Kultur habia bat mendi tontorrean

Kultur espazio bat sortu dute Larhun mendiko bentetako batean. Mugaz bi aldeetako kultura goratzea du xede. Keixetaren erakusketa bat dago ikusgai

Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Lapurdi eta Nafarroa artean dago Larhun mendia, eta, 900 metrotara dagoen tontor horretan, beste gauza batzuen artean, hiru benta daude. Historiaz beteriko tokiak dira, eta gaur egun zabalik diraute. Horietako bat da Larungo Kaiola. 1947. urtean eraiki zuten, eta belaunaldiz belaunaldi egin du aurrera, gaur arte. 60 urteko ibilbidea badu, beraz. Berako (Nafarroa) Irazoki familiarena da, eta, eraiki zutenean txabola txiki bat baino ez zen arren, handituz eta garrantzia hartuz joan zen. Orain urte batzuk, Dani eta Maddi Irazoki anai-arrebek jaso zuten benta oinordetzan, eta, egun, Itziar Eliasekin batera eramaten dute.

Jatorriz, denda eta ostatua zeuden bentan, eta, urte batzuetan bere hartan mantendu bazuten ere, iaztik, kultur espazio bilakatua dute dendaren zatia. Denda itxi, eta mugaren bi aldeetako kultur proposamenak mendi tontorreraino eramatea dute helburu. Larungo Kabia izena jarri diote proiektuari. Iaz zabaldu zuten, eta, hainbat ekitaldi antolatu ondoren, oraingoan Txiki Agirre Keixeta margolariaren erakusketa bat jarri dute ikusgai. Irailaren 20ra arte egongo da zabalik.

«Identitatea». Hitz hori errepikatu du behin baino gehiagotan Itziar Eliasek proiektuaren inguruan mintzatzean. Azaldu duenez, bentako dendan egiten zuten lanak ez zituen asetzen, eta han beste zerbait sortzeko grina piztu zitzaien; beren izaerarekin lotutako zerbait eraikitzeko beharra. Argi ikusi zuten kultura dela hirurak batzen dituen «harra»; izan ere, Irazoki arreba margolaria da eta Irazoki anaia musikaria da, eta Itziar Elias, berriz, antzerkian aritzen da. «Ondorioz, pentsatu genuen tokia egokia izan zitekeela, kontsumismoaz harago, kulturarentzako leihoa izateko».

Horixe egin zuten. Negu partean izan zuten burutazioa, antzezlan baterako elkarlanean ari zirenean, eta benta moldatzeko lanak egiten hasi ziren. Azkenean, iazko uztailaren 22an zabaldu zuten kultur espazioa. Kaiola zuri handi bat ezarri zuten erakusketa aretoan, eta barnean habia bat sartu zioten. Tokiaren izenarekin eta filosofiarekin lotuta dago, Eliasen esanetan: «Maddiren eta Daniren amonak benta zabaldu zuenean, Kaiola izena jarri zion, baina haiek uste dute burdinazko kaiolaren zentzua baino gehiago, txorien habiaren zentzua eman nahi ziola izenari; horregatik erabaki genuen izen hori jartzea».

Espazioa zabaldu zutenean, Asier Gogortza argazkilariaren Muga izeneko argazki erakusketa jarri zuten ikusgai, eta Jurgi Ekizaren kontzertu batekin egin zuten inaugurazioa. Ipar zein Hego Euskal Herriko sortzaileen askotariko kultur adierazpideak batzeko asmoa dutela azaldu du arduradunak, muga ez dadin izan «banatu» egiten duen zerbait, «batu egiten duena» baizik.

Gaur egun, izan ere, jende askok bisitatzen du Larhungo tontorra. Azken urteetan, ospea hartu du mendiak, eta 350.000 bisitari inguru jasotzen ditu urtean. Horietako asko Saratik (Lapurdi) abiatzen den kremailerako tren txiki batekin igotzen dira mendiaren gailurreraino. Ongi dakite hori Kabiako kideek, eta, proiektuaren bitartez, kultur eskaintza berezi bat egin nahi diete turista horiei, beste turismo eredu bat bultzatzeko.

Larunera heltzen diren turistek ongi erantzuten dute, Eliasen arabera: «Kulturazaleak direnak harrituta geratzen dira, eta asko eskertzen dute, ez dutelako espero hemen hau egotea». Kontatu duenez, aretoko sarreran Maddi Irazokik margotutako zuhaitz handi bat dago, eta turista askok argazkiak egiten dituzte hor. «Polita da».

Iaz, erakusketa bakarra jarri zuten denboraldi osoan, Gogortzarena, eta, Ekizak ez ezik, Madrilen bizi den Oscar Goikoetxeak ere kontzertua eman zuen. Aurten, berriz, eskaintza zabaltzeko asmoa dute, eta hiru erakusketa antolatzea aurreikusten dute. Ekainean, proiektuaren sortzaileek beraiek Larhungo historiaren inguruko erakusketa bat prestatu zuten, argazki zaharrekin eta bentan bertan gordeta zeuden zenbait objekturekin. Irazoki anai-arrebek senideengandik tokiaren inguruan jaso duten ikuspegia erakusteko helburuarekin egin zuten erakusketa hura: «Erakutsi genuen naziak etorri ziren garaia, garraiorako astoak erabiltzen zituztenekoa, gerora gauzak kableekin igotzen hasi zirenekoa, etxearen aldaketa eta, azkenik, aurreko urteko aldaketa». Eliasek nabarmendu du bentak esanahiz betetako tokiak direla jende askorentzat, lehen gazte asko lanera joaten zirelako bentetara, eta han elkarrekin bizi zirelako denbora batez. «16 urterekin hemen egon dena 60 urterekin etortzen denean eta aldaketa ikusten duenean, polita izaten da», adierazi du. «Haien memoria ere bada».

Orain, berriz, Txiki Agirre Keixeta margolariaren erakusketa bat ikus daiteke Larungo Kabian. Zumaiako (Gipuzkoa) flyschean oinarritutako 21 margolanek osatzen dute erakusketa; uztailaren19an zabaldu zuten, Miren Narbaiza Mice abeslariaren kontzertuarekin. Keixetaren erakusketa bukatutakoan, Maddi Irazokiren lanak jarriko dituzte ikusgai. Lanon iturburua Larungo Kaiolaren hiru jabeek iaz sortu zuten Bizimiñak antzezlana da. Gatazka armatuaren ertzak utzitako ondorioei buruzko lan bat da, eta irazokitarrek eta Eliasek elkarrekin interpretatu dute zenbaitetan. Saiootan, Maddi Irazokik, antzezle aritzeaz gain, margolan bat margotu du oholtza gainean, eta aldi bakoitzean sortu duen irudia besteen ezberdina gertatu da. Hala, hainbat margolan ditu dagoeneko, eta Larungo Kabian jarriko ditu ikusgai irailean.

Sormen egonaldiak

Erakusketa eta emanaldiez gain, Larungo Kabiakoek urrats bat gehiago egin nahi dute aurrerantzean: sormen gune bat sortu, artistek han lan egiteko aukera izan dezaten. «Etxea handia da, eta beheko solairua utzita dago; gure asmoa da hori berritzea eta egonaldietarako egokitzea», azaldu du Eliasek. «Hemen, energia berezia dago. Sortzaile gisa, zure lana bukatzen duzunean, kanpora atera eta hemen arnasa hartzea... Berezia izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.