Albistea entzun

Artearen lekuak. 'Udarregiri omenaldia'

Harrien hizkuntzako bertsoak

1966an ipini zuten 'Udarregiri omenaldia' eskultura Usurbilgo erdigunean, eta festa handi bat egin zuten hura inauguratzeko. Hitzik gabeko bertsoak ezkutatzen ditu.
Mendibururen <em>Udarregiri omenaldia</em> eskulturak bederatzi marra ditu oskol moduko batean; Udarregik egindakoen kopiak dira.
Mendibururen Udarregiri omenaldia eskulturak bederatzi marra ditu oskol moduko batean; Udarregik egindakoen kopiak dira. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko abuztuak 2 - Usurbil

Astegun goiz batean, udalekuetako haurrak batetik bestera dabiltza Usurbilgo herrigunean (Gipuzkoa), taldeetan banatuta, mozorro eta apaingarriekin. Probak gainditzea lortzen dutenek aurkituko dute altxorra. Begiraleak asmakizun bat bota die; denak adi daude: «Mural honek herria koloreztatzen du». Gutxi iraun du isiluneak: «Zumetarena!». Badoaz denak korrika frontoi aldera. Ezin jakin beste hau horren azkar asmatuko ote luketen: «Eskultura honek bertso bat du idatzita, soilik berak ulertzen duena». Leku horretatik mugitu gabe, baten batek Jose Luis Zumetaren muralaren parean dagoen eskultura seinalatuko luke, agian: Mikel Laboaren omenezko Ikimilikiliklik obra, Juan Jose Arangurenek egina. Begirada gehienetatik aparte, pilotalekuaren hegal batean dago, ordea, Udarregiri omenaldia, Remigio Mendiburuk sortua.

Eskultura gris samar ageri da, inguruan duen paisaia koloretsuaren aldean: Zumetaren murala eta frontoia inguratzen duten hamaika grafiti. Bi koskako oinarri triangeluar batek bereizten du lurretik. Harrizko pieza luze baten gainean brontzezko bloke txiki bat dago, hogei bat zentimetro izango dituena alde bakoitzean. Hutsa du barrua, eta irekidura irregular batzuk ditu aurpegi batzuetan. Harrizko oinak oskol moduko bat du goialdean, bederatzi marrarekin, denak ere luzera ezberdinekoak. Behealdean, eskaintza: «Usurbilgo herriak Udarregiri, 1966ko maiatzean».

Interpretatu egin behar: «Figuratiboa ez zen aurreneko bertso harria izan genuen Mendibururen hau. Buru txipi bat irudikatzen du nolabait, burezur karratua, hitzaren kutxa edo leizea izan litekeela adierazten digu aho deformatuak», azaldu zuen Koldo Izagirrek Bertsoaren harria liburuan (Lanku, 2019).

«Giro berri bat» herrian

Juan Jose Alkain zen Udarregi hori (Aia, Gipuzkoa, 1829 - Usurbil, 1895). Bertsolaria. Nekazaria zen ogibidez, eta plazaz plaza aritzen zen kantuan. Usurbilgo Artikula-Aundi baserrian igaro zuen bizitzaren zatirik handiena.

Zehazki, 1966ko maiatzaren 22an inauguratu zuten haren omenezko eskultura. Ezaguna da inaugurazio eguna, hori baino askoz ere gehiago izan zelako: nagusiki Felix Aizpuruak eta Joxean Artzek antolatuta, antzezlanak, kantu txapelketa eta bertsoak izan zituzten herrian, besteak beste; Xalbador, Mattin, Lazkao Txiki, Agirre, Azpillaga eta Lopategi aritu ziren bertsotan. Jaialdi bat izan zen, euskal kulturaren garai hartako mugimenduaren isla. «Zer esango ote luke Udarregi jaunak burua jasoko balu? Ziurki poztu egingo litzateke bere herrian giro berri bat sumatzean», ospatu zuen Zeruko Argia aldizkariko kronikak, Iñaki izenez sinatutakoak.

Ezin esan giro berezirik sumatzen denik orain han. Giroa beste aldean dago, terrazetan eseritako jendearen artean. Eskulturaren aurretik pasatzen da inor tarteka, gehienak erosketak gainean daramatzatela, baina ez diote kasurik egiten. Harri bihurtuta ere, pobre segi behar Udarregik: «Lanerako ez gaude/ zeharo arretan,/ etxean ematen digutena/ daukagu errentan,/ pobreak bizi behar/ pobreen errenkan,/ sardin zaharra jan eta/ ura eran», berriro kantatzeko moduan.

