Albistea entzun

Bizitakoan atzera egin, bizitakoari kantatzeko

Ibil Bedi boskoteak bigarren disko fisikoa argitaratu du, 'Beltxarga beltza'. 11 kantuk osatzen dute, eta maitasun sentimendua gailentzen da hitzetan. Martxoaren 13an aurkeztuko dute, Iruñean
Areta Senosiain, Javier Larrañeta, Amets Aranguren, Ibai Osinaga eta Eder Escalera , Ibil Bedi taldeko kideak.
Areta Senosiain, Javier Larrañeta, Amets Aranguren, Ibai Osinaga eta Eder Escalera , Ibil Bedi taldeko kideak. MIKEL TRISTAN Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko otsailak 27 - Irunberri

Aurreikusi ezin izan gabe heltzen dira bizitzara gertaera batzuk, ezustean hartuz norbera. Behin igarota, ulertu ahal izaten dira; azaltzeko, ordea, haiengandik aldendu, eta kanpotik begiratu behar zaie. Atzekoz aurrera. Eta orduan, bai, esplika daitezke. Beltxarga beltz esaten zaie halakoei. Ibil Bedi talde nafarreko kanta idazleek antzeko prozesu bat egin dute azkenaldian: bizitzara heldu zaizkien gauza batzuengandik distantzia hartu, eta ondoren, haiei kantatu diete. Atzerako urratsak eginez, aurrera ibiltzeko. Eta halaxe deitu diote taldearen lan berriari: Beltxarga beltza.

Prozesua paperezko figurekin gertatzen denaren gisakoa da: eginda dagoen forma bat hartuta, desegin ahalko duzu, paper arrunt bat lortzera iritsi arte, alderantzizko prozesuan; baina urrats berberekin ezingo duzu kontrako bidea egin. Ibai Osinaga eta Amets Aranguren abeslari eta letren sortzaileen kasuan, aurreneko diskoan bizitzen ari ziren edo bizi izandako arazo batzuk islatu zituzten, eta horien barrutik hitz egin zuten. Bigarren honetan, auzietatik atera, atzera egin, eta beste toki batzuetatik egin dituzte kantuak; zauriak bere horretan erakutsi gabe. Osinaga: «Eginak daude beltxarga beltz horien inguruan; gertatu dira arazo horiek, edozein direla, eta joan gara atzera, horiek ulertzeko. Erantzuna bilatu diegu arazo horiei».

11 kantuk osatzen dute diskoa, eta batean Anari Alberdiren ahotsa entzuten da. Osinagaren etxeko estudioan grabatu dituzte, Irunberrin (Nafarroa). «Kantu batzuk uda hasieran grabatu genituen, beste batzuk beranduago... eta beldurra genuen, soinu aldetik ez ote ziren oso ezberdinak izango; baina uste dut lortu dugula diskoak osotasuna izatea», adierazi du Osinagak. Patxadaz hartu dute prozesua, kantu bakoitza mimoz landuz, eta «oso gustura» daude emaitzarekin: berena sentitzen dute. Atzo eman zuten argitara diskoa, eta martxoaren 13an aurkezpen kontzertu bikoitza egingo dute, Iruñeko Katakraken.

Esaldi bat, eta autotunea

Lehen lanean erakutsitako estiloa eta soinua berretsi egin dute bigarrenean, eta, halaber, beste bide batzuk probatu dituzte, esperimentatuz, hein batean; beren soinutik gehiegi aldendu gabe. Esaterako, Enegarrenez kantuak 1 h 37 min irauten du, eta esaldi bakarra; eta Hiraeth-en, autotune nabarmena erabili dute. Osinagarentzat, bi kantu horiek dira «berezienak».

Horri lotuta, Arangurenek azpimarratu du, musikalki bide bat hartu arren, hortik nahi bezala aldentzeko askatasunaren garrantzia: «Halako zerbait egiteko gogoa genuen, eta burura etortzen zitzaigun igual joaten zela gure estilotik. Baina, zein da gure estiloa? Egin behar dugu dena lehen diskoan bezala? Ez du zertan». «Aurrekoan igual ez ginen gu guztiz, oso denbora motzean grabatu genuelako. Orain, denbora izan dugu geure estiloa bilatzeko, eta konturatu gara agian zabalagoa dela», erantsi du Areta Senosiain biolin jotzaileak.

