Alfonbra gorri bat publikoari

Donostiako Zinemaldiaren 70 urteotako irudiak jarri dituzte ikusgai 'Imajinatu Zinemaldia' erakusketan, Tabakaleran. Omenaldia egiten die jaialdiari eutsi diotenei, ikusleei bereziki

Inoiz Donostiako Zinemaldia bisitatu duten 800 zinemagile zein aktoreren irudiak ikus daitezke erakusketako Photocall instalazioan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Alfred Hitchcock Viktoria Eugenia antzokian, Vertigo (1958) aurkezten; Harrison Ford eta Carrie Fisher Star Warsen (1977) Europako estreinaldian; John Travolta Kontxako hondartzan paseatzen, 1983an; Bette Davis 1989ko prentsaurrekoan... Irudi gogoangarri ugari utzi ditu Donostiako Zinemaldiak bere 70 urteko historian. Urteurrenaren harira, horiek eta beste asko bildu dituzte Imajinatu Zinemaldia ikus-entzunezko erakusketan. Zinema izarrak ez ezik, publikoa da irudi bildumako protagonistetako bat; izan ere, zinemaren industriari, hedabideei, hiriari berari eta, bereziki, ikusleei egindako aitortza gisa aurkeztu dute erakusketa antolatzaileek. Donostiako Tabakaleran irailaren 24ra arte izango da ikusgai, 70. Zinemaldiaren azken egunera arte.

Jaialdiak eta Tabakalerak elkarrekin antolatu dute erakusketa, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Morgancrea estudioko Asun Lasartek eta Carlos Rodriguezek egin dituzte komisario lanak. Haiek azaldu dutenez, 1950eko urteetan Donostian zinema jaialdi bat sustatzeko ideia izan zuten hainbat merkatarik, eta haietako batek esandako hitzetatik — «irudikatu jaialdi bat» esan ei zuen— hartu zuten erakusketarako izenburua. Halaber, gehitu dute lehen alditik bertatik hartu izan direla jaialdiaren inguruko askotariko irudiak, eta artxibo zabal horretatik edan dute.

Morgancrearen proposamenak jaialdiaren ikurretako bat den alfonbra gorria hartu du hari gidari gisa. Izan ere, eraikinera sartu orduko, 200 metro luze den oihalari segika egingo du ibilbidea bisitariak; sabaitik zintzilikatu dute sarrera nagusiaren zatian, eta alfonbraren azpitik ibiliko dira ikusleak, beraz, tarte batez.

Ikus-entzuleak izena jarri diote ikusgai dagoen lehen instalazioari. Zortzi pantailaz osatua, publikoa da haietan ageri diren irudietako protagonista nagusia. Hain zuzen, Maria Cristina hotelaren inguruetan edo hiriko beste hainbat lekutan herritarrei ateratako argazkiak txandakatzen dira pantaila batzuetan, eta besteetan, berriz, herritarrek eurek urteotan guztietan ateratakoak —aktoreekin ateratako selfie-ak eta Donostiako kaleetan topatutako zuzendari zein aktoreenak ikus daitezke askotan—. Jaialdiak egindako deiari erantzunez, 650 irudi inguru bidali dituzte herritarrek erakusketarako, eta horien aukeraketa bat jarri dute ikusgai.

Alfonbraren azpitik eskaileretan gora eginda, lehen solairuan kokatu duten Media instalaziora iritsiko da bisitaria. Zinemaldiaren berri eman, nazioartean ezagutarazi eta haren memoria gordetzeko komunikabideek eginiko lanari egiten dio aitortza, eta, hala, liburu edo aldizkari ireki baten itxura du piezak. Bere orrialdeetan dauden pantailetan, askotariko elkarrizketak, prentsa agerraldiak eta ikus-entzunezkoak tartekatzen dira. Viktoria Eugenia antzokitik propio ekarritako besaulkietan eserita ikus daitezke horiek guztiak erakusketan.

Zinema areto handi bat

Handik Photocall-era eramango du ikuslea ibilbideak. Alfonbra gorritik oinez doala, zinemaren munduko 800 aurpegi ezagun ikusiko ditu, 24 metro luze eta 4 metro zabal den pantaila handian txandakatzen. Kronologikoki antolatu dituzte bertan irudiak, eta, hala, 1950eko urteetan Zinemaldia bisitatu zuten zinemagile eta aktoreetatik hasi eta azken urteetan Donostian izan direnetarainoko ibilbidea egin daiteke.

Korridorearen bukaeran, oihalez estalitako ate bat zeharkatzean ikusiko zaio beste muturra alfonbra gorriari. Zinea izena eman diote erakusketako azken guneari, zinema areto handi bat irudikatzen baitu, eta Zinemaldiaren urteotako «momentu hunkigarri eta dibertigarri» ugari erakusten dituzte bertan, sinkronizatutako pantailen bidez. Aretoaren ezkerraldean, hiru pantaila handitan, Donostia saridunak, beste sarienak nahiz jaialdiko hainbat momentu esanguratsutako irudiak ikus daitezke zortzi minutuko lau ikus-entzunezko piezatan. Gelaren erdian, berriz, sabaitik zintzilik dauden eta Kursaaleko eraikinak irudikatzen dituzten bi kubotan, jaialdiari buruzko bestelako «istorioak» ezagut litezke, gaika antolatu baitituzte haietan irudiak: epaimahaiak, zinema aretoak, emanaldien ostekoak...

Bi animazio ere badira areto berean: Urrezko Maskorrak urteotan izan duen bilakaera estetikoa erakusten du batak, eta festibalaren aldi bakoitzeko kartelekin osatu dute bestea. Gelaren azken txokoan, mediateka bat jarri dute jaialdiaren historia gehiago arakatu nahi duenarentzat; urtearen araberako bilaketak egin daitezke bi pantaila ukigarritan.

Erakusketaren osagarri, haurrentzako tailerrak, bisita gidatuak eta galdera-lehiaketa bat antolatu dituzte, besteak beste.

Bestalde, urteurrenaren harira Tabakalerak antolatu duen beste erakusketa bat irekiko dute ostiralean: Vive le cinéma!. Jia Zhangke, Lemohang Jeremiah Mosese, Isaki Lacuesta eta Dea Kulumbegaxvili zinemagileen instalazio artistikoak jasoko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.