Albistea entzun

Hitzekin ere instrumental jokatzea

Rock matematiko dantzagarria egiten du Sofa taldeak, eta bi disko instrumental kaleratu ostean, ahotsak ere sartuta argitaratu du hirugarren lana: 'Krispetak'
Heloy Galanek, Kepa Izetak eta Jonbe Martinezek osatzen dute Sofa taldea egun.
Heloy Galanek, Kepa Izetak eta Jonbe Martinezek osatzen dute Sofa taldea egun. SOFA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko irailak 10

Barre egitea izan da Kepa Izeta Sofa taldeko baxu jotzailearen lehen erreakzioa, baina baietz esan du gero, «ongi jo eta ongi pasa» izan daitekeela euren musika laburbiltzeko lelo egokia. «Kontzertuetan-eta, metalzaleek beti esaten digute hori, akorde maior gehiegi jotzen ditugula, eta happy-egiak garela, baina guk beti izan dugu dantzarako eta alaitasunerako grina hori, natural atera zen hasieran, eta horri eutsi diogu». 2012. urtean sortu zuten Sofa, Zarautzen (Gipuzkoa), eta hirugarren diskoa kaleratu dute orain: Krispetak (Bonberenea Ekintzak eta BCore). Alaitasun moduko batez blaitutako rock matematiko dantzagarria da eurena, eta, aurrez, bi disko instrumental argitaratu ostean —I izenekoa 2015ean, eta II 2017an—, kantuan ere hasi dira. «Erronka polita izan da».

Beste musika tresna bat gehiago balitz bezala landu dituzte ahotsak, halere. Ahotsari taldearen alderdi musikala zapal dezan utzi gabe. Eta diskoa abiatzen duen Zartaiko parakaidistak abestia izan daiteke jarrera horren froga. Bost minutuko iraupena du kantuak, eta hirugarren minutu eta 29. segundotik aurrera bakarrik sartzen da ahotsa.

Hitzen 'kortozirkuitua'

«Bestela ere diskorik diskora denbora hartzen dugu», azaldu du Izetak, «baina konfinamenduarekin denbora gehiago izan genuen, eta proba batzuk egiten hasi ginen. Hasieran, ideiarik ere ez geneukan nola egin nahi genuen, baina nahiko era naturalean atera zen, eta ikusi genuen beste instrumentu bat gehiago izan behar zuela; eta ikasteko asko dugunez, hauxe egin dugu: lehenengo, ahots asko jarri, eta, gero, kendu, emaitza ahalik eta minimalistena izateko. Ahotsak puntu batzuetan zerbait gehitu behar zuela iruditzen zitzaigun, eta, bestela, tresnek izan behar zutela garrantzia, Sofa halakoa delako».

Baina behin kantuan hasita, musikarekin egin bezala, hitzekin ere puntu jostalari eta dantzagarri horri eustea izan zen hurrengo erronka. «Jon Benitorekin [idazlearekin] hizketan, hori esan zigun: gure musika iradokitzailea den bezala, kantu-hitzek ere iradokitzaileak izan behar zutela, ez gintuela ikusten serio aritzen, eta kantatzen hona joan garela eta pentsatu dugula hau edo beste. Lan gogorra izan da, baina saiatu gara zerbait pertsonala egiten».

Eta, kasu horretan, diskoaren aurrerapen modura plazaratutako abestiaren titulua izan daiteke jarrera horren adibiderik argiena: Kokodrilua ta bihurgunia kotxia lapurtu ta perretxiko bila duaz. Hori, edota, palindromoz eta bi norabidetan irakurriz gero esanahi ezberdina duten esaldiz osatutako Alegrergela abestia, bestela. Jolasti. Iradokitzaile.

Estudioa eta zuzenekoak

Izetak dioenez, soinuak gidatu ditu maiz hitzak idazterakoan. «Etxean builaka hasi nintzen batean, 'kortozirkuitua' esan eta esan, gustatu zitzaidan hitza, eta hala sortu zen letra. Hitz baten inguruan egin ditugu kantuen hitzak. Kortozirkuituarekin, edo berdin gero krokodiloarekin ere, kantuan hasi krokodiloa, eta krokodiloa hitza gustatu zitzaidan hor, eta hitz horri tiraka joaten nintzen gero letrari zentzua bilatzen».

Izetak, Heloy Galan bateria jotzaileak eta Jonbe Martinez gitarra jotzaileak osatzen dute hirukotea egun, eta etxean hasi ohi dituzte kantak, Izetak dioenez. Ideiak finko xamar dituztenean hasi ohi dira lokalean. «Egitura edo leloa, riff potenteren bat itxita eramaten dugu». Bestela galdu egiten direla dio baxu jotzaileak. Orduak eman ditzaketela ideia bati bueltaka. Egunak. Asteak. «Buelta asko ematen dizkiogu buruari. Kantu batzuk natural ateratzen dira, eta beste batzuekin bi urte eta erdi eman ditzakegu, baina gero ez daukagu gupidarik kanta bat kentzeko edo erritmo bat kentzeko. Zakarrontzira asko botatzen dugu. Nahiko ipurterreak gara».

Gaztain estudioan egin dituzte grabazioak oraingoan, Eñaut Gaztañaga soinu teknikariarekin, eta Liverpoolera eraman dute gero nahasketak egitera, Alpha Malte Tea Party taldeko Tom Peetersekin. Sofako kideek maite dute Peetersen taldearen musika, eta horregatik jo dute harengana. Izeta: «Rock matematikoko disko asko egin ditu, eta gogoa geneukan harekin lan egiteko». Eta pozik geratu dira emaitzarekin. «Bere espazioa dauka guztiak».

Hamar abesti grabatu zituzten estudioan, baina zortzi sartu dituzte azkenean diskoan. Eta biniloan ere hala antolatu dituzte, lau alde batean eta lau bestean.

Zuzenekoak ere dantzagarri maite dituztela dio Izetak, eta ongi pasatzea eta ongi jotzea izan daitekeela hor ere helburua. Eta barre egin du berriz inguruan euren musikarentzako eszenarik ba ote duten galdetuta. «Barrez aritzen gara gu geu geure artean euskal folk rock matematikoa egiten dugula esatean, eta ez dakit non jarri zuten guri buruz 'XXIII. mendeko pop-a' ginela. Rock matematikoaren inguruan aritzen gara, eta entzuten dugun guztiaren fusio bat da hau, azkenean».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du
Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte
Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñigo Astiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...