Artearen bitartez mugak apurtu

Azken Muga jaialdia egiten ari dira Zarateko lepoan, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Bi aldeetako herritarrak elkartzea du xede proiektuak, bai eta artea landa eremura gerturatzea ere

Ane Eslava.
Iruñea
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Hiru kilometro baino ez daude Azkarate (Nafarroa) eta Bedaio (Gipuzkoa) artean. Muga batek banatzen ditu, ordea, bi herri horiek. Iraganean muga horren bi aldeetako biztanleen arteko harremana estua bazen ere, egun erlazio hori desagertu egin da. Hori dela eta, bi aldeen arteko distantzia laburtzeko eta mugaren inguruan gogoeta egiteko helburuz, inguruko herritarrek Azken Muga proiektua sortu zuten 2016an. Zenbait artistak beren lanak eramaten dituzte Zarateko lepora, basoaren erdira, eta tokia arte galeria naturala bihurtzen dute. Uztailean ekin zioten jaialdiari hirugarrenez, eta hainbat jarduera egingo dituzte irailaren 24ra arte. Bereizten dituen muga artearen bitartez apurtzeko.

Zarateko lepoa Aralar mendilerroan dago, Balerdi mendiaren oinetan. Aurten, mugaren bi aldeetako zortzi artistak eraman dituzte hara beren lanak: Agurtzane Anduetza, Koko Rico, Eskerri, Sandra Nuin, Belen Arevalo, Pablo Juarros, Helena Santano eta Virginia Sargal. Horiez gain, Altsasuko (Nafarroa) Artebide eta Tolosako (Gipuzkoa) Artola kolektiboek ere parte hartu dute. Artisten helburu nagusia mugaren inguruan gogoeta egitea izan da.

Muga hori antzina igarobide garrantzitsua izan zen herritarrentzat: mikeleteen postu bat zegoen, eta kontrabandorako ohitura handia. Hori dela eta, herritarren arteko erlazioa oso estua zen: jaiak antolatzen zituzten, erromeriak egiten zituzten... Egun, ordea, hori asko aldatu da, Guillermo Olmo jaialdiaren antolatzaileak azaldu duenez: «Oraingo biziera oso ezberdina da: asko erabiltzen dugu autoa, baserrian bizi direnek beren bailaretakoekin baino ez dute harremana...».

Erlazioa berreskuratzeko, zerbait «berritzailea» egiten saiatu dira: normalki basotik urrun dauden zenbait arte adierazpide eraman dituzte Aralarrera, mugaren ondora. «Europako beste herrialde batzuetan urteak daramatzate halako jaialdiak egiten. Hemen, berriz, inoiz ez da halako zerbait egin: gauza abangoardistak hirian geratzen dira beti. Bada, guk hori apurtu nahi izan dugu», adierazi du Olmok.

Zarateko lepora heldu baino lehen jada artelan bat ikus daiteke: Betelun (Nafarroa) sei metroko esku gorri bat jarri dute, jaialdira ongietorria emateko. Aurtengo piezarik handiena da hori, eta Olmok berak egin du, Artola taldearekin elkarlanean. Beti sortzen dute pieza nabarmen bat: lehenbiziko urtean aulki handi bat egin zuten, tokiko jendea elkartzeko nahia sinbolizatzeko. Iaz, berriz, mendiari lotutako pieza bat jarri zuten: izeiekin egindako hesi gorri bat. Aurten, gaurkotasunarekin lotura duen gai bat aukeratu dute: sexu erasoena, hain zuzen. «Oso gai larria da; horregatik guk nabarmendu nahi izan dugu. Gainera, artistikoki ere egokia iruditu zaigu jaialdian jartzeko», azaldu du Olmok. Pieza mugituz joango dira, eta zonako hainbat herritan jarriko dute.

Zarateko lepora heltzerakoan, berriz, arte galeria ireki bat ikus daiteke: artistek beren artelanak eraman dituzte hara, eta horietako batzuk tokian bertan bukatu dituzte, udan. Antolatzailearen iritziz, «oso positiboa» da basora doan jendeak ikusi ahal izatea artistek nola egin duten lan.

Bestalde, barrualdeko espazio bat ere badago: Zaratetxea gunea. Pagadiaren ondoan kokatuta dago, eta han, arte plastikoari tokia egin diote: Gaurko eta hemengo eskultoreak eta Aralar atzo izeneko erakusketak jarri dituzte. Lehena, jaialdian parte hartu duten artisten obrarik esanguratsuenekin osatu dute; bigarrena, berriz, Jesus Elosegiren argazkiekin. Elosegiren irudiek Aralarren iragana erakusten dute.

Artelanez bestalde, kultur jarduera eskaintza zabala prestatu dute: performanceak, tailerrak, dokumentalak, herri kirolak... Datozen asteetan jazz kontzertua, bertso eguna, umeen tailerrak eta erromeria izango dituzte. Olmok azaldu duenez, zailtasunak izan dituzte egitaraua osatu ahal izateko, diru laguntzak jasotzeko prozesua «motela» delako.

«Herri proiektua da»

Azken Muga «erreferente» bihurtu nahi dute landa eremuko jaialdien artean, eta, horretarako, Europa mailan egiten dituzten antzeko jaialdiekin harremana lantzen ari dira. Kasurako, aurten Kulturelle Landpartie jaialdian izan dira, Alemanian. Jaialdi hori 1950eko hamarkadan sortu zuten, artearen bidez zentral nuklearren aurka protesta egiteko, eta, egun, Alemaniako jaialdirik garrantzitsuenen artean dago: urtero 50.000 bisitari joaten dira.

Maiatzean, Azken Muga proiektuko zortzi artista joan ziren jaialdi horretara, eta hango artistekin egitasmo bat sortu zuten: Eine andere Welt ist möglich (Beste mundu bat posible da). Ideiak partekatu ondoren, elkarrekin sortze prozesu bat garatu zuten, eta jaialdiko publikoari erakutsi zioten. «Halako urratsak artistentzat tranpolin gisa funtzionatzen dute», aipatu du Olmok.

Bestalde, proiektuaren sinbologiaren garrantzia azpimarratu du: «Oso sinbolikoa da: mugen apurketa irudikatzen du». Alde horretatik, jaialdia «herri proiektua» dela adierazi du: «Toki zehatz batean egin dugu, eta inguruko biztanleei eragiten die batez ere, baina uste dugu garrantzitsua dela Euskal Herri osoarentzat». Aurrera begira, jaialdia finkatzea dute helburu, Euskal Herriko agenda kulturalaren barruan egon dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.