Musikari gazteen klasikoak

Hasi da Euskal Herriko Gazte Orkestraren udako jarduna. 80 musika ikaslek Eibarren landuko dituzte Stravinskiren 'Suzko txoria' eta Rakhmaninoven '2. kontzertua'.

Hamar egun emango dituzte Eibarren udako emanaldiak prestatzen, Juan Jose Ocon zuzendariarekin. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Andoni Imaz.
Eibar
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ikasturte amaierako emanaldiarekin batera musikari gazteek oporrak hasten dituztela pentsa lezake inork, baina dozenaka gaztek Euskal Herriko Gazte Orkestran (EGO) parte hartzeko baliatzen dute uda sasoia. Uztailaren 14tik 24ra, Eibarren (Gipuzkoa) elkartu dira 16 eta 26 urte bitarteko 80 musikari, aurtengo errepertorio sinfonikoa landu eta udako lau kontzertuak prestatzeko. Lehen urtea da batzuentzat, baina ikasle askok errepikatzen dute EGOko esperientzia.

Laugarren urtea du Uxue Sansiñena kontrabaxu jotzaileak (Irun, Gipuzkoa, 1999), eta orain arteko esperientzia «ikaragarria» izan dela dio, ezagutu dituen inguruko musikari gazteengatik, batez ere. Argi dauka musikari bideari jarraitu nahi diola: Iruñean ikasten du, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta etorkizunean Euskadiko Orkestra Sinfonikoan jo nahi luke. Leire Gutierrezentzat (Bilbo, 1998), ordea, lehen urtea da EGOn, eta desafioa da harentzat han jotzea: «Plazer handia da, baina zaila da». Datorren urtean ekingo die musika ikasketei, eta Alemaniara abiatuko da, Frankfurten goi mailako biola ikasketak egitera, hango kontserbatorioko irakasle bat ezagutzen baitu.

Dagoeneko laugarren eguna dute Eibarren, eta musika jotzen ematen dute denbora, 10:00etatik 13:30era goizez, eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez. Ez da asko falta kontzertuekin hasteko, eta Juan Jose Ocon zuzendari artistikoak argi dauka: «Lan gehiago behar denean, gehiago entseatzen da». Atzo arte atalka jo dituzte konposizioak, talde bakoitzak bere irakasleekin, baina gaurtik aurrera antzokian egingo dute lan, guztiek batera. Hori da ikasleei gehien gustatzen zaien unea.

«Errepertorio unibertsala» osatu dutela dio Oconek. 21 urteko ibilbidea du orkestrak, eta ia hemezortzi daramatza berak bertan. Garrantzitsua iruditzen zaio gazteei orkestra batean jotzeko aukera ematea, «konplikatua» baita egun. Errusiako bi konpositore entzutetsuren musika joko du orkestrak, «luxua», zuzendariaren hitzetan, ez baita ohikoa izaten halako gazte taldeetan.

Bi konpositore ezagunen lanei heldu die orkestrak: Igor Stravinskiren lan bati eta Sergei Rakhmaninoven beste bati. Suzko txoria balletarekin, behin betiko finkatu zen Stravinskiren nazioarteko ospea, eztabaida eragin bazuen ere ordura arteko harmonia eta konposizio moduak lotsagabe hautsi baitzituen hark. Lan birtuosoa da Rakhmaninoven Pianorako eta orkestrarako 2. kontzertua do minorren, pianoaren eta orkestraren arteko solasaldia. Batzuetan, pianoa izango da protagonista, orkestrak lagundu bitartean; besteetan, berriz, pianoak orkestrarekin bat egingo du.

Piano bakarlari batek bere trebezia erakusteko tartea ere eskaintzen du Rakhmaninoven kontzertuak, eta Jon Urdapilleta piano jotzailearena (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa, 1996) izango da ardura. Biolin jotzailea izan zen EGOn hiru urtez, eta gaur egun pianoko goi mailako ikasketak egiten ari da Londresko Royal Academy of Music ospetsuan, Rustem Hairundinov irakaslearekin. «22 urterekin izan dezakezun esperientzia guztia du», Ocon zuzendariaren ustean. Gaur hasiko da gainontzeko musikariekin batera entseatzen.

Zortzi irakasle aukeratu dituzte ikasleak asteotan trebatzeko: Catalin Bucataru (biolina), Christian Ifrim (biolina), Francisco Regozo (biola), Damian Martinez (biolontxeloa), Ander Perrino (kontrabaxua), Herve Michaud (zurezko haize instrumentuak), Rodolfo Epelde (metalezko haize instrumentuak) eta Jorge Pacheco (perkusioa). Gaztetan EGOn aritutako musikari batzuk irakasle itzuli dira, munduko orkestra garrantzitsuenetan jo bitartean.

Horietako bat da Ander Perrino kontrabaxu irakaslea. 12 urterekin hasi zen kontrabaxua ikasten Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, Aleksander Mikolakzik irakaslearekin, eta, 16 urte zituela, EGOko kiderik gazteen bilakatu zen. «EGO hasiera da» Perrinorentzat, «orkestra sinfoniko batean aurrenekoz jotzeko aukera». 2009az geroztik, Berlingo Deutsches Sinfonieorchester akademiako kidea da, eta askotan jotzen du Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin. Lauzpabost urtez izan zen udako emanaldietan, eta ondo ezagutzen du orain bere eskuetan dauden ikasleen egoera. Badira gazteei presio egiten dieten irakasle zorrotzak, baina Perrinok nahiago du haiek motibatzea, pentsaraziz gauza bakoitza zergatik egiten duten, zergatik duten musika tresna esku artean. Musikari profesional izateko bidetik jo edo ez, musikak ematen dienaz goza dezaten nahi du. Horretarako, atsegin du bere ibilbideko anekdotak kontatzea, baita amarruak erakustea ere; izan ere, ondo jotzeaz gain, «engainatzen ere jakin behar da».

Gero eta musikariago

Denetik dago udako lau kontzertuetan ariko diren 80 musikarien artean: inguruko kontserbatorioetan ikasten dutenak, atzerrira joandakoak, eta zuzenean musika eskoletatik iritsitakoak ere bai, edozein ikaslek eman baitezake izena. «Amateur ikasketak oso puntu interesgarria dauka», Ocon zuzendariaren iritziz, eta gertatzen da musika tresna bere kasa lantzen duen musikari batek zerbait izatea, kontserbatoriotik etorritako beste batek lortu ezingo duena.

16 eta 26 urte arteko gazte musikariek dute EGOn jotzeko aukera, baina 21 urtetik gorako gutxi daude orkestran, oso gaztetatik hasten baitira beren bidea egiten. Zuzendari lanetan daramatzan urte guztietan, ikasleen bilakaera ikusi du Oconek, eta, haren ustean, gaur egungoak «musikariagoak dira, ez instrumentista soilak». Ordu gutxiago ematendituzte entseatzen, baina osagarriak diren bertute ugari dituzte, eta ikuspegi zabalagoa.

80 kide ditu gazte orkestrak, baina beste hainbat probara aurkeztu eta kanpoan geratu ziren. Halere, bere esperientziatik, baikorra da Ocon: «Lehenago edo geroago, urteren batean EGOn joko dute». Gainera, musikari ona izatea edo «talentua edukitzea» ez dira nahikoa, taldeak sortzen baitu musika: «Talderik ez badago, ez dago ezer».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.