Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Gure Asterix eta Obelix dira, gure Mortadelo eta Filemon, gure Spirou eta Fantasio». Dani Fano komikigile eta Xabiroi aldizkariaren arduradunaren arabera, komikigintzaren historiako izenikentzutetsuenen parekoak eta euskal binetatan aurrekorik apenas duten lagun bi dira Haur Besoetakoa (H.B.) eta Lo-li-ta. Eta proiektua, «Euskal Herrian aurrez egin gabeko ahalegin bat». 2007an atera ziren aurrenekoz argitara, Xabiroi aldizkarian, Unai Iturriagaren gidoiarekin eta Alex Sanviren irudiekin, eta beste album bateko protagonista bilakatu dira orain, hirugarrenekoak: Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi. Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi-k argitaratu dute hau ere, eta, egileen antzera, «pozik eta harro» mintzatu da Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria aurkezpenean: «Bere garaian euskarazko komikigintzan zegoen hutsune bat betetzera etorri ginen proiektu honekin, eta, urteak pasatu ahala, jarraitzen du erreferente bat izaten komikigintzan».

2007tik 2014ra bitartean argitaratutako istorioekin osatu zuten Haur Besoetakoaren Litxarrerien jauna lehen albuma; hurrengo lau urteetan agertutakoekin heldu zen Paristik datorren artista bigarrena; eta azken hiruzpalau urteetan emandakoekin osatu dute orain Itsasoan urak handi. Kontakizuna atalka joan da eratuz kasu guztietan, beraz, eta hori «arazo eta abantaila» dela aipatu du Fanok: «Atalka datorren istorio bat modu sendo batean harilkatzea zaila izaten da, baina iruditzen zait hirugarren honetan lortu dutela trinkotasunik handien. Haria hobekien finduta daukana da». Berdintsu hitz egin du Iturriagak: «Aldizkariaren maiztasunagatik istorioek autokonklusiboak izan behar dute, baina uste dut oraingoan asmatu dugula album jarraituago bat osatzen. Luze joko luketen hainbat arrazoirengatik, baina batez ere ikasi egin dugulako guk ere bidean».

Haurrak agindu eta helduak zerbitzatu egiten duten Haurren Hiria atzean utzi dute kontakizun berrian H.B.-k eta Lo-li-tak, eta mundura atera dira estreinakoz, itsas zabalera. Iturriagak kontatu duenez, aurreko albuma amaitzean zalantza handiak izan zituzten pertsonaiak agortu ote zitzaizkien —«aurkezpen hartan duda egin nuen ehorzketa batera ote nentorren»—, baina gidoi aldaketarekin agertu zaie modua jarraipena emateko. «Ni nahiko itota nengoen lehengoarekin, eta kanpora ateratzeak arnasa eman dit. Eta Alexi ere bai, esango nuke; atal bakoitza testuinguru ezberdin batean kokatzeak bere trebetasunak agertzeko eta zabaltzeko aukera gehiago eman dizkio».

Bat etorri da marrazkilaria, eta azken urteetan bien arteko makina «ondo olioztatzea» lortu izana ospatu du. «Lehen bi albumek eskola modura balio izan digute, eta aurreko bi lanetan baino askoz gorago egin dugu hegan honetan. Abentura gehiago dago, baina jarraitu dugu umorearen, kritikaren eta parodia korrosiboaren arteko kontraste horretan». Asmoa, hala, irakurketa maila ugari proposatzea dela aipatu du.

Sanvi: «Kuriosoa da: Unaik botatzen ditu ideiak airera, jakin gabe oso ondo nora, hobeto pentsatu behar duela esanez... eta gero ohartzen zara, demagun hiru urtera, Xabiroi-n dagokion atalean ideia hori ekarri duela; hasieran horren lainotsua zirudien ideia istorioan bideratzea lortzen du». Iturriagaren erantzuna, «misteriorik» ez dagoela, lana bera baino ez. «Azkenean, inork ez du ikasten oinez bidean erori gabe, eta nik behintzat eginez ikasi dut gidoiak egiten. Hau ez da musen kontu bat, ekinaren kontua da».

Egun, elkarren artean eratu duten konfiantzak lanerako alde jokatzen diela ere onartu dute. Iturriaga. «Gidoia marrazkilariarentzako tresna modura ikusten dut nik, ez gauza itxi modura. Uste dut marrazkilariak beti hobetzen duela gidoia, eta elkarlan hori da polita».

Komiki 'vasco'-aren aurretik

Ostiralean hasi, eta urriaren 2ra bitartean egingo dute aurtengo Getxoko Komiki Azoka, eta han izango da Xabiroi beste urte batez, Fanoren esanetan, beste ezein argitaletxek baino egile kopuru handiagoarekin. «Durango gure etxea da, baina Getxo ez hainbeste; Xabiroi bihurtu da euskal komikiaren aingura han».

Hain justu, egun komikigintza oparotasun garaian bizi dela eta egileetako asko Xabiroi-n trebatu direla ekarri du gogora Iturriagak. «Euskal komikia komiki vasco-a baino hobeto dago», esan du;eta «alde handiz!», gehitu Fanok. «Leku batzuetan ez da izaten ari dagokion lekua, baina badugu zer erakutsi». Donostiako Elkarreko Komikiaren Txokoan, inguruko apaletara begiratu besterik ez dagoela erantsi du. «Ikusi egin behar zen hau duela hamar urte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.