Ateak ixten direnean

Areto, elkarte eta plazetan aritzen dira bertsolariak, musikariak, antzerkilariak eta beste sortzaile ugari. Ziurtasunik gabe utzi ditu horien itxierak.

Donostiako Viktoria Eugenia antzokia, itxita. Halaxe daude egunotan Euskal Herriko askotariko areto guztiak. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Berrogeialdiaren harira, ia hutsik daude egunotan kaleak eta plazak. Itxita areto, antzoki, kultur etxe eta askotariko elkarteak. Sortzaile askoren agertokiak dira horiek denak, eta, egun batetik bestera, eten egin da antzerkilari, musikari, bertsolari eta bestelako kulturgile ugariren jarduna. Lotuta zeuzkaten saioak bertan behera utzita, estreinatzear zeuden lanak egunik zehaztu gabe atzeratuta, aurrera begirako proiektuekin zer gertatuko den aurreikusi ezinda. Beren kultur jarduna bizibide dute askok, eta, gizarteko beste hainbat sektoretan bezala, ziurgabetasuna da nagusi oraintxe haien artean ere.

Ane Labakari, adibidez, «zuzen-zuzenean» eragin dio egoerak. Txakur Gorria sormen kolektiboan aritzen da lanaldi erdiz, eta lotuak zituzten ikastaro, tailer eta zuzeneko emanaldiak bertan behera geratu zaizkie. Taldearen proiektuetan ez ezik, bestelakoetan ere eragin dio egoerak. «Beatriz Egizabalekin batera sortutako Erradikalak ginen obraren birari erdiz erdi eragin dio gertatutakoak, eta martxo-apirilerako (oraingoz) lotutako bertso saioak ere bertan behera geratu dira. Lehen bi aste hauetan agendan nituen sei emanaldi eta hiru bertso saio geratu zaizkit bertan behera, eta badirudi hau hasi besterik ez dela egin», azaldu dio BERRIAri.

«Oraingoz», bi kontzertu baino ez ditu bertan behera utzi behar izan Eneritz Furyak musikariak, baina etorkizuna «beltz» ikusten du. «Maiatzean batez ere, kontzertu asko dauzkat lotuta, bira bat dudalako; gehienbat Katalunian naiz jotzekoa. Hemendik ekainera dozena bat kontzertu baino gehiago bertan behera uzteaz ari naiz hitz egiten, krisia luzatzen bada». Zuzeneko musikari lotutako jardunean aritzen ez denean ere, kulturarekin zerikusia duten ekitaldi jendetsuak ditu ogibide. Eta, halere, uste du bere kasua ez dela larriena, besteak beste, baduelako «lantxoren bat diru iturri minimo bat» ziurtatzen diona: «Hori bai, autonomo gisa hori ere. Autonomoen tasa ordaindu ondoren, 200-300 euro geratzen zaizkit bizitzeko, beste guztia pikutara joaten bada».

Ander Lipus teatrogilearentzat ere kolpe «oso gogorra» izan da, bat-batean etorri delako, besteak beste. Bere aktore jardunean eragin dio batetik, eta, bestetik, Artedrama arte eszenikoen plataformarenean, langilez osatutako enpresa bat den neurrian. Proiektu ugari zituzten martxan, eta hiru nabarmenenak aipatu ditu. Batetik, bertan behera utzi behar izan dute Axut! eta Dejabu konpainiekin batera sortutako Zaldi urdina antzezlanaren bira. «Horrek esan nahi du aktore moduan ez dudala ja diru sarrerarik, eta nire ondoan ari diren aktoreei ezin diegula ordaindu». Bestetik, Aulestin (Bizkaia) egitekoa zen ADEL Artedrama Euskal Laborategia ere bertan behera utzi behar izan dute. Topaketa horiek pentsatzen eta prestatzen urte osoa ematen dutela azaldu du, eta «pikutara» joan daitekeela orain arteko lana. «Hamalau ikasle zeuden, programazio bat sortua, hainbat antzerki pieza etorri behar ziren... ia lan guztia eginda zegoen». Gernikak izeneko proiektua ere geratu zaie kolokan. Apirilean ziren egitekoak, bonbardaketaren urteurrenaren astean, hogei elkarteren eta 300 bat lagunen parte hartzearekin, eta bi urteko lanaren ondotik, «oso-oso aurreratuta» zeukaten.

