Tatxers, errealitatea bezain larri

Iruñeko Tatxers taldeak lau kantuko EP bat argitaratu du: 'Hiruzpalau amets larri'. Oi musikan oinarrituz, zenbait estilo uztartzen dituzte. Bizi dutena islatzen dute kantuetan

Jon Salinas eta Martin Ziriza Tatxers taldeko kideak, Iruñeko Azpilagaña auzoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
«Popegia punkentzat, eta punkegia poperoentzat». Hala definitu dute haien musika Jon Salinas Sali eta Martin Ziriza Tatxers taldeko kideek, barre artean. «Guri asko gustatzen zaigu Skin-Deep taldea, baina bere garaian ez zuten arrakasta handirik izan. Estigmatizatuta zeuden, skinek esaten zutelako haien musika reggaea zela, eta alderantziz. Hor tartean gelditu ziren». Haiei antzekoa gertatzen zaiela uste dute, inorena ez den lurrean daudela: oi, mod, pop eta post-punk estiloen artean, besteak beste. Ordea, Skin-Deep-ekoek ez bezala, pentsatzekoa da haiek lortuko dutela arrakasta; izan ere, Hiruzpalau amets larri EPa argitaratu berritan, azkar zabaltzen ari dira haien izena eta musika.

Eklektikotasuna da taldearen bereizgarri nagusia. Sailkatzen erraza ez den soinuen fusio bat antzematen da haien kantuetan. Zirizak aitortu duenez, gustuko dute jendeak ez jakitea zehazki zer den haien musika: «Guk ere ez dakigulako». Ez da bila ibilitako zerbait izan, askotariko eraginen batuketa naturala baizik.

Salinas eta Ziriza Acera rock taldean aritu ziren elkarrekin zenbait urtez, baina, une jakin batean, beste bide batzuk jorratzeko grina sortu zitzaien. Oi musikara jo nahi zuten, funtsean, eta Iñigo Soriari egin zioten proposamena. Hirurek osatu zuten taldea: Salinas baxu jotzailea da, eta Ziriza gitarrista, eta biek kantatzen dute; Soriak, berriz, bateria jotzen du.

Eragin britainiarretako rock eta oi doinuak hartu zituzten oinarri gisa, baina maite zuten musika orotatik edateko asmo argiarekin. «Taldeari estilo bat ezarri bainoago, taldearen estiloaren barruan sartu nahi genituen gutariko bakoitzak zituen influentziak», azaldu du Zirizak.

Garaipen kutrea maketarekin estreinatu ziren iaz, eta berriki sarean eta binilo formatuan zabaldu dute Hiruzpalau amets larri EPa, Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatutakoa. Lau kantuk osatzen dute —11 minutu pasatxo— eta soinu berri bat igartzen zaie. Faktore horri lotuta dago taldearen garapena, Salinasen irudiko: «Musikaren zati handi bat soinua da; egun tresna asko daude soinua aldatzeko, eta horrek ematen dizu identitatea». Hori izan da lan berrian egin duten jauzi nagusia: beren soinuaren bila aritu dira, beren nortasuna finkatzen; «Tatxers soinua» definitzen. Bide hori ez da eten, halere, aurrera begira probatzen jarraitzeko asmoa baitute. «Aldaketa prozesu bat izango da».

Errealitatearen gordintasuna, etorkizunik ezaren estutasuna, gauzak aldatzeko larritasuna, eta, aldi berean, egunerokoaren edertasuna aurkitu daitezke Tatxersen kantuetan. Ez daude mezu esplizituz osatuak, egoeren deskribapenez eta irudiz baizik, argi baitute «eraginkorragoa» dela beren pentsamoldea adieraztea ezagutzen dutena islatuz, «propaganda eginez» baino. Hori ere aldatu da bigarren lanean.

