Batzuen iluna, besteen argia

Arrate Egañak zortzi narrazio bildu ditu 'Itzalen distira' lanean. Kontrakotasunekin jolastu da idazlea ipuin gehienetan, eta denbora, heriotza, sakrifizioa eta beste hartu ditu hizpide

Arrate Egaña idazlea, Itzalen distira narrazio bilduma berria eskuetan, atzo, Donostiako Udal Liburutegian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Adin, nortasun eta bizitza desberdinak dituzten hamaika pertsonaia sortu ditu Arrate Egaña idazleak, eta bat-batean arrotz bilakatu daitezkeen eguneroko egoeretan jarri ditu. Osagai horiekin idatzitako zortzi ipuin jaso ditu Itzalen distira narrazio bilduma berrian, eta, bakoitza independentea bada ere, estiloak eta zenbait gaik batasuna ematen diete. Baita liburuaren oinarrian dagoen ideia batek ere, idazlearen hitzetan: «Batzuentzat itzala dena argia izan daiteke beste batzuentzat; tristea da, batzuetan krudela ere bai, baina askotan horrela da. Pertsona oso ezberdinak gara, bizitzan oso puntu desberdinetan gaude, eta horrelako egoerak gertatzen dira. Nik zure itzaletik argia hartu ahal dut». Erein argitaletxearekin plazaratu du Egañak lan berria, eta Uxue Razkin editoreak lagunduta aurkeztu du, Donostian.

Razkinen ustez, zaila izan ohi da bilduma batean independenteak diren narrazioen arteko loturak aurkitzea. Hala ere, Egañaren lanean sumatu dituen ildo batzuk aletu ditu editoreak: «Ipuin bakoitzaren planteamendua oso ezberdina da, ikuspuntua ere bai, baina oinarrian beti dago loturaren bat. Ipuin hauek irakurri nituenean, pentsatu nuen badutela iluntasun puntu bat, oso gizatiarra dena era berean». Ohikoak diren eta, aldi berean, arrotzak diruditen egoerak edo momentuak ere antzeman ditu testuetan, baita horien arteko talkak ere. «Uste dut narrazioak irakurtzean bekokia zimurtzen zaigula batzuetan; klik bat gertatzen da, eta pertsonaiek kezka edo arazo horri buelta nola emango ote dioten pentsatzen jartzen zara, zein izango den bilatuko duten irtenbidea, zein izango den euren erabakia... Uste dut idazleak egunerokotasuna bihurritzen duela; ez dakizu zein izango den irtenbidea; batzuetan, hobe jakingo ez bagenu».

Hala, «egoera nahiko korapilatsuak» topatuko ditu irakurleak, eta pertsonaiak, berriz, «antzezlan batean bezala, batetik bestera mugitzen», beren gogoetekin eta ekintzekin. Gaiei dagokienez, «obsesioa, ihes egiten duen denbora, heriotza, eta, batez ere, sakrifizioa» ageri direla esan du editoreak. Idazlea bat etorri da harekin: «Ipuinen abiapuntuak eta ikuspuntuak oso ezberdinak dira, baina oinarrian badaude gai batzuk edo estilo bat denak elkartzen dituztenak. Uxuek aipatutakoez gain, zahartzaroa ere agertzen dela gehituko nuke, kezka hori ere badagoela, eta, horrekin lotuta, heriotzaren ingurukoa. Bi gai horiek oso indartsuak dira liburuan».

Baita sakrifizioaren ideia ere, Egañak itzalen eta argien irudiarekin lotu duena. Hain zuzen ere, ilunen eta distiren, kontrakotasunezko ideien arteko «jokoa» landu du idazleak. «Planteatzen dut beste batzuek proiektatzen edo sortzen duten itzala argigarria edo distira izan daitekeela beste batzuentzat». Itzalak ipuina jarri du adibide gisa: senideei zerbait esan nahi, baina zalantzan dauden hiru emakume ageri dira hartan; «bat-batean, egoera ilun bat gertatuko da, dena eklipsatuko duena eta haiei bidea erraztuko diena», azaldu du egileak. Editorearen ustez, «ipuin guztietan beti dago une bat non logika edo koherentzia irauli egiten den; eszena ohikoa da, egunerokotasunean topatzen ahal duguna, baina bat-batean klak egiten du zerbaitek, eta dena askatzen da».

Egañak adierazi du bere ohiko estiloan idatzi dituela narrazioak, eta hizkuntza «nahiko zuzena eta zehatza» baliatu duela. «Horretan saiatzen naiz; niri gustatzen zaidan literatura horrelakoa da». Halaber, askotariko emakumeek liburuan duten presentzia azpimarratu du. «Igual ez dira heroiak edo oso nabarmentzekoak, baina niretzat emakumetik abiatzen da dena; protagonista izan edo ez, haren rola beti dago presente». Gaineratu duenez, gustuko du pertsonaien psikologian sakontzea, baina haien gogoeten edo elkarrizketen bidez batez ere, emozioen bitartez baino gehiago.

Gelaz gela eraikia

Razkinek azaldu du duela urtebete jaso zuela ipuinen lehen zirriborroa, eta argitara atera duten liburuak ez duela zerikusi handirik testu harekin. «Izan ere, hori da lan honen gauzarik ederrena, testu bat idatzi eta haren gainean berridaztea eta berridaztea». Idazlearen literaturarekiko «pasioa» erakusten du sortze prozesuak, editorearen iritziz: «Gauzak ongi egiteko gogoa eta lana daude liburu honen oinarrian».

Egañak esplikatu du gela askoko etxe baten gisan irudikatu zuela bilduma, eta ipuin bakoitza, berriz, gela baten gisan. «Ipuin batzuk ez ziren familia honetakoak, eta bazter utzi genituen; giltzaz itxi nituen gela horiek. Beste gela batzuk altzariz jantziagoak zeuden, eta beste batzuek, ordea, paretak margotzea behar zuten, denetan baitzeuden ideiak hasieratik, baina, batzuetan, nahiko biluzik bezala». Gelaz gela joan zen, beraz, etxea osatuz. «Prozesu luzea eta motela izan da gela guztiak apaintzea, baina behar zuena hartu du; ez dut presa sentitu, eta lasai aritu gara, gela guztiak itxi arte».

Azaleko irudia ere Egañarena da; margolan handiago baten zatitxo bat da, sakrifizioaren ideiarekin eta argi-itzalekin lotua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.