Gerraren gris artean ernatzea

Amaia Telleriak 'Haize-lekuak' estreinako eleberria eman du; Altsasura neskame doan 13 urteko gazte baten «heziketa sentimentala» kontatu du, 36ko gerraren ostean girotuta

Amaia Telleriaren aurreneko liburua da Haize-lekuak. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Aitortu gabeko heroiak nola dabiltzan ugari gure eguneroko paisaian». Amaia Telleriaren (Idiazabal, Gipuzkoa, 1993) aurreneko eleberriaren alderik politenetako bat horretaz jabetzea izan dela dio Jorge Gimenez editoreak. «Nola inork ez duen esango sekula Mikelak 13 urterekin egin zuena egiteko nortasun sendo bat behar dela, indar berezi bat». Telleriaren estreinako liburuko protagonista da Mikela, 13 urterekin jaioterritik irten, baserria eta haren inguruko bizimodu guztia atzean utzi, eta neskame lanak egitera Altsasura (Nafarroa) lekualdatuko dena. 36ko gerra ondorenean gertatuko da hori, gainera, eta, gai zentrala bihurtu gabe, agertoki modura baliatu du orduko giroa Telleriak. Etxetik atera eta bere kabuz bizitzen hastera doan nerabe baten bizi grina eta ernatzea, eta gerraren oinazeen ilun artean lekua bilatu beharra; bi horien arteko kontrastean idatzi du idazleak Haize-lekuak.

Aurrez hainbat literatur lehiaketa irabazi eta zenbait aldizkaritan ipuinak argitaratu ditu, baina Telleriak hauxe du lehen liburua eta idatzi duen lehen eleberria. «Heziketa sentimental baten kronika» gisara definitu du editoreak, eta aitortu Natalia Ginzburg «handiaren» oihartzuna izan duela presente lan honen edizioari ekin zionetik. «Ginzburgen obra guztian dago etxeko hizkeraren eraikuntzari buruzko gogoeta, eta Telleriaren estiloak hori ekarri zidan gogora hasieratik; hain zuzen ere, dramatismorik gabe baina modu erabat eraginkorrean kontatzeko joeragatik».

Bergarako Idazle Eskolan graduondokoa egin zuen Telleriak duela pare bat urte, eta, azaldu duenez, han bidali zizkioten memoria ariketei lotuta heldu da halako istorio bat idaztera. «Gure aurrekoen anekdotetatik abiatuta ariketa batzuk egin behar genituen. Asko disfrutatu nuen gertuko istorio horiek jasotzen eta eraldatzen; konturatu nintzen inguruan baditugula istorio zirraragarriak eta kontalari onak, eta horiek ere merezi dutela». 95 urteko amona izan du hizketalagun nabarmena bidean. «Askotan ahaztu egiten zaigu gure helduak ere gazte izan direla, eta euren bizipenak izan dituztela, gogorrak gainera; gerra, adibidez».

Baina ez da 36ko gerrari buruzko eleberri bat. Egileak argi utzi du helburua ez dela izan hor arakatzea, testuinguru horretan herrian geratzea eta kolpetik instalatutako errealitate berria «sukaldetik» begiratzea egokitu zitzaienen ikuspegira hurbiltzea baizik. Eta, zehatzago, Mikelaren esperientzian zentratzea.

Pertsonaia ezaugarritzen duten elementuen artean dago aita umetan galdu izana. Erabat baldintzatuko du horrek familiaren bizitza, eta amak eguneroko mahaian aho bat arintzeagatik bidaliko du Altsasura Mikela, nerabezaroan sartzear dagoena, aurretik alaba zaharragoekin egin bezala. Bestelako giro batean, familia dirudun baten bueltan, baina emakume artean segituko du Altsasura heltzean. «Etxean beste neskame batekin egongo da, eskolako kideak neskak izango ditu... Inguruko etxeetan senarrak eta semeak faltako dira, eta oso egoera gogorrak biziko dituzte askok. Etengabe agertzen da emakumeek nola eraman zuten gerra».

Paisaia linguistiko berri bat

Reparaztarren etxean hasiko da zerbitzari lanetan Mikela, eta, Gimenezek adierazi duenez, erregimen frankistaren sinbolotzat har daiteke hura, genero ikuspegitik begiratuta batik bat. Telleria: «Gerraz asko hitz egingo ez duen familia bat da, agian ongi atera direlako. Ematen du etxea eramaten duena doña Nievesdela; gero, ordea, ikusiko dugu etxeari izena ematen diona senar ohia dela, etxeari ospea eman diona bere suhia... Etxe horretan ere benetan agintea dutenak gizonezkoak dira; erregimenaren isla, bai».

Estilo aldetik, «erraztasun dotoretu» batez idatzi izana aitortu dio editoreak Telleriari. Baita euskararen trataeran asmatu izana ere. Hizkuntza bera ardatzetako bat bihurtuko baita Mikelaren heziketan; inguru guztiz euskaldun batean bizi eta gaztelania apenas jakinda, bigarren hori «erabateko nagusitasunez» agertuko zaio eremu berrian, eta berea ez bezalako euskalkiekin topo egitea ere harriduraz biziko du. «Hizkera oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan sinesgarritasuna ez galtzeko. Amonarekin izan ditudan saioetan helburua ere izan da bere hiztegia, esapideak... jasotzea. Konparazioan, konturatzen naiz ikaragarri jolasten dutela eurek hizkuntzarekin; beste paisaia linguistiko bat daukagu guk». Eta Mikelak izango ditu era guztietako esperientziak hizkuntzari lotuta: «Euskaraz egiteagatik zigortuko dute, baina konplizitatea ere erakutsiko diote euskaraz hitz egiten duelako».

Konfinamendua arintzen hasi denetik aurrez aurre egin den lehen liburu aurkezpena izan da Telleriarena, Donostiako Udal liburutegiko sotoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.