'Irati' filmak 105.000 ikusle izan ditu Euskal Herrian bost astetan

Otsailaren 24tik, beste 37.500 lagunek ikusi dute filma Euskal Herritik kanpo. Estreinaldiko asteburuan euskarazko lan batek inoiz izaniko daturik onenak bildu ditu Paul Urkijoren filmak

Edurne Azkarate aktoreak jokatu du Iratiren rola izen bereko filmean. Irudian, filmeko fotograma bat. IRATI FILMA.
Ainhoa Sarasola.
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bazegoen ikusmina. Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian, Sitgesen erakutsi zuten lehenbizi, iazko urrian, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ondoren, handik egun gutxira. Durangoko 57. Azokan aurrestreinaldi bat ere egin zuten. Baina otsailaren 24ra arte itxaron behar izan zuten ikus-entzuleek Irati filma zinema aretoetan ikusi ahal izateko. Heldu zen Paul Urkijoren lana azkenean aretoetara, eta ordurako sortua zuen ikusminaren erakusle dira estreinaldiaren asteburuak utzi zituen datuak: 24.216 lagun bildu zituen filmak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetan, eta beste 10.487 Espainiako, Kataluniako eta Galiziakoetan; estreinaldiko asteburuan euskarazko lan batek inoiz bildutako gehien, orain arte. Ibilbide oparoa egiten segitzen du ordutik, eta jada 105.478 lagunek ikusi dute filma Hego Euskal Herriko zinemetan, eta beste 37.464 lagunek oraintxe ikusgai dagoen gainerako aretoetan.

Pozik eta, batez ere, esker oneko dago Urkijo filmak izan duen harrerarekin. «Pelikulak ez dira existitzen edo filmek ez dute zentzurik ikus-entzuleak zinemara joaten ez badira. Oso erantzun polita izan du, eta oso eskertuta nago». Lehen asteburuan halako ikusle datuak lortuko zituztenik ez zuela buruan azaldu du, «inoiz ez delako jakiten zer gertatu ahal den». Edonola ere, berak zuzendari gisa ikustea gustatuko litzaiokeena sortzen duela gehitu du. «Nik, pelikulak egitean eta istorioak kontatzean, espero dut jendeak gustukoa izatea». Sumatzen zuen Sitgesko zein Donostiako jaialdietan erakutsi ondotik—eta bietan ikusleen saria jasota gainera— Irati-k ikusmina sortua zuela, «gehienbat Euskal Herrian, euskal mitologiaren eta euskal historiaren inguruko film epiko bat delako, eta izan daitekeelako gauza berezi bat». Eta nabaritu zuen hainbat lagun ikusteko «irrikatan» zeudela. «Polita izan da, behin estreinatuta, jendea zinemara joan dela ikustea».

Azken asteotan Euskal Herriko udalerri askotan izan da zuzendaria, emanaldietan filma aurkezten, baita Espainiako zein Kataluniako zenbait hiritan ere. «Nahi nuen publikoarekin aurrez aurre hau partekatu; azkenean, pelikulan herriak niri emandako elezaharrak jaso ditut, eta pelikula herriarentzat ere egin dut; hor egonda herriarekin partekatzea polita iruditzen zitzaidan». Bueltan jasotakoa ere ederra egin zaio, jende askok esan baitio «bere» egin duela Irati, eta esker oneko hitzak ere jaso ditu halako osagaiak dituen istorio bat errespetuz landu eta zinemara eramateagatik. Baita Euskal Herritik kanpo ere.

Ipar Euskal Herrian ere, aurki

Orotara 112 kopia banatuta estreinatu zen Irati, eta Espainiako Estatuan gehien ikusitako lanen artean azkar egin zuen lekua. Zinemetan orain arte gehien ikusitako euskarazko filma bihurtu da, 2017an Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia-k jarritako 133.296 ikusleren langa gaindituta —Filmax banatzailearen arabera, jada 142.942 ikusle izan ditu Irati-k—.

Hego Euskal Herriko aretoetan ikusgai dago oraindik filma, baita beste areto batzuetan ere. Eta Ipar Euskal Herrira ere aurki helduko dela iragarri du Urkijok; Frantziako aretoetarako banatzaile baten bila ari dira, baina, hori baino lehen, Ipar Euskal Herrian estreinatzea da lantaldearen asmoa. «Hemendik oso gutxira» jakinaraziko dute noiz eta non izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.