Hamar sinadura Leteren ardatzean

Poetaren heriotzaren hamargarren urtemugan, hamar idazleren testu bana bildu du Balea Zuriak 'Urrats Urratuak. Xabier Lete gogoan' lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin

Ainhoa Urien, Lourdes Otaegi, Harkaitz Millan eta Arantxa Urretabizkaia, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundian. A. C. / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Inazio Mujika Iraola, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien. Hamar sinadura, hamarrak Xabier Leteren bueltan bilduak. Gertutik edo azaletik ezagutu zutenak batzuk, batez ere haren obraren bitartez harengana helduak besteak. Hamar urte beteko dira aste bi barru poeta eta musikaria zendu zela, abenduaren 4an, eta, urteurrena omenaldirako baliatuz, hamar idazle eta ikerlariren testuak Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburuan batu ditu Balea Zuria argitaletxeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du argitalpenak, eta Harkaitz Millan Kultura diputatuak egin dio liburuari hitzaurrea. Saila une batez alde batera utzita, modu pertsonalean beretzat proiektuaren parte izatea berezia izan dela esan du aurkezpenean. «Esperientzia pertsonalak ere badu pisua halako gauzetan, eta niretzat oso maitea da [Lete]; haurtzarotik nerabezaroko trantsizioan musika berezia izan zen Leterena gure etxean». Euskaldun askorentzat olerkigintzaren «atea» izan dela ere aipatu du, eta euskal tradizioa ekartzeko egindako «dibulgazio lana» aitortu dio. «Nire belaunalditik aurrerakoek, batez ere, hari esker ezagutu ahal izan ditugu hainbat lan. Euskaldun asko sentitu gaitezke haren eboluzioan eta pentsaeran islatuta, euskararen eta askatasunaren aldeko konpromisoagatik».

Liburuan parte hartu dutenen artetik, Urretabizkaia, Otaegi eta Urien izan dira lanaren aurkezpenean. Proiektuaren koraltasuna aipatu dute argitaletxeko kideek, eta horren erakusle dira hiru horien testuak. Urretabizkaiak 2002an Leteri egin zion elkarrizketa bat berreskuratu du, Hermes aldizkarian argitaratu zena.«Egin ditudan elkarrizketa guztien artetik, hau da denetan hunkigarriena, eta iruditzen zait merezi zuela zabalkundea».

Luzez ibili zen Urretabizkaia Leteren atzetik elkarrizketa eskatuz. «Beti esaten zidan: 'Deitu datorren astean'. Datorren astean deitu, eta Lurdesek esaten zuen: 'Deitu udaberrian'. Horrela urteetan, lortu nuen arte». Donostiako Maria Cristina hotelean egin zuten. «Dotore-dotore». Testua bidaltzeko eskatu ziola ere oroitu du, bere buruaz fidatzen ez zela eta. «E-mailik ere ez zuenez, Urnietara eraman behar izan nion, buzoian utzi, eta gero hitz bat ez zuen aldatu». Ziurtzat dauka, bada, horiek direla poetak orduan esan nahi zituenak.

Bi ildo nagusi ditu elkarrizketak, biak intereskoak egun ere Urretabizkaiarentzat. Lehena, abertzaletasunaren eta nazionalismoaren arteko gogoeta. «Bi gauza ezberdin ziren Leterentzat; niretzat ere bai». Eta bigarrena, gaitzaren eta minaren ingurukoa. «Irakurlea etor liteke bat ala ez, ildo batean edo bestean esaten direnekin, baina seguru hausnarketarako bidea emango diola».

Egun elurtuetaraino

Liburuaren ezaugarri nagusia «askotarikotasuna» dela nabarmendu du Otaegik ere, Leteren bueltan egindako hurbilpen ugari jasotzen dituela. Mujika Iraolaren artikulua aipatu du, «poetaren material autobiografikoen iturrien biltze guztiz interesgarri» moduan. Edo Igerabide, Lertxundi eta Bordarenak, zeinek «hurbiltze aski pertsonala» egin duten, Otaegiren hitzetan, «idazle kategoriatik hitz eginez».

Beste sail batean sartuko lituzke Leteren obraren inguruko azterketa kritikoa egin dutenen testuak, Gurrutxagaren eta Martinenak, kasurako, zeintzuek Leteren poesian beraiek zer topatu duten deskribatu duten. Eta arlo horretan kokatu du bere ekarpena ere. Aurretik Leteri buruz argitaratu dituenen jarraipena dela adierazi du: «Errekuperatu nahi izan dut lehen Leteren inguruko testuen edukia eta batez ere haien genealogia: nondik edaten zuen, zertan oinarritzen zen bere elaborazio poetikoetan. Hori ikertzen saiatu naiz, eta bereziki poesia soziala deitzen dugun arlo horretan zenbateraino ahazten ditugun erreferente ez hain hurbilak, esaterako, Blas de Otero bezalakoak, Leterengana Gabriel Arestiren bidez heldu zirenak».

Jauzi bat egin eta «kritikoki arriskatuz» ahalegina egin duela ere aurreratu du, Pablo Nerudaren gisako poetek euskal literaturan izandako eragina ikertuz. «Bereziki fondo gordeetan dagoen Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren artxibo guztiz interesgarri horri balioa eman nahirik, hor dagoen materialak Lete hobeto ezagutzeko bidea eskainiko digula iradoki nahiez».

Ainhoa Urienek hartu du ondotik hitza. Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan kaleratu du Pamielarekin berriki, eta lan honetan parte hartzeak aurrekoarekin geratu zitzaion arantza bat ateratzeko aukera eman diola aipatu du: «Leterengan paisaia ederrek duten garrantzia aztertzea». Bianditzgailurraren bestaldean jarri dio izena, eta Oiartzungo (Gipuzkoa) mendi horren bueltan osatu du libururako kontakizun literarioa. «Badakit Leterentzat Bianditzek zer sinbologia berezi daukan, markatzen duelako muga bat, Nafarroarekin, iraganarekin, etorkizunarekin». Eremu horri begira idatzi du, Lete mendian gora irudikatuz, heriotzara bidean joango balitz bezala. «Azken poemetan lantzen dituelako Bianditzen antz handia duten paisaia ederrak. Eta nire susmoa zen ez ote zituen paisaia horiek poesia bihurtu hain zuzen bere heriotzara bidean sosegu izan zitezen». Gogora ekarri du negua eta elurra ere lotzen zituela heriotzarekin Letek, eta nola agertu zen Bianditz elurtuta bera hil zen egunean, bost urte lehenago Iriondo hil zen egunean gertatu bezalaxe. «Bada berezitasun polit bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.