Osoena nor izango

Arria V.a, Arria VI.a, Zelai V.a, Txapartegi, Zaldua eta Aratz Mugertza herrikirolariek euskal pentatloia jokatuko dute bihar, Azpeitian.

Arria V.a, Txapartegi, Zelai V.a, Imaz, Zaldua eta Arria VI.a. Aratz Mugertza ariko da Imazen ordez. UROLA KOSTAKO HITZA.
Unai Ugartemendia.
2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal herriko kirolaririk osoena nor den argitzeko txapelketa jokatuko dute bihar, Azpeitian (Gipuzkoa), zezen plazan, iluntzeko hamarretan hasita. Euskal pentatloia deitzen zaion lehiaketaren seigarren aldia izango da. 28 urte luze joan dira azken ekitalditik. Joxemari Olasagastik irabazi zuen, orduan ere Azpeitiko zezen plazan jokatu zen erronkan. Marka ere ezarri zuen: 27.20,08. 1983an eta 1984an ere nagusitu zen. 1982an, berriz, Jose Inazio Orbegozo Arria II.a izan zen garaile, eta 1985ean, Angel Arrospide.

Orduan egin beharreko lan berberak izango dituzte oraingoan ere: lehena, 25 aldiz altxatu beharko dute ehun kiloko harri borobila; bigarrena, bi plaza (56 metro) egin beharko dituzte 400 kiloko harri bati tiraka; hirugarrena, hiru kana-erdiko moztu beharko dituzte; laugarrena, sei plaza (168 metro) egin beharko dituzte esku bakoitzean 50 kiloko txinga bat eramanez; eta bosgarren eta azkena, hiru kilometro egin beharko dituzte korrika, zezen plazari bueltaka.

Sei herrikirolari ariko dira: Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil, Gipuzkoa, 1977), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977), Aratz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa, 1988), Jon Gisasola Zelai V.a (Mallabia, Bizkaia, 1999), Luis Txapartegi (Aizarna, Gipuzkoa, 1970) eta Aritz Azpiazu Arria VI.a (Azpeitia, Gipuzkoa, 1999).

XABIER ORBEGOZO 'ARRIA V.A'

Aizkolaria. 1,92 metro eta 94 kilo

«Uste dut denetan okerrenak harri-jasotzeko lanak izango direla»

Denetan esperientziarik handiena duena da Arria V.a. Azken urteetan, aizkoran eta korrika apustu bat baino gehiago jokatu ditu, eta, ustez, bera da faboritoa. Ondo moldatzen da halakoetan. «Uste dut denetan okerrenak harri-jasotzeko lanak izango direla. Ez da nolanahiko lana ehun kiloko borobila 25 aldiz altxatzea. Uste baino denbora gehiago joango zaigu», esan du. Udan, 40 erakustalditik gora egin ditu, eta sasoiko dago. Halere, aitortu du prestaketa «luze» egin zaiola. Aurkaririk zailenaz galdetuta, Zaldua eta Txapartegi aipatu ditu. «Irabazteko, 40 minututik jaitsi beharko da».

XABIER ZALDUA

Aizkolaria. 1,82 metro eta 84 kilo

«Egin dituen lanak kontuan hartuta, Arria V.a dago guztien gainetik»

Esperientzia handia du Zalduak herri kiroletan. Aizkoran eta korrika jokatu ditu apustu batzuk, baina pentatloiari «errespetu handia» dio. «Uste dut ni ondo moldatuko naizela aizkoran eta korrika, eta txingak eramateak ere ez dit beldurrik ematen. Baina harria jasotzen eta giza proban tentuz jokatu beharra dago». Txapela irabazteko faboritoa ere badu. «Orain arte egin dituen lanak kontuan hartuta, Arria V.a dago guztien gainetik». Lanak amaitzea nahikoa izango dela dio, eta bere nahia argia da: «Lan txukuna egin nahi nuke. Gero, txapela irabazten badut, bada, askoz hobeto».

