuen horretan aritu behar nuela». Horregatik, bereziki pozgarri zaio bere hurrengo emanaldia Arriaga antzokiak ekoitzi izana, eta baita estreinaldia bertan egin ahal izatea ere. Arkitektura zehatz horretan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dantzertiko arduradunak eta antzezlaneko aktore nahiz zuzendariak, herenegun, Getxon. ©GETXOKO UDALA

Euripides feminista bat

Iñigo Astiz

'Bakanteak' tragedia klasikoaren gaurkotze bat taularatuko dute Dantzertiko ikasleek, ostiralean, Getxon: 'Basatiak-Animales salvajes'

Mairu taldekoek giro tribala sortzen dute beren musikaren bitartez. ©MATHIEU PRAT

Mairuen doinuen baratzea

Ainize Madariaga

Mairuk lehen diskoa jalgi du, taldearen izen berekoa. Erroetara murgiltzeko musika organikoa sortzen du orkestra ttipiak. Musika elektronikoa nahasten du, eta trantze giroa sortu

Aristides Hernandez 'Ares' eta Joseba Sarrionandia, gaur, Donostian, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua eskuan dutela. ©Maialen Andres / Foku

Joseba Sarrionandiak 'Munduari bira eman zion ontzia' liburua kaleratu du

Andoni Imaz

Idazlearen nahia da gazteek Euskal Herriko historiari buruzko gogoetak irakurtzea, euskaraz, Elkanoren mundu bira abiapuntu hartuta. Ares marrazkilari kubatarrak sortu ditu liburuko irudiak, eta Pamielak atera du.

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Beldurrari beldurra dion gizarte batean bizi gara»

Andoni Imaz

Jatorrira itzultzea umetako hitzen magalean berriro jartzea da, baina baita leku hartan eta norbere baitan aldatu diren gauza guztiez jabetzea ere. «Aldaketek nostalgia aktibatzen dute». Adinak ekarritako kezkei buruzko poemak idatzi ditu Zabalak, hala nostalgiaz nola umorez, «aurrera egiteko adorea» biltzeko asmoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...