Folklore euskalduna, jazz giroan

Euskal kantugintzako klasiko ugari jazz girora moldatu ditu Haizea Martiartu musikariak 'Folketik Jazzera Ensemble' diskoan. Grabazioan beste zortzi musikari izan ditu alboan

Haizea Martiartu saxofonistaren lehen lan pertsonala da Folketik Jazzera Ensemble, euskal folklorearen berrinterpretazio bat jazz ukituekin. NATALIA CAMPOS.
Nagore Arin.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Folketik eta jazzetik, bietatik du Haizea Martiarturen (Markina-Xemein, Bizkaia, 1991) Folketik Jazzera Ensemble disko berriak (Gaztelupe Hotsak-Errabal). Saxofonista da Martiartu, eta ez du oharkabean hautatu izen hori, euskal kantugintzako klasiko ugari jazz girora moldatu eta birformulatu baititu estreinako lanean. Aldapeko, Santa Ageda eta Txoria Txori dira proposamen horietako zenbait, eta, melodikoki zein harmonikoki hots etxetiarra badute ere, esperimentaziorako tartea utzi du musikariak.

Orain dela bi urte sortu zitzaion proposamena garatzeko aukera, Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan: «Proiektu bat gauzatu behar genuen, eta konposatzen hasi nintzen. Konturatu nintzen Euskal Herriko kantuek eragin handia zutela nire konposatzeko moduan». Horrela, eragin hori indartu zezakeela pentsatu zuen: «Iruditu zitzaidan ideia aproposa izan zitekeela gaztetan inguratu ninduen musika eta geroago ikasi dudana proiektu berean batzea». Eta folketik hasi eta jazzera, kantu klasikoen ikuspuntu pertsonal bat eratu du, euskal kantuetan oinarritutako sei piezarekin eta bi konposizio propiorekin.

Proposamen horiek garatzean, hainbat musikari zein disko izan ditu eredu gisa. Miguel Zenonen Alma Adentro lana du horietako bat: «Graduan ikasi nuen, eta asko inspiratu ninduen. Puerto Ricoko kantu klasikoak formatu handi batentzat moldatu, eta jazz giroan jotzen ditu. Liluratuta utzi ninduen Zenonen proposamen hark». Euskal Herrian ere izan ditu erreferenteak. Iñaki Salvador piano jotzailea eta Mikel Andueza saxofonista, adibidez: «Egin izan dituzte euskal kantuen bertsioak, eta eredugarriak izan dira. Hala, nazioarteko musikarien ideiekin eta euskaldunen bertsioekin, nik nire esperimentu pertsonalera eraman dut proiektua».

Eta ereduak eredu, bilduma pertsonala eraiki du, melodia eta doinu ezagunekin jolastuz, eta ukitu esperimentalagoekin ere batuz: «Entzuleak zabalik izan beharko ditu belarriak. Kantuen funtsa ezaguna da, baina hainbat moldaketa egin ditut melodikoki zein harmonikoki. Hortxe dago lanaren puntu esperimentala». Bi konposizio propio ere entzun daitezke diskoan: Bazterrak eta Uda-Barri. Lehenaren kasuan, jaialdien ondoren goizean goiz herrian entzun ohi zituen txistu doinuekin esperimentatu du: «Kalejiran entzuten nituen, eta sonoritate horretan oinarrituta sortu dut, zortziko formatuan». Uda-Barri piezaren kasuan, alta, konposizio mota pertsonalago bat erabili du: «Diskoko azken abestia da, modu pertsonalago batean sortu dut, eta atzean badu Euskal Herriari eginiko omenaldi txiki bat».

Elkarlanean egina

Markinarra da, baina urte asko daramatza Bartzelonan bizitzen. Herrimina sentitzen duela aitortu du, eta, neurri batean, horrekin ere lotzen du horrelako proiektu bat gauzatu izana. Bartzelonan bertan grabatu ditu kantuak, eta beste zortzi musikariren laguntza izan du: «UnderPool estudioetan grabatu dugu. Bertan bizi naiz, eta oso erosoa izan da. Gainera, nire lagun musikariekin grabatu dut». Pozik agertu da lagunekin proiektu pertsonal bat garatzeko aukera izan duelako, eta haien profesionaltasuna azpimarratu du: «Ohore bat izan da nire lagunekin eta, aldi berean, profesionalekin grabatzea. Eszena honetan asko miresten ditudan musikariak dira». Elkarlan horretan, Lucia Fumero (pianoarekin), Joan Mar Sauque (tronpetarekin), Jofre Alemany (saxo tenorrarekin), Sergio del Campo (zeharkako flautarekin eta piktoloarekin), Pol Ribo (bateriarekin), Eneko Urrestarazu (tronboiarekin) Julio Marin (klarinete soprano zein klarinete baxuarekin) eta Carla Gonzalez (kontrabaxuarekin) izan ditu bidelagun.

Martiarturen lana babestu eta argitaratu duen diskoetxea, aldiz, Euskal Herrikoa da. Ezaugarri hori bera goraipatu du musikariak: «Gaztelupeko Hotsak zigilupean egin dugu, eta hori garrantzitsua izan da niretzat, kanpoan grabatu arren, produktu euskaldun bat egin dugulako». Diskoaren azala ere etxean egina da: Jone Sastraka ilustratzaileak egin du, eta mimo handiz sortu dute, proiektuaren alderdi bisualari ere garrantzia eman nahian. Plataforma digital guztietan entzun daiteke lana, eta formatu fisikoan ere eskuragarri dago diskoetxearen webgunean. Pandemiaren ondorioz, oraindik ez du garbi lana noiz, nola eta non aurkezteko aukera izango duen, baina haren hitzetan, litekeena da martxoan kontzertu bat ematea Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.