Dena kolokan

Horiek guztiak kolokan daude orain. Eta kolpeak berekin ekarri die ziurgabetasuna. Ekonomikoki nahiz emozionalki eragin die egoerak. Ekonomikoki «galera handia» izan da Labakarentzat eta haren kideentzat. «Gure kasuan, urtarrila eta otsaila nahiko aldapa gora izan ohi dira sortzaile gisara. Martxoa da nolabait aurrekoak orekatzen dituen hilabetea; gainera, emakume sortzaileon kasuan, urte osorako aurreikuspen ekonomikoetan pisu berezia daukala uste dut, programatzaileek martxoaren 8aren bueltan pilatzen baitituzte gure saioak». Horri lotuta, emozionalki gehien eragin diona «ziurtasunik ez izatea» da; «egoera honek benetan zenbat, nola eta noiz arte eragingo digun ezin kalkulatu ahal izatea».

Ziurgabetasuna aipatu du Furyakek ere, eta, besteak beste, aurreztutakotik bizi beharko duela aldi batez. «Aurrezki apur horiek xahutzen baditut, eta kulturaren sistema kaltetuta ateratzen bada —eta azken hori ziurra da, nahiz eta oraindik ezin dugun jakin zer neurritan—, disko berriak, bideoak, bestelakoak argitaratzen jarraitzeko, promozionatzeko... nondik aterako dugu dirua?». Emozionalki ere egiten zaio gogorra, bira bat lotzeak hilabeteetako lana duelako atzetik. Baina, oraintxe, «okerrena esperantza faltsua» dela dio; maiatzean kontzertuak eman ahal izateko aukera egongo dela pentsatzea.

Lipusek ere ez daki zer gertatuko den martxan zituzten proiektuekin, baina horiei eusten saiatuko dira. Gernikak proiektua aurreikusitako egunean ezingo dutela egin azaldu du, baina eusten diotela aurrerago egiteko asmoari. ADEL topaketak ere aurten egin nahiko lituzkete, «ahal den neurrian eta beste era batera bada ere». Eta Zaldi urdina-ren emanaldiekin ere antzera; haien esku ez badago ere, ahalik eta saio gutxien galtzeko eta udazkenean hainbat programatu ahal izateko esperantza du. Edonola ere, ziurtzat dauka kalte ekonomikoa. Hori ikusita, Artedraman eta Zaldi urdina-n dabiltzan kideek elkar babestuko dutela dio. «Saiatuko gara, denon artean, lanean ari garen guztiak babesten eta denontzat neurri egokienak jartzen».

Egoera ezegonkorra bada ere, talde baten parte izateak «babestuago» sentiarazten du antzerkigilea. «Baina beste asko errealitate askoz ere latzago batean daude, eta egongo dira. Nahiz eta guk ere, nola ez, enpresa moduan galerak izango ditugun; hori argi dago». Lipusek eta Furyakek bezala, Labakak ere dio izango direla bera baino egoera zailagoan daudenak: «Kontziente naiz nire egoera nolabait errazagoa izan daitekeela, ez dudalako inor nire zaintzapean. Sorkuntzatik bizitzeko hautua egin duten inguruko zenbait pertsona askoz ere estuago ikusten ditut». Beste kezka bat plazaratu du Furyakek: «Kontzertuen atzean dauden antolatzaileak, aretoak, tabernak... bizirik aterako dira honetatik guztitik? Kulturgintza osatzen duen sare guztiari eragiten dio honek».

