Albistea entzun

Euskarari entzuteko saiakera

Iñaki Segurolak 'Sed quia sua' eman du argitara. Oteizaren 'Quousque tandem...!' liburua hartu du oinarri, baina harritik ez baizik hizkuntzatik abiatu da, zer dioen antzeman nahian
Iñaki Segurola idazlea, <em>Sed quia sua</em> bere saiakera berria esku artean duela, Donostian, liburuaren aurkezpenean.
Iñaki Segurola idazlea, Sed quia sua bere saiakera berria esku artean duela, Donostian, liburuaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko abenduak 23 - Donostia

Liburu «aurkezgaitza», «deskokatua», eta 50 bat urteko atzerapenarekin datorrena. Hitz horiek erabili zituen, besteak beste, Iñaki Segurolak Sed quia sua saiakera aurkezteko. Haren liburu berriaren aleen aldamenean, Jorge Oteizaren Quousque tandem...! lanaren (1963) ale zahar bat jarri zuen mahiaren gainean, eta ez alferrik. «Olgetan-benetan esanik, Sed quia sua da Quousque tandem...! euskaratik», laburbildu zuen. Erein argitaletxeak plazaratu du idazlearen lan berria.

Segurolak beharrezko jo zuen bere lana aurkeztu aurretik Oteizarena azaltzea. «Konturatu naiz jendeak ez duela ezagutzen. Oteizaren izena hor dabil airean, baina esango nuke 50-60 urtetik beherako jende oso gutxik irakurri duela Quousque tandem...!, kenduta Arte Ederretako ikasleak edo orotariko frikiren batzuk». Gogora ekarri zuen liburu erreferentzial bat izan zela bere garaian, eta aitortu saiakerak haren antza handia duela, «haren imitazio moduko bat delako, edo haren eskematik abiatzen delako». Itxuratik bertatik dute antza bi lanek. Latinezko izenburutik hasita; Zizeronen hitzekin Oteizak egin bezala, Senekaren esaldi baten zati bat hartu du Segurolak titulurako: Nemo patriam quia magna est amat, sed quia sua (Inork ez du bere herria maite handia delako, berea delako baizik). Eta azalean abizen hutsez sinatzean, eskaintzan zein egituran ere segitu dio lan hari liburua osatzeko.

Hala, imitazio horretatik abiatu du bere ariketa. «Oteizak bere liburuan deskribasmatzen du istorio bat, alegia bat euskal arimari buruz, harrietatik, cromlechetik. Nik hemen deskribasmatzen dut egiazko alegia bat, alegiazko egia bat, hizkuntzatik». Eta bere lanak biltzen duen galdera nagusia ere azaldu zuen: «Hizkuntza batean, hiztunek gauzak esaten dituzte; baina hizkuntzak berak zerbait esatea posible al da, erreala al da? Hizkuntzak berak, hiztunetatik aparte, zerbait dio bere horretan? Halako zerbait egiten dut nik, baina errealtasunaren inguruko zalantzak beti egongo dira airean».

Idazlearen hitzetan, 1960ko eta 1970eko euskaltzale eta «euskalzuloek» Oteizari erantzuten zioten harriak ez, hizkuntza zela garrantzitsua. «Haiek eskatzen zutena zen Quousque tandem...! bat euskaratikakoa; hori izan liteke Sed quia sua hau». Eta gehitu zuen «olgetan-benetan» hartu beharrekoa dela bere liburua.

Bi liburuen arteko desberdintasunetatik bat nabarmendu zuen Inazio Mujika editoreak: «Euskararen interpretazio estetiko bat egin zuen Oteizak lan hartan, eta esango nuke esanarazi ziola euskarari berak esan nahi zuena. Segurolak hizkuntzari entzun nahi izan dio, eta hizkuntzak esan diona kontatu digu guri; ez iluminatu edo profeta baten moduan, olgetan-benetan baizik». Lana irakurtzean izandako esperientzia ere azaldu zuen editoreak, «beldurra kentzeko» balioko duelakoan, liburuak den baino zailagoa ematen duela iritzita. «Ez da zaila, baina konplexua da». Segurolaren testuarekin gozatuko dutela ere iragarri zien irakurleei, «Euskal Herrian momentu honetan dagoen prosalaririk hoberenetako bat» dela iritzita.

