Elektronika, elkar batzeko

Ostegunean hasiko da Dantz jaialdiaren bigarren edizioa, Donostian. Hiru egunera luzatu da, eta topaketak badu aldarrikapenetik ere: migrazioa eta bazterkeria landuko dituzte

Dantz jaialdiko Jokin Telleria, Aitor Etxebarria (El_Txef_A DJ), Adriana Gutierrez (A. Gaultier DJ) eta Tabakalerako Ane Rodriguez, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Musika elektronikoaren inguruko kolektibo eta egitasmoen goraldia nabarmena izan da azken urteotan: Mugako eta Harrikada jaialdiak Gasteizen, Bergarako Elektronika Topaketak (BET) eta Haus of Beats irratsaioa, Krii kolektiboa, Uhin fanzine digitala... Elektronikaz besterik gabe hitz egiteak zentzu handirik ez duen garaian —dagoeneko gainontzeko estilo guztietan txertatuta dagoelako— jaio zen Dantz jaialdia, Jokin Telleria antolatzailearen arabera. Jaialdiak goraldi horretan bertan kokatzen du bere burua. Bigarren edizioa du aurten, eta antolatzaileek indartuta ikusten dute. Ostegunetik larunbatera bitarte, elektronikaz beteko ditu Donostiako Nestor Basterretxea plaza, Tabakalera zentroa eta Gazteszena aretoa.

Aurtengo egitaraua «aurrerapausoa» da Telleriarentzat, «orekatuagoa» baita. Jaialdia garai egokian sortu zutela uste du, hainbat faktore elkartu baitziren: 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren osteko barealdia Donostian, sortzaile zein eragile asko inguruan, eta musika elektronikoaren eta garaikidearen presentzia handiagoa mundu osoan. Horregatik, musika elektronikoaren topagune bat sortu zuten Donostian, eta, lehenengo edizioko herentzia jasota, asmo eta ideia berriekin dator aurtengoa.

Musika elektronikoa «ardatz eraldatzailea» da Telleriarentzat, eta, ondorioz, topaketari asmo artistiko eta kultural bat ere eman nahi diote. Iaz, urruneko musika eta soinu periferikoa jarri zituzten erdigunean, eta aurten beste aldagai batzuk gehitu dizkiote, iazkoa alde batera utzi gabe: artisten egoera hartu dute kontuan, bakoitza nondik datorren eta nola bizi den. Arreta jarri nahi izan diote migrazioari, era askotako bazterkeria landuz, baita lan baldintzak edo «esklabotza garaikidea» ere.

«Modu ezberdinean, angelu eta norabide ezberdinetatik, baina beti elkarrekin», dio jaialdiaren aurtengo editorialak. Egitarauan, lanketa hori ikus daiteke Los Volubleren Borderhack ikuskizunarekin edo SAMA' eta Deena Abdelwahed emakume arabiarrekin —bata Palestinakoa da, eta bestea, Tunisiakoa—.

Kartela ordena alfabetikoan osatu dute, izenik nabarmendu gabe, jaialdi komertzial handietako kartelburuen logikatik ihesi. 55 jarduera antolatu dituzte guztira, eta, aurreko edizioko zenbakiekin konparatuz, nazioarteko artisten konpurua bikoiztu egin dute. Haien artean, ezaguna da Nathan Fake, esaterako. 2004an egin zuen The Sky Was Pink kantak arrakasta handia izan zuen mundu osoan. Rival Consoles ekoizle britainiarraren izena ere handitzen ari da nazioartean; lan ugari kaleratu ditu Londresko Erased Tapes zigiluarekin.

Beste jaialdietan baino emakumezko artista gehiago izan zitezen nahi zuten antolatzaileek, eta egitarau «parekidea» osatu dutela diote. Horren erakusle dira Europan gero eta ezagunago den JASSS DJa (Espainia), Deena Abdelwahed (Tunisia), zeinak elektronikarekin nahasten dituen bere erroak, eta Nazira (Kazakhstan), zeinak inspirazio duen bere herrialdearen bakartzea.

Antolatzaileek argi dute Dantz nazioarteko jaialdia dela, baina oinarri lokala galdu gabe. Nazioarteko izenak ugaritu egin diren arren, Euskal Herriko artista asko ariko dira. Nazioartean Euskal Herriko DJrik ezagunenetako bat da El_Txef_A. Undergroundaren eta komertzialaren arteko oreka nabarmendu zuen Dantz jaialditik, izaera galdu gabe baliatzen baititu zabaltzeko aukerak. A. Gaultier, berriz, DJ hasiberria da; bi urte baino gutxiago daramatza soinuekin jolasten. Hark «jende berria» nazioarteko artistekin nahasteko hautua goretsi du. Ostiralean eta larunbatean, Euskal Herriko taldeak ariko dira arratsalde osoan Nestor Basterretxea plazan. Haien artean daude Aneguria, Landerground, Emesutan, IAMMAI eta Baleaonda.

Jaialdiaren egitarauak musika elektronikoaren aldaera ugari biltzen ditu, baita formatuak ere; DJ gehienek elementu bisual ikusgarriak izango dituzte. Antolaketan ere antzeman daiteke aniztasuna, hainbat eragilek hartu baitute parte prozesuan. BET, ID eta Larraskito kolektiboek gune propioak izango dituzte jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.