Albistea entzun

Sarrionandia enigmatikoa

Bi eguneko udako ikastaroa eskaini dio Euskal Herriko Unibertsitateak Joseba Sarrionandiari Bilbon, eta haren erbestealdia zein poetika aztertu dituzte adituek
Leire Bilbao idazlea, atzo, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateak Joseba Sarrionandiari eskainitako udako ikastaroan egindako hitzaldian.
Leire Bilbao idazlea, atzo, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateak Joseba Sarrionandiari eskainitako udako ikastaroan egindako hitzaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko uztailak 19 - Bilbo

«Paradigmatikoa baino gehiago, enigmatikoa da Joseba Sarrionandia Uribelarrea bere aspektu ia guztietan». Irristakor deskribatu du idazle eta laguna William A. Douglass antropologo, euskal diasporaren ikerlari eta Renoko Basque Studies Program egitasmoaren sortzaileak. Atzo hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Bizkaia Aretoan idazleari eskainitako bi eguneko udako ikastaroa, eta bertan hitz egitekoa zen Douglass, baina ezinezko egin zitzaion bertan egotea, eta Interneten eman dute argitara haren testua, zeinak, besteak beste, Sarrionandiaren erbestealdiaren nondik norakoak deskribatzen baititu.

Bere testuan dioenez, Douglassek aspaldi zerabilen buruan Kubako euskal herritarrei buruzko ikerketa bat egitea, eta hala izan zuen Cecilia Arrozarena idazleak Txalaparta argitaletxearekin, 2003. urtean, argitaratutako El roble y la ceiba: Historia de los vascos en Cuba liburuaren berri. Hura ikustean, bertan behera utzi zuen ikerketa asmoa, eta bitxia egin zitzaion aurrez egile hari buruzko inongo berririk ez edukitzea. Urte sorta batera soilik jakin zuen Sarrionandia zela ezizen horren atzean ezkutatzen zen autorea. 2011n ezagutu zuten elkar bi autoreek, azkenean, Miel Anjel Elustondoren eskutik, eta, «lagun minak» izan dira geroztik, Douglassen hitzetan.

1985ean Martuteneko espetxetik ihes egin ondoren, Ipar Euskal Herrian hartu zuen babes Sarrionandiak denbora batez, beste hainbat errefuxiatu eta iheslarik bezala, baina Douglassek bere testuan zehazten duenez, Aljeriara eta Txekoslovakiara joan zen gero, «inor ere ezagutu gabe». Txekoslovakiatik egin zuen Kubara sartzeko eskaria, eta, beste hainbat iheslariri gertatu bezala, hainbat baldintza bete behar izan zituen idazleak horretarako. Hain justu, behin irlara joatea erabakiz gero, handik ez ateratzea zen baldintza horietako bat. Douglassen hitzak: «Arau horrek sakonki eragingo zion irlan familia izan ostean. Ezingo zuen inolaz ere Europara itzuli guraso eta anaiak bisitatzera, ezta Frantziara ere. Eta, beraz, Espainian delitu guztiak preskribatuak izanik ere, handik ateraz gero, ezingo bailitzateke Kubara itzuli».

Idazlea eta haren baldintzak

Douglassek testuan gogora dakarrenez, baldintza horrek eragotzi zion, besteak beste, aita ikusi ahal izatea, hura hil baino lehen. Egun, Kubako Gobernuak aldatu egin ditu baldintza horiek, ordea, eta, hala, Euskal Herrira itzuli arren, berriz ere Habanara bisitan joateko aukera izan du Sarrionandiak. «Orain, Josebak oinak bi munduetan dituela esan daiteke», azaldu du Douglassek bere testuan. «Bere kondairaren ospea bizi du hemen. Eta enigmatikoa da horretan ere, paradigmatikoa izan beharrean, bere kasuan, absentziak eman diolako ospe hori, eta ez presentziak».

Sarrionandiak hartu zuen hitza atzokoan, hain justu, hasieran, Douglassi zegokion tartean, eta euskal idazleek «baldintza oso berezietan» idatzi behar izaten dutela esan zuen. «Normalean, gure literatura homologagarria izateko, gurea literatura hutsa balitz bezala eta gu idazle hutsak bagina bezala hitz egiten dugu. Baina, aldi berean, gure eraikuntza hori padura batean dago, eta horrek gure herri arazoekin dauka zerikusia».

