Azken uda dantza (XI)

Musika, euskara eta sexua

Bere hitz jostalari eta doinu itsaskorrarekin, ibilbide arrakastatsu baten lehen akordea baino ez zen izan Gatibu taldearen 'Musturrek sartunde' aurkezpen kantua, 2002an.

Gatibu taldekoak, Zoramena lehenengo disko luzea Bilbon aurkeztu zutenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun

Inork ez zuen euskaraz horrela abesten. Lurrikara baten pare hedatu zen horregatik irratiz irrati Gatibu taldearen Musturrek sartunde abestiak bizkaieraz kontatzen zuen sexu enkontru apur bat katramilatsu eta, halere, zorionekoa. Musikalki proposatzen zutena ez zen gehiegi urruntzen irrati komertzialetan entzun zitekeen pop-rock alai eta dantzagarriaren eredutik, baina euskal eszenan espezie exotiko bat bezala nabarmentzen zen taldearen letra desinhibitu eta zuzena. 2002. urtea zen, eta lehen diskoa kaleratzera heldu baino lehen piztu zuen entzuleen arreta taldeak. Abestiaren lehen segundotik agertzen zuen paparra Gatibuk, Alex Sardui abeslariak ahots xelebrea jarriz, erdi barrez eta a cappella abesten zuen esaldiarekin: «Helduko nazela berandu... Alkondarie». Haimar Arejitaren gitarra intro bat dator gero, bateria eta baxua, Sardui berriz, «aurrera mutilek!», eta, orduan, 18. segundotik aurrera, abestia. Hogei urteko ibilbide oso baten aurkezpen txartela besterik ez zen hura.

[YouTube]https://youtu.be/9bNwBOWKUvk[/YouTube]

Lehen diskoa aurkezteko prentsaurrekoari erreparatzeko talaia ederra eskaintzen du zazpi diskoz, ehunka kontzertuz eta single ezagunen sorta batez zipriztindutako ibilbideak orain. Ez zutela «plazaz plaza» ibiltzeko gogorik adierazi zioten, adibidez, Egunkaria-n Jon Maia (orduan) kazetariari. «Aurkezpen batzuk» bakarrik egin nahi zituztela, eta, gero, «kontzertu bakan batzuk», eta listo. 20.000 ale saldu zituen lanak, ordea, eta, geroztik, taula gaineko jardun bizia izan dute.

Exkixu desegin ostean, isil antza eman zituen urte batzuk Sarduik, eta Ikastolen Elkarteak eta Labayru ikastegiak hainbat herri kanta moldatzeko egindako enkarguari esker ezagutu zuen Haimar Arejita gitarra jotzailea. Txulufrina eta arrosa diskoa izan zen elkarlan haren emaitza, eta baita Gatiburen hazia ere.

Taldekideen adar rockzalea entzun daiteke Zoramena diskoan. Sendoak dira erritmoa eta gitarrak abestirik gehienetan, eta pop-rock riff klasiko baten antza du Musturrek sartunde abestiaren hasierako gitarrak. Lehen inpresioa baino ez da, ordea: melodiaren inguruan jolasean pasatzen du kanta ia osoa Arejitaren gitarrak, eta jostalari dabiltza Mikel Caballeroren baxua eta Gaizka Salazarren bateria ere.

Maitalearekin izandako sexu saio bat kontatzen du abestiak, harik eta amorantearen bikoteak etxera berehala helduko dela abisu eman, eta narratzaileak korrika alde egiten duen arte. Betiere ezpainetan irribarre batekin. Eta dena sinbolismo handirik gabe kontatuta.

Abestiak sexua «natural, alai eta libre» irudikatzen duela esan zuen Amaia Alvarez Uria ikerlariak, 2012an Sevillan (Espainia) egindako Komunikazioari eta Generoari buruzko lehen kongresuan. Hainbat euskal abesti garaikidek generoa nola irudikatzen duten aztertu zuen ikertzaileak, eta Musturrek sartunde izan zen aipatu zituenetako bat. Abestian maitasunari buruzko inongo aipamenik ez dela egiten nabarmendu zuen Alvarez Uriak, eta hark abestian emakumetzat identifikatzen duen pertsonaiaren rola ere «aktiboa» dela.

20 urte ospatzeko

Aurten ere, Gatibukoek euskara eta sexua izan zituzten mintzagai martxoan Bilboko Miribilla aretoan eskaintzekoak ziren kontzertuaren aurkezpenean. 20. urteurrena ospatu nahi zuten, baina pandemiak saioa bertan behera uztera behartu, eta hurrengo urteko azaroaren 13ra atzeratu dute saioa azkenean.

Arejitak eman zuen azalpena orduan. «Musikak badu gaitasuna euskarazko kantekin euskaldunei eta euskaldun ez direnei rollo ona transmititzeko, bizipoza, martxarako gogoa, sexua praktikatzeko gogoa». Haren hitzetan, hori baita euskarari egotzitako estereotipoetako bat: ez duela balio ez dantzarako, ez sexurako. «Guk jarraituko dugu saiatzen erakusten euskaraz edozer gauza egitea posible dela». Eta Sarduiren broma berehala: «Egia esan, euskara gehiago egiten dugu sexua baino».

Horixe da lehen diskoko lehen kantuko lehen segundoetan entzuten den espiritua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.