Albistea entzun

Bilboren lur azpiko taupada

DDTk disko bat plazaratu du, 'Hemen eta orain', Bilboko eszena alternatiboko hamalau talderen abestiak biltzen dituena. «Lan kolektiboa izan da, maitasunez egindakoa»
DDTko eta bilduman parte hartu duten zenbait taldetako kideak, diskoaren aurkezpenean.
DDTko eta bilduman parte hartu duten zenbait taldetako kideak, diskoaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2023ko urtarrilak 26 - Bilbo

Hiru hamarkada baino gehiago darama DDT elkarteak kultur giroa astintzen eta diskoak, liburuak, fanzineak eta bestelako euskarriak argitaratzen eta banatzen, betiere autogestioaren bitartez eta ikuspegi kritikotik. Orain, beste urrats bat egin dute bide horretan, eta disko bat argitaratu dute, Hemen eta orain izeneko bilduma, Bilboko giro alternatiboko hamalau talderen ekarpenekin.

Bere ibilbide luzean, beste lau bilduma argitaratu ditu DDTk orain arte, CD edo kasete euskarrian eta DIY edo zuk zeuk egizu filosofiarekin bat datozen taldeekin. Zenbait borroka eta herri mugimendu diruz laguntzeko asmoz egindako bildumak izan ziren gehienak. Oraingo lanak, berriz, badu berezitasunik: aurrekoak ez bezala, binilozko diskoa da Hemen eta orain, eta Bilboko taldeak biltzen ditu, «hemen eta orain gertatzen ari denaren erradiografia» egin nahi izan dutelako: «Seguru asko, munduan egin den Bilboko taldeen lehen bilduma da hau», azaldu dute, olgetan-benetan.

Elkarlana oinarri

Diskoa ekoizteko modua ere ez da batere ohikoa izan: «Azken urteetan kontuan hartu gaituzten taldeei omenaldia egin nahi izan diegu, DDTrekin diskoa kaleratu edo gure kolektiboa diruz laguntzeko kontzertuak egin dituztenei, hain zuzen». Eta, horretarako, elkarlana izan dute lanabes.

Diskoan parte hartu behar zuten taldeek batzarra eratu zuten, eta han eztabaidatu eta erabaki zituzten diskoa ekoizteko prozesuaren nondik norako guztiak. «Gu haiekin egon gara prozesu guztian, baina denon artean egindako lan bat izan da», azaldu dute DDTkoek. Talde bakoitzak orain arte argitaratu gabeko abesti bat grabatu behar zuen, eta bazuen horretarako denbora tarte bat; abestiaren nolakoa, eman nahi zuten mezua, erabili beharreko hizkuntza eta gainerako kontu guztiak talde bakoitzaren esku gelditu dira. Grabazioa finantzatu ahal izateko, zenbait kontzertu egin dituzte Bilboko eta inguruetako gune autogestionatuetan.

Grabazioak Promete Puñal Bilboko estudioetan egin dituzte, eta Ander Uriarte Uri arduratu da masterizazioaz: «Ez genuen estudio garesti bat erabili nahi, baina, aldi berean, lanaren kalitatea bermatu nahi genuen. Eta, gainera, gure filosofiarekin bat egiten zuen jendearekin jardun nahi genuen. Urik baldintza horiek guztiak betetzen zituen». Diseinua, berriz, Cris Irisarrik egin du.

Emaitza «Bilboko auzoetan egiten ari denaren argazkia» da, egileen esanetan. Diskoari Hemen eta orain izenburua jarri izana ez da kasualitatea: alde batetik, diskoa bada Bilboko gaztetxe, gune okupatu eta esparru alternatiboetan sortzen ari diren doinuen dokumentua. Eta orain berba sartu dute gaur egungo eszenari erreparatu nahi izan diotelako: «Aspaldiko talde asko, moda dela, kasualitatea dela, garai zaharrak gogora ekartzeko biltzen ari dira, eta arreta mediatiko musikal guztia euren gain hartu dute. Guk, aldiz, esan dezakegu 2022. eta 2023. urteetan bizirik zeuden taldeak bildu ditugula, eta unean uneko argazkia atera dugula».

Askotariko doinuak

Talde gehienak punkaren, gitarra ozenen eta doinu oldarkorren inguruan aritzen dira, baina badago aniztasunik diskoan agertzen diren hamalau abestietan. Azken aldi honetan, punk iluna eta after punk doinuak boladan daude Bilbo inguruan, eta horrelako estiloak jorratzen dituzten zenbait talde agertzen dira bilduman, hala nola Gurs, Aihotz, Difuntos Telaraña, Gonorriaga, Ectoplasmas eta Nuevas Formas de Miedo.

Bestelako joerak ere badaude: popera lerratuagoak (Marmol, 1991), punk rock klasikoa (Shock), rock alternatiboa (Uger), hardcore punka (Helltzales), Motorheaden eta Inepsyren ildoko metal-punka (Motorastola) eta crust eta d-beat erasoak (Arakil).

Taldeen erdiek-edo euskarazko kantua sartu dute bilduman. «Hori ere Bilboko auzoetako errealitatearen isla da», esan dute. Eta taldeen orain arteko ibilbideari dagokionez ere, askotarikoak dira proposamenak: «Talde batzuk ezagunagoak dira, eta eskarmentu handia dute; Shock, esaterako, asko mugitu da hortik, eta Marmolek hamar urte inguru darama jotzen. Beste batzuk, ordea, berri-berriak dira: Arakilek kontzertu bakarra egin du orain arte».

«Diskoarekin, musika hedatu eta taldeak ezagutarazi nahi genituen. Baina beste helburu bat ere bagenuen: eszena sortzea eta komunitatea elikatzea. Jende gaztea eta zaharragoa, musikari beteranoak eta hasiberriak harremanetan jarri ditugu, erabakiak denon artean hartuz». DDTko kideek esan dutenez, «lan kolektiboa» izan da, «maitasunez eta elkarri lagunduz» egindakoa.

Bostehun ale argitaratu dituzte, eta 13 euroan salduko dituzte. Hilaren 21ean festa bat antolatu zuten diskoa aurkezteko eta parte hartu duten taldeei ale bana emateko: «Gure asmoa da laster benetako aurkezpen bat egitea disko bat aurkeztu behar den moduan, hau da, zuzeneko emanaldien bidez».

Bitartean, egitasmo gehiagori ekingo diote DDTkoek: «Musika alternatiboa eta idazlan politiko eta militanteak babestuz, postaleko Bilbo hau hautsi eta pentsamendu kritiko eta antiautoritarioa hedatzen jarraituko dugu, hemen eta orain».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Bertso Eguna, iaz, Izpuran. / ©Guillaume Fauveau

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.