Sortu, landu eta solte utzi

Chris Kase jazz musikariak laukotean plazaratu du 'Let Go' lan berria, Errabal Jazzekin. Donostiako Altxerrin aurkeztuko du, gaur

Chris Kase musikaria, tronpeta eskuetan duela. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Irudi estereotipatua du jazzak; edo baita hori ere, behintzat. Aske izatearena, libre sortua izatearena, airos dantza egitearena. Eta badu hortik Chris Kase Quarteten Let Go (Errabal Jazz) lan berriak ere, izenburutik beretik hasita: utzi eramaten. Solte. Ideia horrekin bat egiten du «hein batean» proiektuaren lemazainak, Chris Kase tronpeta jotzaileak (New Jersey, AEB, 1964). Baina ez erabat. «Gehiegi utziz gero eramaten, galdu egin zaitezke, eta hori ere ez da ona sorkuntzarako. Jo nahi duzun estiloaren parametro batzuk zaintzea ere komeni da».

Kasek sorturiko konposizioek ematen dute bidea gogamena libre uzteko; badute giro atmosferiko bat, baina ez ezinbestean jazz anbientalera egiten dutenak. «Ez dut uste denik musika bat anbientala, edo goxoa bere horretan, badu sakontasun bat». Kaseren musikaz diotena da hunkiduratik baino gehiago duela gogoetatik. Kasek berak dakar ñabardura: «Izan dezake bietatik ere, ez baita musika hotza. Musika konplexua da harmonikoki, melodia eta erritmoari dagokionez, baina saiatzen gara entzulea ez gehiegi nekarazten».

Musikari izateaz bat, musika irakasle ere bada Kase. Madrilen bizi da 1997az geroztik; irakasle da hango Alfonso X El Sabio unibertsitateko fakultatean, eta Musikene Euskal Herriko Goi Maialako Musika Ikastegian ere klaseak ematen ditu, Donostian. Haatik, pedagogiarako bokazio horrek ez dio eragiten sortzeko unean, «ez beste edozein esperientziak baino gehiago behintzat». Eta, alderantziz. «Musikari bezala ditudan esperientziek asko aberasten dute nire irakaskuntza lana».

Errabalekin bigarrena

Ez da Soraluzeko (Gipuzkoa) Errabal Jazz zigiluarekin kaleratu duen lehen lana. Aurrez, My Private Circus plazaratu zuen, 2013an. Bere ibilbideko zortzigarren diskoa du Let Go. Eta badu aurrekoekin alderatuta berezitasun handi bat, sortzeko abiapuntutik beretik. «Aurreneko aldia da pianorik gabeko diskoa plazaratu dudana. Sortzeko orduan oso garrantzitsua izaten da pianoa. Neuk ere jotzen dut pixka bat, eta baliagarria izan zait beste kasu batzuetan. Hala ere, oso ondo moldatu gara oraingoan». Ondo moldatu dira laukote modura. Marcos Collado (gitarra), Ander Garcia (baxua) eta Miguel Benito (bateria) izan ditu alboan: «Azken hiru urteetan elkarrekin aritu gara lanean eta zuzenekoetan, eta hori nabaritu egiten da. Gainera, Marcosek hiru esku dituela ematen du, eta gitarrarekin soinu geruza desberdinak ateratzen ditu; ez da pianoaren falta sumatzen». My Private Circus ia berak bakarrik ondu zuen, eta berri hau «talde lana» izan da, gidariaren beraren hitzetan. Edozein modu da ona sortzen hasteko. «Askotan, musika tresnarekin jolasten ari zara, eta interesgarria izan daitekeen zerbait ateratzen duzu, gero hura beste kideekin garatzeko». Hala sortu eta garatu ditu Let Go osatzen duten 11 piezak.

Teaser izeneko piezak zabaltzen du diskoa, Charlie Parkerrek ezagun egin zuen Star Eyes klasikoan oinarritua: «Star Eyes 7/4an joko banu zer sor litekeen sumatu nahian inprobisatu nuenetik sortu zen kantua».

Diskoarekin batera landutako libretoan pieza bakoitza modu labur baina zehatzean esplikatzen du Kasek, irakasleari dagokion bokazio pedagogikoz.

Indartsu zein barnerakoi

Gainerakoan, diskoak oreka moduko bat dauka pieza indartsu txinpartatsu eta barnerakoiagoen artean. Puddle Jumper-ek, adibidez, doinu jauziak eta baxu lerro nabarmenak ditu oinarrian, eta «ume bat espaloiko putzuen gainetik jauzika» ekartzen dio gogora Kaseri. Riff One piezan, ostera, Kaseren doinu nagusia eta taldeak jorratzen dituen erritmoak kontrakarrean doaz.

Barnera begirako piezen artean daude diskoari izenburua ematen dion Let Go, zeinetan musikariak hil berri zaion senide bati omenaldia egiten dion, 1999an konposatu eta orain artean argitaratu gabeko The Wishing Song, eta fliskornoaren (Kasek berak jota) eta gitarraren arteko galdera-entzunezko solasaldia islatzen duen Afastado.

Madrilen bizi da, baina Euskal Herrian ez da «batere arrotz» sentitzen, bai lanagatik eta baita bestela ere sarri etortzen baita. «Beti ondo hartu izan gaituzte, eta oraingoan hala izatea espero dut». Atzo, Gasteizko Dazz aretoan aurkeztu zuen diskoa laukoteak, eta, gaur, Donostiako Altxerri klubean ariko da. «Izenburuak dioen bezala, eramaten utziko gara. Kantuek oinarri batzuk dituzte, baina gero zuzenean haien gainean inprobisatu egiten dugu; modu desberdinetako bertsioak atera daitezke. Horregatik, zaila izango da lan berriko kantu guztiak jotzea». Bai diskoa entzuten duenak, bai zuzenekoetara doanak ere, eramaten uztea izango du aukerarik probetxuzkoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.