'Sherezade eta tipularen azalak' obrari Donostia Antzerki saria

Epaimahaiaren iritziz, Vaiven konpainiaren obra da iaz Donostian euskaraz helduentzat estreinatu zen lanik onena. Ohi ez bezala, lan irabazlea ez da ekitaldian taularatuko

Sherezade eta tipularen azalak antzezlana. MANUEL DIAZ DE RADA / VAIVEN PRODUCCIONES KONPAINIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Vaiven Producciones konpainiaren Sherezade eta tipularen azalak antzezlanak irabazi du aurtengo Donostia Antzerki saria. Lan hori da, epaimahaiaren iritziz, iaz Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz estreinatutako helduentzako antzezlanik onena. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Ekitaldian ohikoa izaten da saria jaso ostean antzezlan irabazlea taularatzea, baina oraingoan ez da hala izango. Ana Pimenta Vaiven konpainiakoak atzo adierazi zuenez, ikuskizuna «itxitzat» jo dute, eta ezin izan dute berreskuratu. BERRIAk jakin ahal izan duenez, desadostasunak izan dira aktoreen eta konpainiaren artean, eta horien ondorio da lana ez taularatzea. Haren ordez, eta sariketaren oinarriei jarraituz, bigarren sailkatu den obra emango dute ekitaldian, saria banatu ostean: Axut konpainiaren Zazpi senideko.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen dute sariketa, eta hemeretzigarren urtea du aurten. Vaiven konpainiak 2002. urtean ere irabazi zuen saria, Lotsa gabe lanari esker. Iaz Donostian estreinatutako hamasei lanetatik hamabik bete dituzte aurten sariketan parte hartzeko baldintzak—konpainia profesional batek antzezlana lehen aldiz Donostian eta euskaraz taularatzea dira nagusiak—. Horien artetik, epaimahaiak erabaki du Vaiven konpainiaren lanari egitea aitortza. Atzo eman zuten erabakiaren berri Donostiako Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Jon Insaustik, Euskara zinegotzi Miren Azkaratek, Vaiven konpainiako Ana Pimentak, eta Ainara Ortegak, antzezlana euskarara itzuli duenak.

Joseba Usabiagak (Euskal Aktoreen Batasuna), Silvia Manzanak (Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Oihana Maritorenak (AISGE elkartea), Karlos del Olmok (idazlea eta itzultzailea), Zuriñe Maguregik eta Unai Etxebestek (publikoaren ordezkariak) osatu dute aurten epaimahaia. Haien ustez, obra sarituak gai sakona lantzen du, «modu arinean» landu ere. Epaimahaiak azpimarratu du antzezlanaren testua «oso testu poetikoa eta ederra» dela, eta lan metaforiko handia dagoela obran. Antzezleen lana ere «oso ontzat» jo du, «gorputz adierazpena izugarri lantzen baitute, eta lan fisiko ikaragarria egiten baita».

Agertokian elementu gutxi badaude ere, guztiak «oso ondo eta zentzu handiz» erabiltzen direla iritzi dio, berrerabili egiten baitira. «Arriskuak hartu dituen antzezlana izan arren, oso ondo bideratu dute, eta ausarta da benetan». Euskararen erabileraz, epaimahaiak adierazi du «oso euskara egokia» erabili dutela, eta gazteleratik euskarara itzuli den lan bat bada ere, «oso itzulpen ona» dela, «literarioa baita».

Vaiven konpainiak 12.000 euroko saria eta Andres Nagelen artelan bat jasoko ditu.

Surrealismo ukituak

Sariagatik eskerrak eman zituen Pimentak, uste baitu proposamena «arriskatua» dela, dauzkan ezaugarriengatik, eta talde osoaren lana ere eskertu zuen. «Ukitu surrealistak dituen ipuin tragikomiko» gisa definitu zuen obra, eta azaldu zuen Mila gau eta bat gehiago ipuinaren «irakurketa metaforikoa» egin dutela. Ipuin hartan, Sherezade bahituta dago, eta bizirik iraun nahi badu ipuinak kontatzeko agintzen diote. Antzezlanean, aldiz, Pimentaren hitzetan, pertsonaia guztiak dira Sherezade; «denek kontatzen dituzte ipuinak bizirik irauteko, eta bizitza bera da bahitzailea». Gehitu zuen geruzaz geruza eraikia dagoela, eta obrak gogoeta egiten duela bikote harremanei, emakumetasunari, lan munduari eta beste hainbat gairi buruz.

Ortegak ekarri zuen euskarara obra, eta hark ere talde osoaren lana txalotu zuen, aktoreena nabarmenduz. Azaldu zuen hasieran «erronka izugarria» iruditu zitzaiola, obran bazeudelako surrealismoa, momentu oso onirikoak, metaforak... «Baina beste behin ere konturatu naiz euskara uste duguna baino handiagoa dela, eta nahi dugun lurmutur eta metafora guztietara iristen dela».

Donostiako Udaleko ordezkariek azaldu zutenez, iaz helduentzako hamasei antzezlan eta 45 emanaldi egin ziren Donostian, eta 7.544 ikusle bildu ziren emanaldietan. Azkaratek adierazi zuen sariketa euskarazko antzerkigintza sustatzeko modu bat dela, eta bide hori lantzen jarraitzeko borondatea agertu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.