Antzerkia, taldean partekatua

Artedrama euskal laborategiak antzerki topaketak antolatu ditu Aulestin, 14. aldiz. Aurtengo aldiak emakume antzerkigileak ditu protagonista. Bihar du azken eguna
Antzerki topaketetako partaideak, atzo, <em>Objektua Gorpuztu/Espazioa Gorpuztu</em> ikastaroan.
Antzerki topaketetako partaideak, atzo, Objektua Gorpuztu/Espazioa Gorpuztu ikastaroan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2019ko apirilak 26
Psikomotrizitate gela txiki batean daude hamabost gorputz, mugimenduan. Musika baxua, erritmoa eta emakume ahots bat besterik ez da entzuten: «Bat, bi, hiru, lau». Estitxu Zaldua irakasleak boz gora zenbatu du, hurrengo ariketaren erritmoa markatzeko. Adi begira ditu hamalau ikasleak, aurrez aurre paratuta. Gelan sakabanatu dira gazteak, irakaslearen irizpideak betetzeko prest. «Konektatu zaitezte zuen artean eta erritmoarekin», dio Zalduak. Jarraian, beste gomendio bat: «Bete hutsuneak». Gero, hirugarren elementu bat: «Orain, objektua gehituko diogu, zuekin eta espazioarekin konektatzeko».

Gorpuztu espazioa / Gorpuztu objektua ikastaroan daude partaideak, eta eskolen hiru oinarriez mintzo da irakaslea. «Prestaketa fisiko bat da, hiru ardatzen inguruan: bestea, espazioa eta objektua». Hori du lan egiteko era Zalduak; hori du antzerkia sortzeko modua. «Antzerkia ikusteko dudan modua besteekin partekatzera nator», zehaztu du antzerkigileak.

Euskal antzerkigintzaren aurpegietako bat da Zalduarena, eta, egunotan, Aulestin (Bizkaia) ikus daiteke. Harekin batera, Laida Azkona, Laura Peganos, Getari Etxegarai eta Iraia Eliasek osatzen dute Artedrama antzerki laborategiak antolaturiko topaketen hamalaugarren aldiko eskolen eskaintza. Oraingo honetan, emakumeen aldeko apustu berezia egin nahi izan dute; irakasle guztiak dira andrazkoak.

Artedrama konpainiako kideek hutsune bat sumatu zutelako sortu zen egitasmoa, eta gaurdaino dirau. «Ez zegoen aukerarik Antzerki prestakuntza euskaraz bakarrik jasotzeko; hori izan zen abiapuntua. Horrek eragin zuen topaketak hastea», azaldu du Iasone Paredes Artedramako ekoizpen arduradunak.

Hamalaugarren urtea dute topaketek, eta hamalau dira Aulestin aurten bildu diren ikasleak. Antolatzaileek formatu «txiki» horri eusteko asmoa adierazi dute. «Urtero edukitzen dugu kezka espazioarekin eta ikasle kopuruarekin, baina, formatuari dagokionez, uste dut mugara iritsi garela; bai konpainiaren ikuspegitik eta baita herri ikuspegitik ere», Paredesen arabera. Neurri horiekin ikasleei arreta egokia eskaintzeko aukera dutela dio. Txikitasun horretan, ikasleek harreman estua sortzeko aukera dute.«Ikusleak oso eskuzabal etortzen dira. Intentsoa eta nekagarria da, baina biluztera datoz, eta hori eskertzekoa da».

Atsedena

Ikasleak atseden hartzen ari dira eguzkitan, masailak gorrituta, izerditan blai, baina irribarretsu. Laugarren eguna dute hemen, eta gogotsu daude geratzen zaizkien bi egunak antzerkiari eskaintzeko. «Hau familia bat da. Hamalau lagun une oro dena batera egiten: lo, bazkaldu, entrenatu... hagitz esperientzia ona da», adierazi du Maite Bidartek.

