Woodstock nahikoa oraingoz

1969ko abuztuan, 400.000 pertsona bildu ziren New York ondoko landa batera; bakea eta maitasuna goretsi zituztenek hasiera eman zioten makrojaialdien aroari.

Orain 50 urte hasi zen, gaurko egunez, Woodstockeko jaialdia. Irudian, festibalean izandako kontzertuetako bat. WOODSTOCK WHISPERER.
Javi West Larrañaga.
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Woodstockeko jaialdia hasi zela 50 urte bete dira gaur. Askorentzat esperientzia katartiko eta kaotikoa izan zen, eta, zalantza barik, sasoiko zeitgeist hippyaren erakuslea. New York hiritik ordubetera egin zen, Bethel herriko landa batean, eta antolatzaileek 200.000 ikus-entzule aurreikusi arren, 400.000 baino gehiago joan ziren azkenean.

Ordutik, hainbat saiakera egin dira jaialdiaren «espiritua berpizteko»; 1979an, 1989an, 1994an eta 1999an. Haietako batzuk xaloak ziren agian—1989an, artista eta talde txiki batzuek jaialdi espontaneo bat egin zuten landa berean, ezer kobratu gabe—, baina gehienak izena kapitalizatzeko ahaleginak izan dira, guztiz komertzialak. Are gehiago, 1999an bortxaketak eta ikus-entzuleek eragindako istiluak eta suteak izan ziren, eta antolatzaileek eten egin zituzten kontzertuak.

Azken saiakera aurtengoa izan da, 50. urteurrenaren aitzakian. Segurtasun arazoak eta zenbait leku aldaketa zirela medio, hainbat artistak uko egin zioten bertan jotzeari, eta antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten iragan uztailaren amaieran. Asmoa zen hiru eguneko jaialdi bat egitea —jatorrizkoa bezala— eta artista berriak eta zaharrak uztartzea; batetik, Jay Z, Miley Cirus eta The Killers, eta, bestetik, John Fogerty eta Santana —lehen Woodstocken egonak—. Kartelburu gehienek kale egin zuten antolakuntza arazoak ikustean.

Mugarria musikan

Batzuen ustez, jatorrizko Woodstock sekulakoa izan zen: esperientzia ahaztezina, non bakezaletasuna eta maitasuna eta Vietnamgo gerrarekiko oposizio argianagusi izan ziren. Beste batzuek aspaldion musika arloan nagusitu diren makrojaialdien jatorria dela diote kritika moduan, hainbeste jende halako egitasmo baterako batu zen lehen aldia izan zelako, eta egungo eredua finkatzen lagundu zuelako. Dena dela, ukaezina da jaialdiak historian eta memoria kolektiboan izan zuen eragina.

1969ko abuztuaren 15ean hasi, eta hiru egun iraun zuen, 32 kontzertu tartean. Hasieran, 18 eta 24 dolarreko sarrerak saltzeko asmoa zuten antolatzaileek —gaur egungo 110 eta 150 euro, hain zuzen ere—, eta, sarreren erdiak saldu bazituzten ere (186.000), espero baino jende olatu handiagoa agertu zen azkenean, eta hesien hutsuneetatik sartzen hasi zen. Hortik aurrera, musu truk izatea beste aukerarik ez zuten izan.

Aurreikusi baino askoz jende gehiago bildu zenez eta azpiegiturak eskasak zirenez, hiru eguneko auto ilarak izan ziren. Landa eremuko bide horiek ez zeuden prest halako trafikoa hartzeko, eta askok, autoak autobidean utzi, eta oinez jarraitu zuten. Azkenean, irrati eta telebista kateen kontakizunek jendea uxatu, eta askok amore eman zuten.

Hara joan zirenek hiru egun eman zituzten euriaren ondorioz basatza bihurtu zen landa batean Jimi Hendrix, Joan Baez, Santana, The Who, Jefferson Airplane, Janis Joplin eta maila handieneko beste zenbait artista ikusten. Bob Dylanek, The Doorsek eta Led Zeppelinek ezezkoa eman zuten, eta gehienak damutu egin ziren gerora. Ez zuten ondo kalkulatu zer neurri hartuko zuen jaialdiak fisikoki eta historikoki.

Joan ziren gehienek ez zuten sarrera ordaindu, eta, antolatzaileek dirua galdu arren, Woodstock izeneko dokumentala argitaratu zuten hurrengo urtean, eta irabaziek erraz konpentsatu zituzten galerak.

Jaialdian LSDa eta heroina gora eta behera zebiltzala idatzi zuen urte hartako New York Times-ek, eta ikus-entzule ia guztiak ari zirela marihuana erretzen. Creedence Clearwater Revivalek —sasoi hartako talderik handienetakoak— goizaldeko hiruretan jo zuen, eta John Fogerty abeslariak «eszena dantesko» bat ekarri zuen gogora urte batzuk geroago: «Rocka egiten nenbilen, zarataka abesten, eta hirugarren kantan behera begiratu eta bost ilara ikusi nituen, denak lurrean etzanda elkarren gainean; lo, drogatuta». Fogerty ez zen pozik geratu kontzertuarekin, eta ez zuen baimenik eman beren saioa dokumentalean ager zedin. Gerora, ironiaz egin zuen berba Woodstock belaunaldiari buruz: «Kristoren kontzertua. Zer talde ikusi nuen atzo?».

Jimi Hendrixek eta haren taldeak itxi zuten jaialdia, abuztuaren 18an, goizeko zortzietan. Ordurako, ia milioi erdi ikusleetatik 30.000-40.000 baino ez ziren geratzen, nahiz eta Hendrix kartelburua izan eta jaialdiko emanaldi gogoangarrietako bat egin. Harekin batera dago Janis Joplin 27koen klubean, baina haren Woodstockeko kontzertua nahiko eskasa izan zela gogoratzen dute hainbatek. Izan ere, hamar ordu itxaron behar izan zuen agertokira irten arte, eta ahotsa zakartu egin zitzaion kontzertuan zehar. Urtebete geroago hil ziren biak, Hendrix eta Joplin, mota bateko edo besteko drogen ondorioz.

Ezaugarri horietako festibal bat izateko, bortizkeria oso gutxi egon zela azpimarratu zuten hedabideek. Hala ere, pare bat pertsona hil ziren: bata, traktore batek zapalduta, zelai pribatu batean sartu zelako lo egitera; eta bestea, gaindosi bategatik.

Woodstock of the West

Baketsua izan zen Woodstock,batez ere urte bereko Altamont jaialdiarekin alderatuta. Bethel herriko jaialdi hippyaren arrakasta ikusita, talde batzuek gauza bera egin nahi izan zuten Kalifornian, AEBetako mendebaldeko kostan: Woodstock of the West halako bat. Hells Angels motorzale elkartea kontratatu zuten segurtasun lanak egiteko, eta, azkenean, Altamont Woodstocken antitesia bihurtu zen, hainbat liskar egon baitziren ikus-entzuleen eta motorzaleen artean. Tentsioa areagotuz joan zen egunean zehar, eta Hells Angelsetako batek labankada batez gazte bat hil zuen, ustez hark pistola bat atera eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.