Museoan irakurtzeko moduko komiki bat

Maria Herreros artistak Georgia O'Keeffe abangoardiako pintore estatubatuarrari eskainitako komikiko marrazkiak jarri ditu ikusgai Durangoko Arte eta Historia museoak, abuztuaren 28ra bitartean

BERRIA.
Inigo Astiz
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Abangoardiaren abangoardian kokatzen du Georgia O'Keeffe artista (Wisconsin, AEB, 1887-Mexiko Berria, AEB, 1986) Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendari eta arte historialariak. «AEBetako abangoardia guztien hasierako artista izan zen; berak egin zuen ia-ia dena. Gertatzen dena da, beti gertatzen den bezala, gizonezko artisten izenak beti gainetik jartzen direla, baina bera gainerako guztien aurretik izan zen abangoardista». Haren figura berreskuratzen duen erakusketa zabaldu dute horregatik. Maria Herreros artista eta ilustratzaile valentziarrak O'Keeffe sortzaileari eskainitako komiki liburuko jatorrizko 102 marrazki zintzilikatu dituzte hormetan. Georgia O'Keeffe X Maria Herreros deitu dute erakusketa, eta abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik.

Aurrez, besteak beste, Lunwberg edota Astiberri argitaletxeentzako lan egindakoa da Herreros, eta munduan eraginik handiena duten 100 ilustratzaileen artean aipatu zuen Taschen argitaletxearen katalogoak 2019an. Kasu honetan, Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoak egin zion O'Keefferi buruzko komiki bat sortzeko enkargua Herrerosi. Artistari erakusketa handi bat eskaini zion iaz erakunde horrek, eta, proposamena borobiltzeko, O'Keefferi buruzko komiki lan bat egiteko eskatu zioten marrazkilariari. Self Made Hero argitaletxeak eman zuen argitara, eta lan hori osatu zuten jatorrizko marrazkiak dira orain Durangon ikus daitezkeenak. Arkatzez eta ikatzez egindakoak dira denak.

2020a eskaini zion proiektuari Herrerosek, eta koronabirusaren itxialdi sasoi betean aritu zen, beraz, sortzaileari buruz ikertzen. Arrizabalagak dioenez, fikzio tantarik txikiena ere saihestu nahi zuen komikian, eta, horregatik, haren eskutitzak hartu zituen artistaren bizitza kontatzeko lehengai nagusitzat. 15.000 eskutitzeko multzo erraldoia arakatu zuen horretarako, eta handik hartutakoak dira lanean txertatutako esaldi guztiak. Artistaren hitzak guztiak.

«Arte modernoaren ama»

Abstrakzioaren aitzindaritzat jo ohi dute adituek O'Keeffe, eta ezagun dira haren lore erraldoiei buruzko zein New Yorkeko etxe-orratzei eskainitako margolanak. «AEBetako arte modernoaren ama» izendatu izan dute horregatik, baina haren lan artistikoaz harago jotzeko erronka jarri zion bere buruari Herrerosek.

Arrizabalagaren hitzetan,O'Keefferi buruz ezezagunak diren pasarte asko ezagutarazteko aukera eskaintzen du komikiak lan horri esker. Eta adibide zehatz bat ere jarri du museoko zuzendariak. «Lore erraldoiak dira bere lanik ezagunenetakoak, eta askotan esan izan dute haiei buruz emakumezkoaren genitalen irudikapen bat zirela, bere senarrak tonu erotikoko argazki batzuk egin zizkiolako, eta, ordutik aurrera, hark egiten zuen guztiari ere ikusten zioten tonu erotiko hori. Baina berak argi esaten du hori ez zela horrela. Gauzarik xume eta sinpleenak aukeratu eta handitu egiten zituela esaten zuen, kontuan har zitezen, eta erakusteko, zelan gauzarik sinpleenak ere ederrak diren. Eta horregatik egiten zituela loreak hain handi, ondo ikusteko, baina ez zeukatela puntu sexual hori. Baina hartzen badituzu hari buruzko liburu eta ikerketak, denek jarraitzen dute emakumezkoaren genitalen erreferentzia aipatzen».

Euskal Herrian, hainbatetan izan da O'Keefferen lanak aurrez aurre ikusteko aukera. Bilboko Guggenheim museoan, esaterako. Modernotasuna eta erregionalismoa (19151945) izeneko erakusketan lehenik, 2007. urtean, eta, iaz, bigarrenez, Emakumeak abstrakziogile izeneko bilduma erraldoian.

Durangon, marrazkiz marrazki zintzilikatu dute Herrerosek artistari buruz egindako lana, eta, nahi izatera, osorik irakur daiteke, hasi eta buka. Hain zuzen, horregatik kokatu dituzte marrazkiak liburuan daukaten ordena berean, narratibotasuna errespetatzeko. Testuak ere badituzte, gainera, orriek. Izan ere, Herrerosek marrazkietan bertan txertatzen ditu hitzak, eskuz idatzita, eta, beraz, bisitariak narrazio osoa irakurri ahalko du museoko ibilbideari jarraituz gero. Gazteleraz daude testu gehienak, eta badira ingelesez idatzitako gutxi batzuk ere.

Komikien aldeko museoak

Lanaren sorburua ere ikus daiteke erakusketan. Amaitutako marrazkiekin batera, Herrerosek egindako O'Keefferen hamalau zirriborro ere jarri dituzte ikusgai, lanaren layout-arekin batera.

Herreros bera Durangon izan zen erakusketaren irekiera egunean, eta zuzenean marrazten aritu zen Ricardo Cavolo artista eta ilustratzailearekin batera. 2x2 metroko marrazki bana egin zuten sortzaileek egun hartan, biak ere O'Keefferekin lotutakoak, eta, hain zuzen, bi lan horiek dira orain bisitariak museoan topatuko dituen lehenak.

Ez da Durangoko museoa bakarrik. Asier Mensuro erakusketako komisarioaren hitzetan, askoz ere zabalagoa da komikigintzari arreta eskaintzen hasi zaizkien museoen zerrenda. Dioenez, joera hori igar daiteke, besteak beste, Parisko Louvren zein Georges Pompidou Arte Zentroan, esaterako, eta baita New Yorkeko MOMA museoan, Amsterdamgo Rijskmuseumen zein Madrilgo Pradon ere. Komisarioak dioenez, horiek guztiak ari baitira «komikiaren alde» egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.