Aterabide bila

Egoera aldatzen denean sortzaileei begirako neurriak beharko direla uste dute hirurek. Baina zalantza ugari dituzte horiei begira ere. Emanaldien antolatzaileak, «oraingoz behintzat», galdutako saioak aurrerago programatzeko asmoz sumatu ditu Labakak, eta eskertu die jarrera hori; «posible den neurrian», horri eusteko eskatuko lieke. Baina neurri orokorragoak ere beharko direla uste du. «Autonomook denbora tarte honetan kuotarik ordaindu behar ez izatea iruditzen zait zentzuzkoena». Baita hilabetero dituzten gainerako gastuak gutxitzea ere.

Lipusek ere zalantzak ditu gerora instituzio publikoek har ditzaketen neurriekin. Ohartarazi du emanaldiak egitean izaten dituztela diru sarrerak sortzaile askok —orain etenda dituztenak—, baina haietara iristeko lan handia egin beharra dagoela aurrez, ikusezina den arren. ADEL topaketak jarri ditu adibide gisa. Ipar Euskal Herriko intermitentzia sistemak, adibidez, hori behintzat kontuan hartzen duela aipatu du. Zalantza handiak ditu kulturgileen jardunean ikusezina den lanaren parte hori lagunduko ote den, baita zer gertatuko den eskatutako diru laguntzekin ere, azkenean ekitaldiak egiterik ez bada.

Furyakek ere ez du esperantza handirik gerora har litezkeen neurriekin: «Laguntzak egongo direla esaten dute, baina ez dut itxaropen hori elikatzeko asmorik. Badakigu zein baldintza mota bete behar izaten diren laguntzak jasotzeko. Musikari gehienak aukera horretatik kanpo geratuko gara; harrituko ninduke kontrakoak». Era berean, ohartarazi du, egun, musikarien iraupena oso lotuta dagoela zuzenekoak ematearekin, diskoak jada ez direla diru iturri, ez eta streaming bidezko emanaldiak ere, «masetara» heltzen ez diren sortzaileentzat behintzat. «Oreka gobernuek eta gizarteak ematen ez badigute, agian guk ere hausnartu beharko genuke sistema hau jasangarria den. Erantzuna ezezkoa da. Baina oraingoz ez zait otu konponbide jakinik».

Prekaritatea, ageriago

Kulturgileen egoera lehendik ere prekarioa dela eta orain hori ageriago geratu dela uste dute hirurek. Furyaken iritziz, egoerak argi uzten du babesik gabe aritzen direla; hala, aurrera begira, lehengo eskari berak dituztela dio: «Izan ditzagun langile arruntek dituzten eskubideak, eta gizartea kontzientziatu dadila; eman diezaiogun arteari merezi duen balioa».

Berdintsu mintzo da Lipus: «Zoritxarrez, gure munduan oso ohituak gaude prekaritatean eta krisian bizitzera, halako kolpeak bat-batean hartzera; hari oso mehe bati heltzen diogu». Labakari ere beti eman izan dio zer pentsatua sortzaileek duten ezegonkortasun eta prekaritate egoerak. «Honi buruz modu abstraktuan hitz egin izan dugun arren, egoera honek inoiz baino behar handiagoa azaleratu duela iruditzen zait». «Egia da kristoren kolpea dela», gehitu du Lipusek; «kristoren kolpea gizartearentzat eta guretzat, artistentzat, zer pentsatua ematen diguna zer gizartetan bizi garen, zer eraiki dugun. Uste dut gogoetarako ere garai ona dela; mundu honek isiltasun pixka bat eta barrura begiratzea ere behar du». Itxaropen pixka bat agertu du Labakak: «Espero duthonek ekarriko duela etorkizunerako neurri orokorrak hartzea. Herri honek kulturgileak eta sortzaileak behar ditu. Zaindu ditzagun, beraz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.