Errealitate aldakorrak

Jon Otamendik artista ugariren lanak bildu ditu 'Un mundo sin cualidades' erakusketan, Bilbon. Otsailaren 20ra arte da ikusgai

Jon Otamendi komisarioa Un mundo sin cualidades erakusketan, Bilboko Carreras Mugica galerian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
«Irudi estatikoak alde batera utzi, eta erakusketa osoa dago mugimenduan; gauzen joan-etorriarekin du zerikusia». Euskal kulturaren testuinguruan lan egin duten hainbat artistaren lanak modu dinamikoan bildu ditu Jon Otamendi komisarioak (Getxo, Bizkaia, 1978) Un mundo sin cualidades izeneko erakusketan: Miguel Alejos, Lorea Alfaro, Txomin Badiola, Iñigo Cabo, Jon Mikel Euba, Ainhoa Lekerika, Itziar Okariz, Sergio Prego, Akane Saraiva eta Sen Serrarenak. Bilbon dago ikusgai, Carreras Mugica galerian, eta otsailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Komisario lanetan aritu da Otamendi oraingoan, baina artista ere bada. Haren lanaren ezaugarririk nabarmenena hau da: artearen ohiko espazioetatik kanpo geratzen da. Kasu honetan ere, hainbat lagunen artean aukeratu dituzten obrak espazio berean jartzean gertatzen den topaketa erakutsi nahi izan du. Zehazki, topaketa horretako harremanak erakutsi nahi izan ditu. Izan ere, komisarioaren hitzetan, harreman horiek hiru mailatan eman daitezke: «Arkitekturaren barruan, arkitekturan eta arkitekturaren aurretik». Otamendi: «Objektuen eta arkitekturaren bidez, gure errealitatea sortzeko dugun moduari buruz hausnartzera bultzatu nahi da».

Elementuen joan-etorria

Carreras Mugica galeriaren espazio osoa hartu du erakusketak. Sarrera bi bozgorailu handik markatzen dute. «Sen Serra musikari galiziarraren Sensaciones diskoa egunean behin bakarrik entzun daiteke; hortaz, baliteke zoazenean entzutea egokitzea ala ez». Eskuinerako bidea hartuz gero, areto bat dago, Estudioa, eta Miguel Alejos eta Akane Saraivarren bi bideo proiektatzen dira bertan. «Trantsizio espazio» bat dela adierazi du Otamendik: «Ohituta gauden erritmotik erritmo motelago batera igarotzen da espazio horretan». Bestalde, erakusketa aretoan sartzerakoan, puzgarri antzeko bat aurkituko du bisitariak. Sergio Pregok erakusketa horretarako «bereziki» sortutako lana da, eta galerian zehar mugitzeko bolumen ezberdinak agerrarazten ditu. Sabaira begiratuz gero, Txomin Badiolaren Ciudad de nadie argazki seriea ikus daiteke. «Erretratatutako aurpegi horiek lausotu eta argitu egiten dira kanpoko argi naturalaren arabera». Lurrean, berriz, saskibaloiko baloi batekin topo egin dezake bisitariak, esate baterako. Ainhoa Lekerikaren lana da, eta ohiko objektu bat izateari utzi eta gauza zehaztugabe bat bihurtzeko egindako trantsizioa erakusten du. Horiekin batera, beste hainbeste lan ere ikusi ahal izango dira, erakusketan murgildu ahala.

Proposamena galerian ikusgai egongo den hiru hilabeteetan zehar, momenturen batean, Itziar Okarizek performance bat egingo du. Ekintza artistiko hori galeriaren webgunean ikusi ahal izango da. «Oraindik ez dakigu noiz izango den, baina streaming bidez ikusi ahal izango da». Modu berean, une oro, momentu horretan gertatzen ari dena ikus daiteke webgune horretan.

Esperientzia pertsonala

Izatez, ez dago ibilbide jakin bati jarraitu beharrik piezen artetik. «Elementu bakoitza bere lekuan jartzen saiatu naiz, baina oso erakusketa autonomoa da, eta pertsona bakoitza elementu horiekin libreki jar daiteke harremanetan», adierazi du Otamendik. Izan ere, horietako bakoitzaren esperientzia «aldakorra» dela dio, momentuaren araberakoa: «Bakoitzak bere esperientzia propioa izan dezake, eta horrek ez du zerikusirik objektuarekin, baizik eta momentu horretan norberak daukan gorputzaldiarekin: triste, nekatuta, pozik... bagaude, bizipen desberdinak izango ditugu, eta, egunaren arabera, esperientzia aldatu egin daiteke». Hortaz, erakusketa behin baino gehiagotan bisitatzeko gonbita egin du komisarioak: «Polita da jendeak halako esperientziak behin baino gehiagotan bizitzea, norbere irizpide propioa eraikiz joateko». Artea, orokorrean, «etengabeko ezagutza prozesua» delako, haren hitzetan, eta, horretarako, jendea arlo horretara hurbiltzea «funtsezkoa» delako.

Abenduaren 18an erakusketa martxan jarri zenetik harrera «oso ona» izan duela aitortu du Otamendik. «Hala ere, ez da erraza jendearekin topo egitea, bisitariekin hitz egitea. Garai zailak dira, eta, afektiboki, asko kostatzen zaigu lekuetara joatea, mugitzea». Jende gazte asko gerturatu dela dio, eta alde horretatik ere «pozik» dago: «Azken batean, maila altuko artista asko daude espazio berean, eta hori oso onuragarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.