Ezusteko gonbidatua festan

Aimar Olaizolari irabazita, Joanes Bakaikoak «amets bat» bete zuen iragan igandean. Orain, beste baten bila doa: lau eta erdiko San Fermin torneoko finala jokatzea.
Joanes Bakaikoa partida bat irabazi izana ospatzen, Bigarren Mailako buruz buruko txapelketan.
Joanes Bakaikoa partida bat irabazi izana ospatzen, Bigarren Mailako buruz buruko txapelketan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko ekainak 26
Amak egiten dio agertzen den egunkarietako artikuluen bilduma. Joanes Bakaikoak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1997) etxean du bere egun gozo eta gazien dokumentatzailea. Bi urte eta erdi dira profesionaletan debutatu zuela, eta, momentuz, gehiago dira gogoratzea merezi duten orrialdeak ahazteko modukoak baino. Bildumaren hasieran debuteko eta Bigarren Mailako txapelen kronikak izango zituen ziur asko, baina, astelehenaz geroztik, beste batek kendu die lekua: Aimar Olaizolari lau eta erdian irabazi zionekoa. Ez da gehiegizkoa. Bakaikoa bera bat dator: «Denak dira oso garrantzitsuak. Txapelak irabaztea oso polita da, baina hau garrantzitsuagoa da. Aimar txikitatik miretsi izan dut, idolo bat da. Haren aurka jokatzeagatik bakarrik oso pozik nengoen; bada, pentsa irabazita. Bigarren Mailako finalak zailak dira, baina Aimarri irabaztea are zailagoa».

Beasainen (Gipuzkoa) gailendu zitzaion idoloari, 22-18, eta lau eta erdiko San Fermin torneoko Baikoren adarrerako finalerako sailkatu zen. «Partida azkarra» izan zela du gogoan, eta biek huts asko egin zituztela. Ezusteko handia izan zen, eta gazteak bere sakelako telefonoan pilaturiko mezuetan nabaritu zuen balentriaren oihartzuna. Olaizola II.a lesio batetik itzulia da, eta Bakaikoak badaki aurkaria ez zela sasoi betean, baina hari irabaztea inoiz ez da erraza. «Aimar beti da Aimar. Bera zen faboritoa. Seguru asko lau eta erdian jokatzen inoiz egon den pilotaririk onena da».

Olaizola II.aren aurka jokatzen zuen lehen aldia zen, baina aurretik ere harekin topo eginikoa zen, entrenamenduetan, eta bazekien zer nolako erronka zen. «Iaz eta duela bi urte, buruz buruko eta lau eta erdiko entrenamenduak egin nituen harekin. Nik %100 ematen nuen; berak, aldiz, erregulatu egiten zuen, kolpe txarrak eta saihesteko, eta, hala ere, dantzan ibili ninduen. Ahal betean ibili gabe ere ikustekoa da zer- nolako kalitatea duen». Iñaki Artolarekin, berriz, gehiagotan ibilitakoa da. Hura izango du aurkari larunbatean, Barañaingo (Nafarroa) pilotaleku bizian, enpresako adarreko finalean. Eta hura ere sasoi bikainean da. «Bi txapeldun handiri irabazi die [Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxeari], eta biei alde politarekin. Hark beti mugitzen du pilota abiaduraz, eta partida hauetan oso ondo bukatu du tantoa». Bakaikoak, berriz, Olaizolaz gain, Victor Esteban eta Unai Laso kanporatu ditu.

Olaizola II.aren aurka jokatu aurretik ez zion bere buruari amets egiteko eskubiderik eman. Orain, baina, ezin du eragotzi. Amets horrek egun eta toki jakinak ditu: uztailaren 7ko eguerdia, Labrit pilotalekuan. «Urteko jaialdi bereziena da. Agian, ez garrantzitsuena, baina bereziena bai, eta nafarrontzat are gehiago». Egun horretan jokatuko da torneoko finala. «Askotan izan naiz ikusle gisa. Izugarria da sortzen den giroa». Bakaikoaren ilusioa zilegi da, eta Sakana aldean pilotazaleek beste bat dute: Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzea. Bi sakandar elkartu daitezke, baina, horretarako, Ezkurdiak Jokin Altunari irabazi beharko dio ostiralean. «Herrikoek hori esaten didate, sekulakoa litzatekeela, baina biok oso urrun dugu oraindik».

Etiketaren menpe

Debutatu zuenetik, Bakaikoa bakarkako lehietan nabarmendu da. 2018an, Bigarren Mailako buruz burukoa eta lau eta erdikoa irabazi zituen; 2017an, buruz buruko txapeldunorde izan zen. Aurten, Lehen Mailako buruz burukoan parte hartu du, eta Victorren aurka galdu zuen. San Fermin torneoan, berriz, arantza kendu du, ezustean. «Urte txarra izan dut; hatz bat hautsi nuen, eta ez nenbilen gustura. Baina Victorri irabazi nion lehen egunean, eta gora egin dut. Konfiantza eman zidan horrek». Ez da kolpe biziko aurrelaria —1,78 metro luze da, eta 72 kilo pisatzen du—, baina fisikoki ondo prestatua dago, eta partidak gogortzen daki. Defentsa pilotari etiketa du, eta ez du txarrera hartzen, baina... «Ez zait asko gustatzen, errematatzeko gai ez naizela dirudi. Pilotarioi adjektiboak jartzen dizkigute, eta niri, hori. Oldarkorra izan naitekeela erakutsi nahi dut».

Nahi, eta behar du. Binaka Lehen Mailako partida jokatu gabea da Bakaikoa. Postua garesti dago, eta badaki zer norabidetan eman behar dituen pausoak gora egiteko. «Defentsa onak balio izan dit Bigarren Mailan partidak eta txapelketak irabazteko, baina jakitun nago Lehen Mailan jokatzeko ausartagoa izan behar dudala, eta errematean gehiago saiatu, batez ere ezker airez». Azken bi urteetan, datu onak izan ditu: 2017-18ko sasoian 61 partida jokatu eta 41 irabazi zituen (%68); sasoi honetan, berriz, 21 daramatza, hamabi garaipenekin (%58).

Olaizola kanporatzeak erakusleihoan jarri du, eta Artolari irabaziko balio are oihartzun handiagoa izango luke bere izenak. Halere, ez du presarik; badaki partida handietan sartzea «urrun» duela oraindik. «Gaztea naiz. Ez dut estelarrik jokatu oraindik, baina ulertzen dut zergatia. Akats larria litzateke estelarrak eskatzea. Hobe dut hobetzeko dudan horretan pentsatzea». Jaialdiko hirugarren partidetatik lehenetarako pausoa ere ez legoke gaizki.