Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Bertako emakumeak dira protagonistak

Hiru koreografo donostiarren lanak emango dituzte aurtengo Tabakalera Dantzan zikloan: Jone San Martinen 'Aditu', Olatz de Andresen 'Doppelgänger' eta Judith Argomanizen 'Dead'

Patrick Alfaya, Clara Montero, Jone San Martin eta Judith Argomaniz, atzo, Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiak eta Tabakalerak sorkuntza garaikidearen aldeko apustua berretsiko dute jaialdiko Tabakalera Dantzan zikloan. Beren sorkuntzari dagokionez heldutasuna erdietsi duten hiru koreografo donostiar izango dira abuztuaren 11tik 18ra gauzatuko den egitarauaren protagonistak. Atzo aurkeztu zuten zikloa, Tabakaleran egindako prentsaurreko batean.

Zikloa osatzen duten hiru koreografiak Aditu, Dead eta Doppelgänger lanetik ateratako hiru pilulak osatzen dituzte, eta lanen zuzendariak Jone San Martin (Donostia, 1966), Judith Argomaniz (Donostia, 1983) eta Olatz de Andres (Donostia, 1976) dira.

Tabakalera Dantzan Aditu lanaren erabateko estreinaldiarekin abiatuko da. Lan horrek dantzaren eta soinu-artearen arteko harremana aztertzen ditu, keinu hizkuntza ere baliatuz. Proposamenak San Martin eta Mikel R. Nieto batu ditu zuzendaritza artistikoan. Bi emanaldi izango ditu saioak: abuztuaren 11n eta 12an, Tabakalerako patioan.

San Martin: «Dantza hizkuntza fisikoa da, eta keinu hizkuntza ere bai. Beraz, merezi du ikertzea soinua zer gehiago izan daitekeen eta zer esan nahi duen sorkuntzan, komunikazioan eta hizkuntzan. Gainera, isiltasuna batzuetan oso gogaikarria da: badaude soinu gogaikarri batzuk normal entzuten dutenentzat, baina entzuten ez dutenek bibrazioak soilik jasotzen dituzte». Lanarekin galderetan sakontzen ari direla esan du San Martinek. Bi dantzarik, aktore batek, ezer entzuten ez duen pertsona batek, keinu hizkuntzako itzultzaile batek eta bi zuzendarik parte hartuko dute proiektuan.

Ibilbide luzea egin du interpretazioan eta kultur kudeaketan De Andresek, eta aurten Musika Hamabostaldian debutatuko du Lokke konpainiarekin, bere Doppelgänger lanetik ateratako hiru pilularekin hain zuzen: Doppel-Xake, Doppel-C3PO eta Doppel-Leo. Hamar eta hamabost minutu arteko iraupena du kapsula bakoitzak, eta «doblearekin proposatutako jolasak eta gizakia gauza edo objektu bihurtzeak» ardaztuko dute lana. Ekitaldi koreografikoak Tabakalerako hiru gunetan egingo dituzte, abuztuaren 17an eta 18an, doan.

Bestalde, Argomaniz dantzariak eta haren Lasala konpainiak itxiko dute zikloa, abuztuaren 18an, Dead lanarekin. Emakumeek Europako gizartean jasan ohi duten zama emozionalak gidatzen du obraren argumentua. «Dead bakarra izan zitezkeen lau emakumeren bizitzez ari da, perfektua izateko gizakia deshumanizatzen duen gizarte batean jaio direnak. Mugak gainditzeaz hitz egiten du obrak, ezarritakoa hausteaz, beti polit egoteko beharraz, eta indartsu egotekoaz ere bai. Badirudi emakumeok beti indartsu egon behar dugula eta aurrera egin».

Oholtzan lau dantzari eta aktore bat egongo dira, eta konpainiak lehenengo aldiz landu du testu bat dantzarekin batera; «abentura bat» izan da Argomanizentzat; «errusiar mendi bat». «Pieza Dead deitzen da, eta hilda esan nahi du, baina bizitzari buruz hitz egiten du. Beti esaten dut bizirik nengoela pixka bat hil egin behar izan dudala piezarekin bete-betean bat egiteko», azaldu du.

Ezohikoa, ezohiko lekuetan

Aurten, hirugarren urtez sortu dute elkarlanean Tabakalera Dantzan zikloa Musika Hamabostaldiak eta Tabakalerak, eta, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariaren hitzetan, aurtengoa ezohiko formatuetan eta ezohiko eszenatokietan oinarritzen da. «Tabakaleraren eta Hamabostaldiaren arteko elkarlana sendotzen ez ezik, sorkuntza garaikidearen alde ere ari gara lanean», esan du. Monterok eskatu du dantza garaikideari ikusgarritasuna emateko.

Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak, bestalde, azaldu du ziklo hori dela jaialdiak Tabakalerarekin guztiz komunaduen bakarra, eta berak espero du «urte askoan» iraungo duela. «Proiektu hau urteetakoa da, epe luzekoa, eta abentura bat da. Orain arte, dantza garaikidea noizean behin agertzen zen Musika Hamabostaldian; zikloaren alde apustu egin dugu, eta publikoak ondo hartzea espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.