ARATZ MUGERTZA

Aizkolaria. 1,74 metro eta 74 kilo

«Lan txukuna egiten badut, gustura etxeratuko naiz»

Plazaratuko direnen artean pisu gutxien duena da Aratz Mugertza: 74 kilo. Ospe handiko abizena da Mugertza herri kiroletan. Aizkolaria da berez, eta, azaldu duenez, «errespetu handiena» harria jasotzeak ematen dio. Aizkoran eta korrika «oso gutxi» ibili da, baina iritzi dio «nahikoa» izan dela udan egin dituen erakustaldiekin. Zaldua, Arria V.a eta Zelai V.a jo ditu txapela eramateko hautagai nagusitzat. Uste du irabazlea 40 minutu inguruan ibiliko dela. Bere burua zein postutan ikusten duen galdetuta, adierazi du ez lukeela sei parte hartzaileen artean azkena izan nahi. «Lan txukuna egiten badut, gustura etxeratuko naiz».

JON GISASOLA 'ZELAI V.A'

Harri-jasotzailea. 1,82 metro eta 87 kilo.

«50 minutu inguru beharko ditut. Ez nuke azkena izan nahi»

Zelai V.a da denen artean harri-jasotzaile bakarra. Esperientzia txikia du horrelako probetan, eta, agian, eskarmentu falta izan daiteke haren aurkaririk gaiztoena. Azaldu duenez, proba amaitzea du helburu nagusia. Badaki kostako zaiola aizkoran aritzea eta korrika egitea. Horregatik, harria altxatzen aterako duen abantailarekin jokatu nahi du. «Hiru minutu inguruan ibili nahiko nuke, besteek sei minututik gora beharko dituztelako». Hark ere uste du irabazlea 40 minutu inguruan ibiliko dela. Ez du uste marka hobetuko denik. Zein denboratan ibiliko den galdetuta, azkar erantzun du: «50 minutu inguru beharko ditut. Ez nuke azken postuan amaitu nahi».

LUIS TXAPARTEGI

Aizkolaria. 1,73 metro eta 93 kilo.

«Gustatuko litzaidake lehen hiru sailkatuen artean geratzea»

Denetan beteranoena da Txapartegi: 48 urte ditu. Aizkolaria da izatez, eta gaitasun handia du fisikoki. «Harriarekin nahiko juxtu nabil, eta, nahiz eta beste diziplinetan hobeto moldatu, bertan pilatutako nekearekin nahiko lan izango dugu». Harriarekin zazpi minuturen inguruan ibiltzeko esperantza du, eta adierazi du aizkorako lanak ez duela bereziki arduratzen. Arria V.a jo du faborito argitzat, baina zehaztu du ikusteko dagoela Zelai V.ak harriarekin zenbateko aldea atera diezaikeen. «Abantaila dezente aterako digu, eta gero lanak izango ditugu atzetik aurrera egiteko». «Lan txukuna» egitea gustatuko litzaioke, eta «ahal bada, lehen hiruren artean sailkatu»

ARITZ AZPIAZU 'ARRIA VI.A'

Aizkolaria. 1,89 metro eta 88 kilo.

«Ezinezkoa da Olasagastik eginiko marka hobetzea»

Arriatarren seigarren aizkolaria da Aritz Azpiazu, Arria II.aren biloba, eta Arria V.aren iloba. Parte hartzaileen artean gazteena da, Zelai V.arekin batera. Hark ere harria jasotzeko lana nabarmendu du, baina baita aizkora utzitakoan egin beharrekoa ere. «Harria jasotzeko izango ditugun lanak ematen dit beldur handiena, baina aizkoratik hurrengorako trantsizioak ere errespetu handia ematen dit». Prestakuntza duela hiru hilabete hasi zuen, eta «gustura» ibili da. Lehen plaza handia izango du, non eta jaioterrian. Ez du bere burua irabazle moduan ikusten. «Hiru ikusten ditut: Xabier osaba, Txapartegi eta Zaldua». Azpiazuk azpimarratu du «ezinezko» ikusten duela Olasagastik duela 28 urte lortutako 27 minutu eta hogei segundoko marka hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.