Besteak beste, diglosia eta Euskal Herriak historikoki izan duen marko komunikatibo propioa ezartzeko ezintasuna aipatu zituen idazleak bere hitzaldian behin-behinekotasun horren arrazoien artean. «Ur horietan egin behar du igeri euskal idazleak».

Marijose Olaziregi eta Nerea Eizagirrek zuzendu dute ikastaroa, eta, hain zuzen, erbestea izan zuen mintzagai azkenak atzoko hitzaldietako batean. Sarrionandiaren itzulpengintzaz aritu zen Aiora Jaka, eta Leire Bilbao idazleak eskutitz forman egin zuen haren ibilbide poetikoaren errepasoa.

Gutun bat, Sarrionandiari zuzenduta, orain «hemen» egon arren, «han» balego bezala idatzia. Gutun bat, «egun erdi emailak jaso eta bidaltzen pasatzen dugun garaiotan». Gutun bat, Sarrionandiaren liburuen bidez, Bilbaoren poesiari buruzko gogoetak biltzen dituena.

Dena gertatzen den lekua

Bilbaok, beraz, Sarrionandiari: «Zuk bai ondo jakin poesia horretarako dela, poesia hizkuntza asmatzeko ere badela: poesia hizkuntzaren mugak hausteko baliabidea da. Eta baliabide hitza gustuko ez duenik bada, hizkuntzaren mugak hausteko bide posible bat izan daitekeela esan daiteke. Niretzat, onartzen badidazu, poesiari dagokionean, hizkuntza dena gertatzen den lekua da».

Musika eta poesia emanaldia eskaini zuten arratsaldean Ines Osinagak eta Sarrionandiak.

Gaur jarraituko du ikastaroak. Sarrionandiaren Narrazio guztiak liburua aztertuko du Mikel Aierbe ikerlariak, idazlearen obran itsasoaren irudiak duen garapenaz arituko da Eider Rodriguez, eta Sarrionandiak berak itxiko du hitzaldien zikloa bere literaturgintzaren gakoak azalduz. Arratsaldean, zuzeneko emanaldia eskainiko dute Ruper Ordorikak eta Sarrionandiak, 2006. urtean kaleratutako Memoriaren mapa diskoa oinarri hartuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bazka musika taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Erik Berganza baxu jotzailea, Fer Apoa abeslaria, Hogei Esteban gitarrista, Txomin Urriza gitarrista eta Galder Izagirre bateria jotzailea. ©GALDER IZAGIRRE

Bederatzi dantza, baso ilunean

Miren Mujika Telleria

Bazka taldeak lehen diskoa ondu du: 'Basoaren ilunean dantza'. Poesia egin dute bederatzi doinu bortitzen gainean, eta horien bidez adierazi dituzte gaur egungo gizarteak eragindako zenbait zauri

Atzo arratsaldean egin zuten opera antzeztuaren entsegua. Irudian, entsegatzen. ©ANDONI CANELLADA/ FOKU

Euskal erako Donizetti bat

Leire Perlines Apalategi

Gaetano Donizettiren 'La Fille du Régiment' egokitu bat taularatuko dute bihar Kursaalean. Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga lehen aldiz ariko dira elkarrekin oholtzan

Carmen Alba, Joaquin Calderon eta Paz Fernandez, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

55 film lehiatuko dira NIFF Nafarroako zinema jaialdiaren 4. aldian

Itsaso Jauregi

Datorren astean izango da festibala, abuztuaren 17tik 20ra. Antzerki Eskolan, Kondestablearen jauregian eta katedralean emango dituzte filmak

Miren Iriarte, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Miren Iriarte itzultzailea hil da

Ainhoa Sarasola

Elena Ferranteri eta Fleur Jaeggyri lan bana ekarri zien euskarara, baita euskarazko hainbat lanen gaztelerazko itzulpenak eman ere. Senide eta lagunek gaur eman diote azken agurra, Iruñeko hilerrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...