Itzulerak piztutako sentipenak

Migel Angel Mintegik '9 mm parabellum' nobela plazaratu du. Sorterritik behartuta joan eta behartuta itzuli den gizon baten oroitzapenak eta emozioak ditu ardatz kontakizunak

Migel Angel Mintegi, bere nobela berriaren aurkezpen egunean, Donostiako Udal Liburutegian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Herrira itzuli da Martin. Hamasei urte atzera, egoerak behartuta utzi zuen herria. Eta behartuta bueltatu da, amaren hiletara. Garai batean atzean utzitako senideekin, lagunekin eta beste hainbat konturekin egingo du topo sorterrian 9 mm parabellum nobelako protagonistak. Baita bere oroitzapenekin ere. Migel Angel Mintegik Erein argitaletxearekin eman du argitara nobela berria.

1991n plazaratu zuen idazleak helduentzako bere lehen eleberria, Udazkena. Urtearen lehena eta azkena, zeinarekin Irun Hiria sariketan gailentzea lortu zuen. Esker mila, Marlowe (1996), Denak du bere prezioa (2002) eta Barre algarak infernutik (2009) nobelak argitaratu zituen haren atzetik, besteak beste, baita haur eta gazte literaturako hainbat lan ere. Oraingoan idazlea oroitzapenak ardatz dituen lan batekin itzuli dela nabarmendu du Inazio Mujikak, Erein argitaletxeko editoreak: «Oroimenarekin zerikusia duen nobela bat da; oroimen mindua, ozpindua; gure ditxosozko gatazkak ekarritako ondorioek mindua eta ozpindua».

Esan bezala, amaren heriotzak itzularazi du sorterrira nobelako protagonista. Emaztea zena, alaba, arreba, koinatua eta garai bateko lagunak aurkituko ditu bertan, besteak beste, «batzuk aldekoak zituenak, eta beste batzuk kontrakoak». Hala, oroimenean «familiako, herriko eta gatazkako kontuak» sortuko zaizkio, eta horiek kontatzen joango da. Zergatik alde egin zuen ere bai. «Baina hori ez dugu esango, hori baita liburuaren funtsa, hor garatzen da». Editoreak aurreratu du, nobelaren izenburuak iradokitzen duen moduan, istorioak euskal gatazkarekin zerikusia duela, baina zehaztu du ez duela hori funts nagusia. «Euskal gatazkaren gainean eraikia dago nobela, baina nik esango nuke ez dela nobela politiko bat, alderdi politiko bat baduen arren. Uste dut alderdi politikoak adina garrantzia duela alderdi pertsonalak eta horren garapenak».

Bat etorri da idazlea editorearekin izenburuak «garai batzuetara» eramaten duela irakurlea. Hark ere azaldu du protagonistak «egoerak behartuta» alde egin zuela herritik. «Baina nobela hau ez da politika», zehaztu du. «Azkenean, nobela samurra da, hemen inork ez ditu topatuko nobela beltz baten osagarri guztiak. Baditu ukitu batzuk, badira biolentzia apur batzuk, baina gehienetan sentimenduak dira nagusi». Sentimendu ezkorrak, normalean, haren esanetan. Izan ere, bere bizitza atzean utzita joan zen protagonista. «Eszeptiko samarra da; bakean bizi da, nolabait esateko, gizartetik baztertuta, eta orain badaki itzulerarekin atzean utzitako guztiarekin topo egingo duela. Horrekin guztiarekin dantza egin beharko du herrian dagoen bitartean». Haren oroitzapenak eta egungo bizipenak tartekatuko ditu narrazioak.

Bigarren pertsonan

Idazkerari garrantzi berezia aitortu dio Mujikak, liburuak dakarren ekarpen nabarmenetako bat horretan sumatu baitu berak. «Nobela guztia bigarren pertsonan dago idatzita, alegia, narratzailea zuka zuzentzen zaio pertsonaia nagusiari. Efektu berezi bat sortzen du narratze modu horrek, eta uste dut [Mintegik] asmatu duela istorio hau kontatzerakoan».

Hain zuzen ere, idazketak buruhausteak ekarri zizkiola aitortu du Mintegik. «Hiru aldiz hasi eta hiru aldiz utzi; kostatu zait tonua hartzea». Lehen pertsonan hasi zen nobela idazten, eta 50 bat orri idatziak zituela, utzi egin zuen. Bigarren saiakeran, hirugarren pertsona orojakile baten ahotik ekin zion idazteari, baina horrek ere ez zuen konbentzitu. Eta hirugarren ekinaldian erabaki zuen bigarren pertsona baliatzea, protagonistari gertutik hitz egingo zion norbaiten ahotsa erabiltzea. Editorearen ustez, idazleak lortu du kamera batek pertsonaia nagusiari une oro jarraitzen dion sentsazioa ematea, «baina modu oso xumean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.