Hitzek etsipen kutsu bat dute; bizi izan dutenaren ondorio zuzena dela diote. Izan ere, 1999an jaiotakoak dira, eta bi krisi bizi izan dituzte, Zirizak nabarmendu duen moduan: «Zoritxar hori izan dugu. Etorkizunik gabeko belaunaldi bat da gurea: ez dakigu non egongo garen bihar, lanik izango ote dugun...». Baina errealitate horretan gauza positiboak ere badira, eta hori ere adierazi nahi izaten dute. «Horregatik da alaia gure musika». «Hertzainak-ek esaten zuen bezala, bizitzak emandako plazer txiki horiengatik ez balitz!», laburbildu du Salinasek.

Zu ta biok kantua da guztien artean baikorrena. Amets batean oinarrituta dago; «amets larri» batean. Ziriza: «Etorkizuneko bizitza bat da; zu eta biok mundu zaharraren erorketari buruz hitz egiten ari gara, lasai, aurreko bizitzatik urrun, eta horri buruz hitz egiteko denbora dugu». Kantuetan deskribatzen dituzten ametsak larriak direla diote, «beste errealitate bat bizitzeko premia ere larria delako».

Diskoaren izenburuaren atzean, dena den, hori baino zerbait gehiago dago: izenak Gu Ta Gutarrak egitasmoaren Noiz hasi ote zen dena kantuari egiten dio erreferentzia. Honela dio kantuak: «Nire iritziz errua/ dute Laboak ta Sarrik,/ Hertzainak-ek, politikak/ ta hiru-lau amets larrik».

Ederregia abestian, berriz, Iruñea deskribatu dute. Kantuan ageri den hiria iluna da, baina baditu «etsipenetik ateratzeko» laguntzen dieten gauzak. «Ez ditu izoztu egiten duen hotzak/ gazte horrek kantatzen dituen koplak», dio kantuak. Preseski, musikaren ikuspegitik, hiria une berezi batean dago: hainbat talde sortu dira azkenaldian, gazteak, berritzaileak. Zirizaren eta Salinasen ustez,gakoa da hartzaileek musika estilo berriak entzuteko prestutasuna dutela, eta egileek musika estilo berriak sortzeko grina. Horrek ahalbidetu du eztanda, eta haien belaunaldiak momentua bizitzeko zortea izan du: «Orain arte oso musika ona egiten zen, baina oso sailkatua estilo jakin batzuetan; jendeak hori ere entzuten du, baina gogoa du beste gauza batzuetarako. Guri tokatu zaigu, eta gozamena da».

Iruñeko talde hasiberrien artean badira estilo eta estetika ezberdinak, baina, Tatxersko kideen ustez, oro har, munduari, eta, zehazki, musikari lotutako ikuskera berdintsua izateak batzen ditu guztiak. «Gure artean asko eztabaidatu dugu musikari buruz, eta partekatutako ikuspegi horrek harreman handia sortu du gure artean; gero bakoitzak bere ildoa du, baina ezaugarri komun bat dugu: lagunak gara», adierazi du Zirizak.

Poztasuna eragiten die momentuak, Salinasen hitzek erakusten dutenez: «Behin, izarrei begira nengoela, izar iheskor bat pasatu zen, eta nik desio bat eskatu nuen: hemen zabaltzea Tijuana in Blueren garaian zuten jarrera hori; eszenari seriotasuna kentzea, eta gauzak egiteko gogo berritu bat piztea». Beste amets bat. Bete egin dena: «Niretzat hori da Iruñean gertatu dena».

Erantzuna barneratzen

Kantu berriekin arrakasta nabarmena izaten ari dira. Esaterako, ekainean zabaldu zuten Goizean oskorri-k 77.800 ikustaldi ditu Youtuben. Harriturik daudela aitortu du Zirizak: «Honen atzetik lan handia dago, baina ikaragarria izan da; egun batetik bestera gertatu da dena. Eta kostatzen ari zaigu barneratzea».

Aurki kantu berri bat sareratuko dutela iragarri dute. Bitartean, orain arte partekatutakoak zuzenean entzuteko aukera egongo da, abuztuaren 25ean Saran (Lapurdi) eta 28an Lekeition (Bizkaia), eta irailaren 4an Donostian, eta 18an Tafallan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.