Biribilean eserita, antolatzaileak aipaturikoa berretsi dute partaideek.«Ni hona entrenatzera etortzen naiz, eta, entrenatzeko, jendea behar duzu. Hemen, jendearekin egiten duzu topo», azaldu du Edurne Azkaratek, laranja zati bat eskuan hartuta. Bidartek kidearen esanari segitu dio: «Hemen, antzerkirako bizi gara astebetez. Antzerkiak zenbat erpin dituen ikusteko burbuila bat da». Aurreneko aldia du Bidartek Aulestiko topaketetan, inguruko beste zenbaitek ez bezala. Izan ere, askotariko jatorri, ibilbide eta esperientziak diuzte partaideek. Horri egin dio erreferentzia Antton Fernandezek taldeari buruz mintzatzean: «Taldea oso heterogeneoa da». Laranja zati bat jateko pausa egin, eta zehaztapena eman du gero: « Hemen badago jendea antzerki ikasketak egin dituena Valladoliden, Gasteizen edota Polonian. Beste batzuek, berriz, ez dugu inoiz antzerkirik ikasi, baina guretzako tokia ere badago». Bigarren aldia du hemen Fernandezek, eta, antzerkilari gisa baino, dantzari gisa definitzen du bere burua. Horregatik, «maiteminduta» dago Zalduaren eskola fisikoekin.

Zaldua irakaslearentzat ere, antzerki fisikoa da bere esparrua, eta hortik bideratzen ditu eskolak. «Objektuaren, espazioaren eta taldearen sinergiak batzen dituen entrenamendu bat egiten dut». Fisikoa da guztiz. Ikusmolde hori partekatu du Zalduak ikasleekin. «Sorkuntza asko egin daitezke abiapuntu ezberdin askotatik; ez dadila beti testua izan abiagunea».

Topaketetako gainerako saioetan, antzerkiaren beste alderdi batzuekin elikatu dituzte ikasleak. «Ikusten ari gara zein diferentea izan daitekeen antzerkia: batzuk fisikotik mintzatzen dira, beste batzuk inprobisaziotik, beste batzuk antzerkiaren izaera sakratuaz», Bidarteren esanetan. Laida Azkona izan dute irakasle aurreko egunetan, kasurako. «Gu sortzaileak gara. Ez da hainbeste diziplinaren kontua, baizik eta sorkuntza prozesuena. Nik gorputzaren aldetik nituen tresnak eskaini nizkien; gero, nire sorkuntza prozesuan sartu nituen. Nire lan egiteko eran oso atzera begiratzen dugu egungo egoerak ulertzeko», dio. Azkonak kultura garaikideren eta historiako kolonialismo formen inguruan ikertzen dihardu bere proiektuetan, eta atzo iluntzean aurkeztu zuen lan berria: Bilduma.

Ikasitakoaren erakustaldia

Eskolekin ez ezik, antzerki emanaldiekin ere osatzen dira topaketak. Egunero, iluntzean, irakasleetako batek bere antzezlana aurkezten du jendaurrean. Bertan dira ikasleak, eta baita herriko eta Euskal Herriko beste zenbait txokotako zaleak. Atzo izan zen Azkonaren txanda. Bilduma obra aurkeztu zuen, Txalo Toloza-Fernandez bideogilearekin batera. Dantza eta dokumentalgintza uztartu nahi izan dituzte ikuskizunean.«Espresuki Aulestirako egokitu dugu ikuskizuna. Herrian zehar ibiltaria izan dadin moldatu dugu, eta testuak euskarara itzuli ditugu emanaldi honetarako». Izan ere, jatorriz Iruñekoa den arren, Azkona Bartzelonan bizi da 17 urte zituenetik; ondorioz, lanak gaztelaniaz egiten ditu. Kasu honetan, ordea, euskaratu egin du. «Nire lana berriz euskarara hurbiltzeko aukera eman didate topaketek, testua itzultzean zein eskola saioak euskaraz eskaintzerakoan».

Zalduak gaur iluntzean taularatuko du ondu berri duen antzezlana: Babesleku Arrotzak eta Animalia Bakartien Hotsak. Rubik konpainia osatzen du Juanjo Herrerorekin, eta biek objektua abiapuntu gisa erabilita osatu duten lana erakutsiko dute Aulestiko frontoian, 20:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna