'Agur, Etxebeste' estreinatuko dute Euskal Zinemaren Galan

Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien azken lana irailaren 24an estreinatuko dute, Donostiako 67. Zinemaldian. Aurtengo programazioak 21 euskal ekoizpen biltzen ditu

Donostiako 67. Zinemaldian parte hartuko duten euskal zinemagileak eta antolatzaileetako batzuk, atzo, Tabakalera kanpoaldean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Hamalau urte pasatu dira Asier Altuna eta Telmo Esnalek Aupa Etxebeste! filma estreinatu zutenetik. 2005ean aurkeztu zuten, Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean, hain zuzen. Aurten, berriz, bigarren zatiarekin datoz: Agur, Etxebeste.Oraingoan ere Patrizioren eta Maria Luisaren abenturak dira filmaren ardatza, baina pasatu diren urteek ere eragina izango dute istorioaren garapenean.Euskal zinemaren galan estreinatuko dute, eta zinemetan, berriz, irailaren 27an egongo da ikusgai.

«Euskal zinemaren arrakasta lortzeko, funtsezkoa da eragile guztiok norabide berberean lan egitea», horrela hitz egin du Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak jaialdiaren inguruan. 21 euskal ekoizpen izango dira Donostiako 67. Zinemaldian: hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur. Jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte lanak: besteak beste, Sail Ofiziala, Culinary Zinema, Perlak, Zuzendari Berriak, Zinemira eta Zabaltegi-Tabakalera. Rebordinosek nabarmendu du aurten inoiz baino euskal produkzio gehiago bildu dituztela. Horietatik bederatzi —estreinaldiak direnak— Irizar saria eskuratzeko lehiatuko dira.

Hamar euskal film emango dituzte Zinemira sailean, eta horietatik hiru estreinaldiak izango dira. Helena Taberna zuzendariaren Varados filmak irekiko du saila. Grezian kokatu du lana, eta epe luzeko errefuxiatuen egunerokoa islatzen du. Bertan emango dute Glittering Misfits ere, Iban del Campo zuzendariaren lehen film luzea; New Yorkeko (AEB) Off-Off Broadway eszenako nightclub eta kabaretak esploratzen ditu lanak. Loic Legrand zuzendariak ere lehen film luzea aurkeztu du: Hiru uhinak. Lan horretan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat kontatzeko erronkari aurre egin behako diote.

Dagoeneko zinema aretoetan estreinatuta dauden zazpi filmek osatuko dute Zinemira saila; Koldo Serra zuzendariaren 70 binladens da horietako bat. Raquel da filmeko protagonista, eta, banku batean 35.000 euro mailegatu berri dituela, bi lapur sartuko dira bertara. Elkano, lehen mundu bira animazio filma ere emango dute. Angel Alonso da zuzendaria, eta, horren aurretik, beste hainbat animazio ere egin ditu. Bertan izango da Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa ere. Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen, eta Gijongo (Espainia) zinema jaialdian estreinatu zen. Soinujolearen semea da Fernando Bernues zuzendariaren filma, eta Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta dago. Bernues lehenago ere izan da Zinemaldian, Kutsidazu bidea, Ixabel filma aurkeztu baitzuen 2006. urtean, Zuzendariak Berriak sailean, Mireia Gabilondorekin batera. Juanmi Gutierrezen Paseko txoriak ere emango dute Zinemira sailean. Beste hainbat film ere aurkeztu ditu aurretik zuzendariak; joan den otsailean zendu zen, eta 67. Zinemaldiak omenaldi bat egingo dio.

Zinemiran aurkeztuko diren hiru filmez gain, beste sei lehiatuko dira Irizar saria lortzeko: Maider Fernandezen Las letras de Jordi; Aitor Agirreren, Jon Garañoren eta Josemari Goenagaren La trinchera infinita; Miguel Angel Jimenezen Una ventana al mar; Agur, Etxebeste; Iñaki Arteta zuzendariaren Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio eta Gazta, Mikel Urretabizkaia zuzendariarena.

Zinemira saria ekoizle lanari

Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria, urteetan egin duen ekoizle lanagatik. Ohorezko sari hori Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteek ematen dute, euskal zinemaren pertsona nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko. Orain arte hauek omendu dituzte: Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elias Kerejeta (2011), Michel Gaztanbide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016), Julia Juaniz (2017) eta Ramon Agirre (2018).

Txepe Lara zinemagile hasiberriei emandako babes eta laguntzagatik nabarmendu da; berarekin lan eginak dira, besteak beste, Asier Altuna, Telmo Esnal, Daniel Kalparsoro, Jose Luis Peñafuerte eta Mercedes Alvarez.

1987an sortu zuen Jose Maria Lara P.C. ekoiztetxea, eta hainbat film ekoitzi ditu ordutik; horien artean daude Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1993), A ciegas (Daniel Calparsoro, 1997) eta Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.