Antso VII.a Azkarra tronura igoko da berriz, argi-ilun oro lagun

'Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda' obra eszenifikatuko dute bihar Makean. Antton Lukuren obra Peio Berteretxek zuzendu du, hamabost aktoreren laguntzaz

Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzezlana emanen dute bihar Makeako ezkerparetan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun

Hozka bat eskas du Xan Berteretxek Antso VII.a Azkarraren bi metroetaraino heltzeko, baina horrek ez dio eragotziko erregearena egitea, ez, bederen, taula gainean, oren pare batez. Irudimenak lagunduko dio ikusleari aktorea are handiagotzen, XIII. menderaino gibelerat jauzi eginez. Antso azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzezlana taula gainera ekarri baitu Makeako (Lapurdi) antzerki taldeak, Jostakin elkartearen bidez. Antton Lukuk 1997an idatzitako obra bihar emanen dute lehentze, Makeako ezkerparetan, 20:00etan. Ondotik, txarangak eta Niko Etxartek joko dute.

 

1212ko uztailaren 16an gertatu zen Jaengo (Espainia) Navas de Tolosako guduan parte hartzera behartua izan zen Antso VII.a, kristauekin aliatuz, almohadeen inperio musulmanaren kontra.

Garai zinez nahasiak ziren Nafarroako Erresumarentzat, ikusirik hamalau urte aitzin Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia militarki okupatzeko mehatxua egin ziotela Petri II.a Aragoikoak eta Alfontso VIII.a Gaztelakoak, 1198ko Calatayudeko Ituna dela medio. Lanjerrari aitzi egin nahian, almohadeen inperioarekin aliantzak xerkatzeari ekin zion Nafarroak, etsaiaren etsaia lagun bilakatzeko menturan. Alta, aliantza horren bila zihoala eta Tilimsengo Abu Yusuf Yacub kalifak laguntza eskatu zionez, Magrebera joan zen Antso VII.a Azkarra. Gaztelarrak paradaz baliatu ziren Nafarroa mendebaldea inbaditzeko, itsasorako sarbide estrategikoa ohoinduz.

Izan ere, Nafarroa elkarren artean banatzea adostu zuten Alfontso VIII.a Gaztelakoak eta Petri II.a Aragoikoak. Hala, Gasteiz setiatu zuten 1199ko uztailaren 5ean, zazpi hilabetez, 1200eko urtarrilean amore eman zuten arte, Antso VII.a Azkarrak hala manaturik.

«Navas de Tolosako guduka, mendebaldearen galtzea, eta galtze horren ondorioak ditu aipatzen antzerkiak; itsasorako sarbide hori lortzeko harremanak indartuko baititu Ultra Puertos-ekin, Nafarroa Beherearekin, hots», argitu du Berteretxek.

Azpimarratu du agertzen direla gertakari historikoak, baina gorde gabe Antton Luku idazleak erantsi dizkion antzerkiko osagaiak: «Badira historikoki frogatuak diren gertakariak, baina baita Antton Lukuren dramaturgiaren moldatze bat ere: ez da historia ikastaro bat izanen; historialariak ohartuko dira horretaz. Dena den, ez da hori helburua, baizik eta proposatzea Antso Azkarraren pertsonalitateari buruzko hipotesi batzuk, drama bat, kondaira bat, istorio bat...».

Erran nahi duenaren ilustratzeko, Nafarroako armarriko ustezko kateez eta esmeraldaz aritu da. Izan ere, kondairaren arabera, Navas de Tolosako guduka horretan, Antso VII.a Azkarrak baitzituen apurtu Muhammad al-Nasir Miramamolina kalifaren denda defendatzen zuen tropa handiko gizonak elkarrekin lotzen zituzten kateak. Hortik hartu bide zituen berantago Nafarroako armarrian ageri diren ustezko kateak eta esmeralda. «Historialariek hori gezurtatu dute, gudua baino lehenago ere atzeman baitituzte kateak eta esmeralda», zehaztu du Berteretxek. Musulmanen porrot handiarekin akitu zen borroka hura. Preseski, Navas de Tolosako gertakaritik abiatzen da Makeako taldearen antzerkia.

