Eskuak eskuar dituenak

Eduardo Txillida Belzunzek azken urteetan eginiko margolanak eta bi eskultura bildu ditu Ekain Arte Lanak galerian, Donostian. Sei eskultura jarri ditu San Bizente elizako atarian

Eduardo Txillida Belzunze, Ekain Arte Lanak galerian ikusgai duen koadroetako bati azken ukituak ematen, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
«Koadro bat margotzen hasten naiz, eta hazten eta hazten hasten zait, leku arraroetatik. Dena arraro bihurtzen da». Horrela, eskuak eramaten duen norabideei segika osatzen ditu koadroakEduardo Txillida Belzunzek (Donostia, 1964), eskuak eskuar dituenei helduz. Barrualdeko espazioak dira gehienetan, nahiz eta askotan itsasoa ageri den. «Egunero ikusten dudalako izango da», dio. Artistak leku «errealak» eta leku «imajinarioak» margotu ditu azken urteetan; batez ere bigarrenak, ametsetako lekuak. «Zutabe eta gela horiek guztiak ez dira existitzen; hori ez da inoren etxea. Etxe imajinario bat da», aipatu du Ametsezko lekua XIX koadroa seinalatuz, inguruko handiena. Donostiako Ekain Arte Lanak galerian dago ikusgai, beste hemezortzi koadrorekin eta bi eskulturarekin batera, Ametsak eta egunerokoak deitu duen erakusketan.

Eduardo Txillida eskultorearen seme da Txillida Belzunze, eta haurra zela abiatu zen sormen lanean. Eskulturarekin hasi bazen ere, pinturara egin zuen laster. Eta bietan dabil egun, gutxi asko. «Umetan beti zizelkatzen nuen; eskultoretzat nuen neure burua. Gero, 16 urterekin hasi nintzen margotzen, eta ordutik ez diot utzi. Eskolan ere beti nengoen marrazten; hainbatetan kaleratu ninduten horregatik». Haren ibilbidea gertakari batek markatu badu, ordea, 21 urterekin izan zuen istripua izan da hori: Antigua auzotik Donostia erdigunera zihoala, motor istripu larri bat izan zuen, eta horrek gorputz erdiko paralisia eragin zion. Denborarekin, baina, Txillida Belzunzek lanera itzultzea lortu zuen. «Medikuen pronostiko guztien aurka», azpimarratu du. Ordura arte eskuineko eskuarekin egiten zuen lan, baina aurrerantzean ezkerra izango zen. «Erabat izorratuta nuen ezkerrarekin margotzen hasi behar izan nuen; bestea mugitu ezinik neukan».

Istripuaren ondotik, zizelkatzeari utzi zion denbora luzez. Susana Alvarez emaztea ezinbesteko laguntzaile du artistak ordutik, eta berak azaldu du nola berrartu zuen Txillida Belzunzek eskultura 2010ean: «Mexikora joan ginen erakusketa batera, eta hango lagun eskultore baten etxean geratu ginen, Heberto Guzmanenean. Askok esaten genion eskulturara itzuli behar zuela eta eskulturara itzuli behar zuela. Azkenean, Guzmanek lortu zuen konbentzitzea».

Handik bueltan egin zuen hainbat urteren ondorengo lehen eskultura, 2011n; Adiskideak izena jarri zion, eta hori da Ekainen ikusgai jarri duenetako bat. 2013an egindako Ahalegina da bestea. Biak brontzezkoak, eta biak esku biren formekin osatuak. Txillida Belzunze: «Eskuak gure gorputzeko langileak direlako lantzen ditut hainbeste; lanaren sentsazio hori jasotzea gustatzen zait».

Margotzeari ez dio behin ere utzi, berretsi duenez: «Hori da nirea». Ekainen bildutakoetatik 2012koa da margolanik zaharrena, eta aurtengoak berrienak.

Urtebetez elizaren ateetan

Ekain Arte Lanak galeriako erakusketarekin batera, Txillida Belzunzek sei eskultura jarri ditu ikusgai San Bizente elizaren ateetan, Ekain Arte Lanak galeriatik hurbil, Donostiako Parte Zaharrean. Konpainia onenean izendatu du erakusketa, eta iaz jarri zituen estreinakoz ikusgai Parisen, Louvre museoko plazan.

Eskulturek giza figurak erakusten dituzte; banaka batean, binaka bestean, eta berriz ere bada tartean esku hutsak erakusten dituenik ere. 2015ean hasi zen eskultura horiek zizelkatzen, eta haien inguruko azalpenak ematean, nabarmendu du «sekulako lana» izan zela. «Behatz bat hona, ez zertxobait hara... xehe-xehe zaindu behar da dena». Artistak aipatu du piezen akaberaren gaineko berezitasun modura brontzearen kolore «naturala» duela gustuko, patinaren akabera gabe; hots, hezetasunak eragiten duen oxido geruza gabe. Horregatik, piezak osorik leundu ditu, baina San Bizente kanpoaldean hasi dira jada kolorez aldatzen, eta, urtebete direnez bertan egotekoak, litekeena da aurki berriz leuntzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.