Hitzen mesedetara sortu dute musika. Hitzak pertsonalak dira, eta lehen lanekoak baino baikorragoak; ez dira sumatzen orduan agerikoak ziren zauriak. Lehenengoa galera sentimenduak zeharkatzen zuen; hau, ordea, maitasunak, edo maitasunek. «Sortu den zerbaitez idatzi dugu, lortu dugun zerbaitez», zehaztu du Osinagak. Hiraeth kantuak dioen moduan, «nostalgiari nostalgia» jarri diote, «eta ahanzturari ahanztura».

Naturak toki nabarmena du abestietan: loreek, ibaiak, basoak. Baina pentsatu gabe sortutako zerbait dela azaldu du Arangurenek: «Gauzak esplizituki esatetik urruntzen naizenean, halakoak ateratzen zaizkit». Harentzat, kanturik «bereziena» Egurrezko eskuotan da, asko landu duelako, lehen aldiz kantatu duelako berak bakarrik —koruak egin ohi ditu—, eta estimatzen duen artista bat izan duelako aldamenean, Anari.

Diskoa zabaltzen duen kantuak Beltxarga beltza I izena du, eta ixten duenak, Beltxarga beltza II; eta biek zerikusia dute lanaren kontzeptuarekin: lehenengo kantua entzutean, ezin da ulertu zer dioten hitzek, baina, amaierara iritsita, azkenekoa entzunda, konprenitzen da zer zioen lehenengoak; alderantzizko prozesua egin beharra dago.

Diskoaren azala Mikel Tristanek sortu du, eta «betean asmatu» duela diote. Kantuekin bat eginez, diseinu soila da, baina «oso neurtua».

Krisi betean eman dute lana, eta kontziente dira testuinguruaren mugez; badakite ez dela «momentu ona», baina argi dute ezin zirela zain gelditu. «Gauzak egin behar dira, bestela, gero eta txikiagoak egingo gara. Eta ez badugu guk egiten, inork ez du guregatik egingo», laburbildu du Senosiainek. Gainera, egungo baldintzak haientzat ez dira guztiz desegokiak. «60 pertsonako edukiera gure edukiera da, eta arratsaldeko zortzietan jotzea ez da arazo bat guretzat», aitortu du Javier Larrañeta baxu jotzaileak.

Lehen kontzerturako sarrerak 24 orduan amaitu ziren, eta taldekideak «harritu» egin ziren; beste emanaldi bat antolatu zuten, eta bi orduan bukatu ziren. Ikusmina bada, beraz. Kontzertu horiez gain, martxoaren 26an Irunberrin (Nafarroa) izango dira, eta 27an Lekunberrin (Nafarroa). Hortik aurrera, kontzertuak emango dituzte Ezdagohilda festibalean, Iruñean; Bergaran (Gipuzkoa), Lakuntzan (Nafarroa), Larrabetzun (Bizkaia), Erriberrin (Nafarroa) eta Laudion (Araba).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sergio Prego artista, Bilboko Arte Ederren Musoean ikusgai jarri duen <em>Hamahiru Centaurusera</em> instalazioa bisitatzen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Sergio Prego: «Artelanaren parte bihurtu behar dira hutsegiteak»

Iñigo Astiz

Ekainaren 20tik aurrera, Bilboko Arte Ederren Museoak sarrera zaharra berreskuratuko du, eta, handitze lanek iraun artean, Pregoren instalazio bat izango du ikusgai, besteak beste

Mendekuaren erritua
Maite Gartzia, Aizpea Otaegi, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Oier Guillan, Donostian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Plaza bat arriskuari

Ainhoa Sarasola

Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia ekainaren 5ean hasiko da. Urtero bezala, dramaturgia berrien erakusleiho bilakatuko du Errenteria.

Pedro Salaberri margolaria, artxiboko irudi batean, 2018an. ©Iñaki Porto / Efe

Pedro Salaberri margolariak jasoko du Vianako Printzea saria

Itziar Ugarte Irizar

Naturaren interpretazioan oinarritutako obra piktoriko zabala osatu izana nabarmendu du Nafarroako Kultura Kontseiluak. Arte Talentua Sustatzeko saria, berriz, Sofia Esparza sopranoak jasoko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.