Handia bezain xumea

Nolakoa zen Antso VII.a Azkarra? Berteretxek deskribatu du jokatzen duen pertsonaiaren nortasuna: «Aldi berean herrikoia da, traketsa eta ausarta. Historian ospe handiarekin gelditu da, baina, pieza ontsa ematen badugu, Antso agertuko da edonork dauzkan makurrekin». Horregatik, historiaren alderdi guziak erakustekotan, erregearen itzalak ere erakutsiko ditu obrak, eta haietako adibide bat eman du Berteretxek: «Buruzagi nafarren hautuengatik ere horretaratuak gara gaur egun. Adibidez, Gasteizko setio bitartean, Antso Azkarra ez zen bertaratu Afrikatik. Jakin bide zuen; alta, segitu zuen Afrikako itzulia egiten, arpilatzen, aberasten... Aberatsa itzuli zen, baina mendebaldeko lurraldea galdu zuen luzerako».

Pertsonaiaren eta gertakarien argi-iluntasun horiek gogoeta pizle izan daitezke. Hasteko, hori da Peio Berteretxe taula zuzendariak pieza honen bidez bultzatu nahiko lukeena: «Testuaren modernotasunak harrapatu gaitu. Botere istorioak, euskal lurraldea, gizartea eta kultura nola marketinaren mende erori diren erakusten du, eta nola salduak izan diren urteak pasatu ahala. Garai hartan baziren, eta baditugu problematika horiek. Batzuetan Antsoren pertsonaia euskal gizartea izan daiteke. Galtzen ari gara, eta kontentatzen gara inguruan ditugun berehalako plazer ttipiekin, ohartu gabe beharbada galdu dugula. Eleberri nazionala egiten dugun ber, Antso Azkarraren mitoa desegiten dugu. Horretan datza Lukuren kritikotasuna eta umorea».

Horregatik ere, Lorea Etxeberrik jokatzen du Aixaren rola, zeinaz maitemindu baita Antso VII.a Azkarra: harremana bada garai historikoaren eta hartu beharreko erabaki egokien zailtasunen isla: «Emazteak gutxietsiak dira antzerki horretan, baina haiek dizkiote egiak erraten Antsori. Hastapenean maitemintzen gara, baina badut kasko gibelean estrategia politikoa aitaren erresumarentzat, aliantza egiteko. Azkenean traizio egiten dit, igortzen bainau giristino izateko zentro baterat, konbertitzeko. Ohartzen naiz, beraz, galdu dudala nonbait, baina erraten diot nire gisa bera ere galtzaile izanen dela, madarikazio bat bezala. Gero neure buruaz beste egiten dut. Aski bortitza da funtsean».

Ofizio eta afizioaren juntan

Arizaleak ez bezala, Peio Berteretxe antzezle eta taula zuzendari profesionala da. Horretan izan da preseski haren desafioa: «Antzerki herrikoi eta amateurretik zetozen jende horiek —gehienetan zirtzilak izan direnak— lotzea literaturari, Shakespeareren antzerkiari, hori baita Lukuren antzerkia. Obra hau da euskal antzerkian irakurri dudan obrarik hurbilena Shakespearenetik: hizkuntzaren, joko erregistroen aberastasunaren aldetik, eskuzabaltasunagatik... Denendako bada jateko: komedia, borroka, poesia, politika, eguneroko lengoaia... Bada magma ikaragarria. Ez da estonagarria sariztatua izan bada, literaturaren aldetik baita kristoren aberastasuna».

Eztitxu Oillarburuk Antso VII.a Azkarraren lehen ministroaren rola jokatzen du piezan. Aitortu du beretzat salto handia izan dela orain arte izan dituen esperientziei alderatuz: «Ohorea eta desafioa izan da, biziki serioa baita pertsonaia, ez demostrazioan. Orain arte rol irekiagoetan aritu naiz, eroxketan. Aldi honetan, berriz, testutik pasatzen da gehiena. Aldaketa handia izan da enetzat. Peiok anitz lagundu gaitu, aldi oroz dena pixka bat hutsetik abiatzen zen proposamen berriekin. Testua anitz landu dugu gureganatzeko eta ahal bezain zuzena izateko. Punpa bat egin dugu testu aldetik».

HELDU DIREN EMANALDIAK
Makean. Bihar, ezkerparetan, 20:00etan.
Donibane Garazin. Agorrilaren 14an, merkatu estalian, 21:00etan.
Baionan. Irailaren 30ean.
Amikuzen. Urriaren 8an.
Hazparnen. Urriaren 15ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.