Hiru atal ditu lanak. Lehenean, «ñañojakintza euskaljatorretik desmarkatu» da idazlea hainbat gairi buruz aritzean. «Euskararen zahartasuna, antzinatasuna eta halako beste topiko merkezurreko mordo bat hartzen dira ahotan. Euskal gogoaz ere ari gara, bereziki galdetzeko: zer da gogoa?».

Bigarren partean, euskal gogoan sumatu dituen bi aldaketa edo galera nagusiak azaldu ditu. Bata, mundua egun gauzez osatua dagoela, «baina euskal gogo jatorrizko hartan gaiez» osatzen zela. Eta bestea, egun guztia dela dena, eta lehen dena eta ez dena zela. Halaber, Oteiza «gogor» hartzen du. «Euskal profeta belarrimotza» esaten dio, nahiz eta «asko» estimatu. Eta hari barkatzeko nekezen zaiona azaldu zuen: «Euskararik jakin ez eta euskal jendearen gainetik jarri eta zer den euskara eta zer ez erabakitzea euskaldunen sentieraren kontra».

Hirugarren zatian, hitz solte batzuetatik abiatuta, munduari buruzko hainbat ikuspegi aletu ditu, «etimologian gehiegi erori nahi gabe, baina irristada batzuk eginez». Eta amaieran, irudiz osatutako eranskin bat ere gehitu du.

«Ez-mundu» batera etorria

Bere liburuaren —«edo munduaren»— akatsen artean, adierazi zuen Oteizaren liburua ezaguna ez izatea bera dela lehena. Eta bigarrena, «ez-mundu batera, hizkuntzatik pentsatzeari uko egindako mundu batera» datorrela. «Pentsatzen da mundutik, errealitatetik, eta hizkuntzatik pentsatzekotan, hizkuntza gizen-nagusi bakan batzuetatik pentsatzen da. Hizkuntza txiki menoxtuetatik pentsatzeko gogoa eta gustua galdutako mundu batera dator liburu hau». Halaber, idazlearen ustez, bere liburua «oso deskokatua dator». Izan ere, publikoari begira, «filologikoegia» da literatur zaleentzat, eta «metafisikoegia, poetikoegia eta zoroegia», berriz, filologoentzat. «Liburu hau ez da, inondik ere, bere garaiko umea. Esan liteke 50en bat urteko atzerapenarekin datorrela. Lehenago esan bezala, euskaltzale eta euskalzuloek eskatzen zuten garaian behar zuen egina izan». Alde horretatik, gazteei begira, beste era batera ere definitu nahi izan zuen: «Liburu hau leku bat balitz, arigune dekolonialdu bat litzateke».

Horiek horrela, egokia iruditu zitzaion lana alarma egoeran aurkeztea, «alarma sortzeko modukoa baita, ez ote diren aurki munduko hizkuntza menoxtu guztiak geldituko zer dioten adierazteko arnasarik gabe, eta beraz, ez ote garen geldituko gu modurik gabe haiek zer dioten antzemateko».

Azalean Lazkao Txiki bertsolaria agertzeari ere egin zion aipamena. Segurolaren ustez, «Oteizaren ahots profetikotik abiatzen den liburu honek zerbait esan beharra zeukan bertso gauzaren inguruan». Quousque tandem...!-en hainbat ediziotan ere bertsolariak ageri direla azalean, eta hainbaten ustez «bertsolarien mitifikazioa» Oteizarekin hasi zela esan zuen. «Lazkao Txiki hil zuen anestesiak barnean bi hazi zeramatzan: bata, euskal estilo bizi arina ezabatzeko hazi gaiztoa, eta bestea, modu osagarrian, BECtsolari hil astuntxoa munduratzeko beharrezkoa zen hazia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Billy Bragg kantari ingelesa, 2018an, Londresen egindako kontzertu batean. ©FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE / EPA

Pandemiak musikaturiko lana

Ainize Madariaga

'The Million Things That Never Happened' disko berria kaleratu du Billy Bragg kantari ingelesak

Jorge Diaz, Antonio Mercero eta Agustin Martinez idazleak, aurtengo Planeta sariaren irabazleak. ©QUIQUE GARCIA / EFE
Laugarren kanporaketa, atzo, Mungiako Olalde aretoan. ©BERTSOZALE ELKARTEA

Oihana Bartra Arenas nagusitu da laugarren kanporaketan, Mungian

Berria

479 puntu eskuratu ditu bertsolari bilbotarrak. Paule Ixiar Loizagak egin du bigarren. Elorrion eta Getxon izango dira hurrengo kanporaketak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.