Geroaren aztarnak orainaldian

Bihar abiatuko da Getxophoto jaialdiaren hamahirugarren aldia, eta nazioarteko hamaika argazkilariren lanak erakutsiko ditu Algortako txokoetan hilaren 21era bitarte

Mija Tammi argazkilariaren Haietako bat gizakia da erakusketa jarri dute ikusgai Getxophotoko antolatzaileek Ereaga hondartzan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Getxo
2019ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Ez gaude denbora galtzeko: kezkatzen gaituzten gaiei buruz gogoeta egiteko gaude». Jokin Aspuru zuzendariaren esaldi horrek laburbil dezake Getxophoto jaialdiaren espiritua. Bihar abiatuko du hamahirugarren jaialdia, eta, hilaren 29ra bitartean, irudiaren bidez gonbidatu nahi ditu bisitariak gogoeta egitera euren bizitzetan eragin zuzena duten problemei buruz. Horretarako jarri dituzte nazioarteko sona duten hamaika argazkilariren lanak Algortako kaleetan (Bizkaia). Post Homo Sapiens. Etorkizuna programatzen leloa du aurtengoak, eta, egindako hautaketarekin, besteak beste, begirada kritikoa sustatu nahi dute teknologia berrien eraginaz, gizatasunaren muga biologikoen hedapenaz, sare sozialetako jazarpenaz eta ekologiarekiko harremanaz.

Hamahiru erakusketa prestatu dituzte guztira, eta haien artean daude Mathieu Gafsou, Juno Calypso eta Anais Lopez artistei eskainitakoak. Kalean eta gune publikoetan jarriko dituzte irudirik gehienak, eta, ondorioz, dagoeneko ikusgai daude haietako asko, oraindik irekiera ofiziala falta den arren.

Herriko azoka kanpoaldean jarri dituzte, esaterako, Jan Hoek argazkilariak erretratatutako motor gidari futuristak, eta Ereaga hondartzara eraman dute hiru androide eta gizaki bat erakusten dituen Maija Tammiren erretratu sorta. Ez da erraz bereizten zein den zein, ordea, eta sortzaileak argazki bildumari jarritako izenburuak ematen du desafioaren neurria: Haietako bat gizakia da.

Monica Allende komisarioak egin ditu zuzendari artistikoaren lanak, eta, azaldu duenez, etorkizunaren arrastoen bila aritu da orainaldian. «Beti dut burua biharko egunean». Transhumanismoaren ideiak aipatu ditu behin eta berriz aurkezpenean, eta teknologiaren bidezko gizakiaren hobekuntza amets duen joera filosofiko hori izan du gidari edizioa antolatzeko ere. Komisarioaren ustez, garapen teknologikoak bidegurutze batean utzi du gizatasuna; edo hondorantz jo, edo gailurrerantz. «Teknologiak eman dezake aukera giza existentzia goratzeko, eta, era berean, erasan ditzake giza balioak».

Bizitza ulertu gabe

Deigarria da kontrastea tarteka. Esaterako, San Nikolas plazako udal liburutegiko aterpean: lau neska elkarrekin palan, dena indar, esfortzu, barre eta izerdi, eta, haien gainean, robot itxurako tresnen bederatzi erretratu, eraikinaren aurrealdean zintzilik, dena kable, botoi, plastiko eta isiltasun. Eta, halere, dena dago lotuta, zeren eta bizitza baita Reiner Riedler argazkilariak ateratako argazkien sakoneko gaia: zainak eta tutuak korapilatzen diren puntua hautatu du artistak.

Riedlerri inpresio sakona utzi zion zegokion baino lehenago jaio zen semearekin ospitaleko zaintzen gelan emandako gauak, eta hortik sortu zitzaion osasun tresneriari eskainitako argazki seriea egiteko ideia. Izan ere, giltzurrun dialisia egiteko makinak dira irudietakoak, arnasa hartzeko ekipamendu mekanikoak eta giza organoen lanak egiten dituzten makina artifizialak. Humanizatuta erretratatu ditu gailu batzuk, bisaia irribarretsu atseginez kasik, eta ezinago hotz dirudite beste batzuek, baina bizitza zaintzen dute guztiek, baita bizitza ulertu ez arren ere, liburutegiko horman zintzilikatutako azalpenak zehazten duenez.

Jadanik abandonatuta dagoen gasolindegiko hormetan daude Masamichi Kagaya eta Satoshi Mori japoniarren lanak. Landareak ikus daitezke estolderiaren estalkietatik ernatzen, sastrakak hormetan gora eta armiarma sareak hornigailuak estaltzen, eta bertan artisten zuri-beltzeko bost irudiak. Oinetako bat, baloi bat, kasko bat, eskularru bat eta kamiseta bat. Erradiografiak dira guztiak, eta inozoak irudi lezakete irudiek, harik eta gasolindegiko hesian datorren azalpena irakurri arte: Fukushimako istripu nuklearreko partikulak dira irudietan ikusten diren argiguneak.

Garai historikoari adi

«Lan egitean beti izaten dut gogoan zer sasoi historikotan bizi garen», azaldu du Allendek. Eta kontzientzia hori izan daiteke aurtengo edizioaren ezaugarrietako bat. Diziplinen malgutasunarena izan daiteke bestea. Oraindik ere argazkigintza baita jaialdiaren oinarri nagusia, baina komisarioak irekieraren aldeko aldarria egin du aurkezpenean. «Zerbait organikotzat dut sorkuntza, ez dut uste instituzionaliza daitekeenik. Hil egiten dugu hori egiten dugunean. Kultura kutxetan sartzen dugunean, ito egiten da. Zailtasunarentzako eta sorpresarentzako espazioak sortu behar ditugu, zeren eta uraren parekoak baitira adierazpide batzuk, eta kutxen arteko zirrikitu horietan sartu eta hazten dira. Gune zurrunetan sar daiteke kultura».

Komisario bakoitzak hiru edizioko tratua izaten du jaialdiarekin, eta Allendek azken urtea izango du aurten. Trantsizioari buruzko trilogia bat osatu du hiru edizioekin, eta pozik azaldu da egindako lanarekin eta jasotako erantzunarekin.

Aspuruk ereuste du urteekin argazkizaleen komunitate bat sortuz joan dela Getxon. «Hori izan da jaialdiaren lorpenik handienetako bat: lehen ez zegoen publiko bat sortu dugu». Erakusketez gainera, jaialdiak iraun bitartean antolatzen dituzten hezkuntza jarduerak eta tailerrak ere nabarmendu ditu Aspuruk. Eta osteguneko irekiera ekitaldia azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.