«Eskultura honek bertso bat du idatzita, soilik berak ulertzen duena». Lehen begiratuan, hor ez dago ez hitzik, ez bertsorik. Hori da oskoleko lerroek ezkutatzen dutena. Izan ere, Udarregik ez zekien ez idazten, ez irakurtzen. Baina bururatzen zitzaizkion bertsoak memorizatzeko teknika bat garatu zuen. Teila puska batekin, arrasto batzuk egiten zituen baserriaren hormetan. «Gero, Usurbilgo organista zen Joxe Txiki (Jose Aranburu) etortzen zitzaion. Eta han, arrastoaren aurrean, Udarregi sumatutako bertsoak esaten hasten zen, eta Joxe Txiki eskribitzen. Gero, honek betetako papera inprentara eramaten zuten». Hala kontatu zion Mateo Landa Alkainek, Udarregiren bilobak, Antonio Zabala ikertzaile eta idazleari, berak Auspoa bildumako Udarregi bertsolaria liburuan jaso zuenez (1966).

Sagardotegiak eskola

Behin, Pello Errota honela hasi zen kantuan Udarregirekin: «Berez kupi gaitzala/ guztion jabeak,/ eta eman ditzaigula/ abilidadeak;/ orain hastera goaz/ predikadoreak,/ behin ere kolegioan ibili gabeak». Honela erantzun zion Udarregik: «Hasiera eman du/ Pello Errotariak,/ batek hainbat eginkizun/ badaukagu biak;/ aitortuko ditugu/ publiko egiak:/ gure kolegioak/ sagardotegiak».

Eskultura inauguratu zuten egunean, bazkalostean, Rikardo Arregik hitz egin zuen, euskararen egoeraz kezkatuta: «Euskal Herria oraindik egin gabe dago, guk bakarrik borrokarekin osatu dezakegu», esan zuen. «Udarregi ez dela antzinako kontua adierazten omen digu irudi honek, etorkizunera begiratzen duela, Euskal Herri Berria iradokiz», Izagirreren hitzetan.

Zail dago jakiten nork begiratzen dion etorkizunera begira dagoen eskulturari. Bitartean, haurrek jolasean segitzen dute, asmakizun errazago baten erantzunean pentsatuz: «Balio du jateko, balio du ukitzeko, txalo egiteko eta, nola ez, orri hau pasatzeko».

'UDARREGIRI OMENALDIA'
Egilea. Remigio Mendiburu.
Urtea. 1966.
Teknika. Harrizko eta brontzezko eskultura.
Lekua. Usurbilgo (Gipuzkoa) pilotaleku ondoan, Etxebeste kalean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>sarea / sarea / sarea / ileordea</em> (2022). ©IÑIGO URIZ / FOKU

'Estratuarteak', artikulazio garaikideak

Uxue Rey Gorraiz

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalezen eskulturak bildu dituzte ‘Estratuarteak’ erakusketan, Oteiza museoan. Ekainaren 4ra arte daude ikusgai.

Geure Gelatk liburu azokaren aurkezpena, gaur goizean, Azkoitian (Gipuzkoa). ©Maxixatzen

Mariasun Landa omenduko dute gaur Geure Gelatik azokan

Itziar Ugarte Irizar

Azkoitiko Maxixatzen elkarteak antolatzen du emakume idazleen liburu azoka, eta gaur arratsaldean irekiko ditu ateak. Liburu aurkezpenak, jendaurreko irakurketak eta beste egongo dira bihar iluntzera bitartean.

Janet Leigh aktorea oihuka, After Hitchcockek zuzendutako <em>Psycho</em> (1960) filmeko eszena gogoangarrian. ©BERRIA
Eduardo Txillidaren katalogo arrazoituaren azken zenbakiaren aurkezpena, atzo, Txillida Lekun. ©JON URBE / FOKU

Txillidaren katalogo arrazoituaren azken liburukia argitaratu dute

Itziar Ugarte Irizar

Laugarren liburukia da, eta artistaren mendeurrenaren testuinguruan eman dute argitara; hamar urtetik gorako lanari amaiera eman diote hala

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...