Kondenatutako atari piztua

Baionako Andredena Maria katedralak badu bisitatu ezineko jatorrizko atari gotikoa. Tapaturik egon zenez, Frantziako Iraultzan ez zuten erre. Hilen piztea irudikatzen du.

Katedraleko hegoko atari honetatik klaustroko hilerrirat sar zitekeen. Bi tinpano dauzka, batean infernua irudikatua da; bertzean, paradisua. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Baionak bi beso altxatuak dauzka, deika ari, urrunetik ageri, Baiona Baiona egiten dute. Baiona Handian etzan du bere burua Andre Maria katedral gotikoak, aitzinetiko katedral erromanikoaren gainean. Bien arteko ugalketatik zutitu da oraingoa; Cardus eta Decumanus karriken besarka gunean, Iruñean bezala.

Katedralak badauzka ikusten ez diren bazter miresgarriak: publikoari zerratua zaion gune babestua, zeina sakristian baita. Hartan kukutzen da, ongi babesturik, katedralaren ataririk zaharrena. Jatorrizko osagaiak oro mantendu ditu: gotikoago ezin.

Komunzki, elizbarrutiaren egoitza hiriaren garapenari hertsiki lotua zen, zeinari estilo gotikoa baitagokio. Hala laburtu du Joseba Asiron historialariak Auñamendi entziklopedian: «Katedral gehienak estilo gotikoan eraiki ziren, nahiz eta Iruñeko eta Baionako kasuetan gaurko eliza gotikoak baino lehenago desagerturiko fabrika erromanikoak egon ziren». Tutera (Nafarroa), Bilbo, Donostia eta Gasteizkoetan ez bezala.

«Hau bezain handia zen aitzineko katedral erromanikoa, baina ez zuen deanbulatoriorik, gerora gehitu zioten beilarien barneko hara-honaka errazteko», erran du Isabelle Dupont gidak. XIII. mendean gehitu zioten; 1258an izandako sutetik landa, apezpikuak hala deliberaturik. Murru erromanikoak desegin eta berreraiki zituzten estiloz kanbiatuz. Bihotzetik hasi zituzten hamarkadak iraun zuten obrak, transeptutik segituz. Hala, zazpi ataleko hiru habearte dauzka, transeptu markatua, girola eta zazpi kapera erradial. Espazioaren eta argiaren monumentaltasunak, norberaren ttipitasuna are gehiago mendratzen du, bolumen haiekin ezin lehiatuz.

Dupontek besoak zabaldu ditu eta zangoak bildu: katedralaren planoa irudikatu du, giza gorputzarena bezalakoa baita, bihotza eta guzi. Ezkerreko besoko ate diskretua zabaldu du gidak, «pribatua». Maila bat igan, eta apez eta apezpikuen aldageletan sartu da. Ez du astirik galdu, ehorzketak eginen baitituzte luze gabe, bisitarien aldia etenez. Preseski, musika goraki aditzen da, soinu probak egiten ari baita sakristaua. Gidak eskatu eta eskertu dio bolumena apal dezan.

Itzuli erdi eginik, eta buruak altxaturik, XIV. mende erditsuko ezusteko atariak jatorrizko gotikotasunaren indarrez besarkatzen du bere pean ezartzen den oro. Frantziako Iraultzan andeatu ez zuten bakarra da: «Oso ederra da. Jatorrizkoa eta zaharrena izateaz gain, bakarra da mantendu dena. XIX. mendean deskubritu zuten, gelaren handitze lanetan, murruz estalia baitzen. XVIII. mende erdian bertze atari bat behar zutenez, hau tapatu zuten eta ahantzi. Horregatik, Frantziako Iraultzan ez zuten xehatu». Gehitu du aterpean eta publikoari zabalik ez izateak badituela bere abantailak, ongi babestua baita, usorik, euririk, tenperatura aldaketa handirik edota gatzik gabe.

Herioak denak berdintzen

Ataria eraiki zuten klaustrora ilkitzeko, zeinaren erdian baitzuen hilerria. Ondotik, zizel lanei ekin zieten, hain xuxen ere, gai hori behar hartuz: azken epaiketa baitu erakusten, herioaren bahea: «Gaineko bi aingeruek tronpa bat atxikitzen dute: hilen artetik berpiztearen seinalea ematen dute. Hilen berpiztea da. Eskuinetan ageri dira hilak zutitzen ari, hilarria bultzatzen, kristoren aitzinera joateko. Erdi-erdian, Jesu Kristok zauriak erakusten dizkigu, bera dela frogatzeko. Alde bakoitzean, pasioaren tresnak atxikitzen dituzten aingeru bana dago. Jesu Kristoren eskuinekoak makila eta arantzazko koroa dauzka; ezkerrekoak, berriz, gurutzea, iltzeak eta azotea». Epaiketak mundu antagonikoak parez pare jartzen ditu: eskuineko paradisuak ederra, alaia eta jendetsua badirudi; ezkerrekoak bertzerik erakusten du. Dupont: «Ezin da ahantzi Erdi Aroan gaudela; populazioa hezteko eta istorioen kontatzeko manera bakarra euskarrien bidez da. Eta euskarri bakarra hau zuten: denek ongi ulertu behar zuten zer gertatuko zitzaien Jesu Kristoren ezkerrerat igorriz gero: infernurat». Gidak lagundu du detaileez ohartzen eta haien sinbolika xeheki aztertzen. Pertza eta sugarrak ontsa so eginez gero, konparazione, ikus daitezke hiru deabruek eramaten dituzten kondenatuak. Haietako batek txapel zorrotza du, goi apaizeria sinbolizatuz; bertzeak koroa darama, aberastasunaren keinu: «Erran nahi dena da erlijiosoa izan edo ez, aberatsa edo txiroa, berdin joan zaitezkeela infernurat».

Atari honek badu oraino aipatu gabeko berezitasunik: lotuak diren bi tinpano. Jesu Kristoren ezkerrekoak infernua erakusten duen molde berean erakusten du eskuinekoak paradisua. Erregina gisa irudikatua du ama birjina. Inguruan intsentsua botatzen dioten aingeruak daude, bai XIV. mendeko musika tresnak dauzkatenak ere: biela, lira, organoa, pandero borobila eta karratua, flauta, zinbalak... Alaitasunaren ikur.

Saihetsean, goian, kandelarioak atxikitzen dituzten hiru aingeru daude, eta pean, hamabi apostoluetatik sei: Done Paulo, Done Petri eta Done Jakue Jesu Kristoren eskuineko tinpano beherean; ezkerrekoan, berriz, Joanes, gurutzea atxikitzen duen San Andres eta, ustez, San Matias. Gidak gomitatu du Erdi Aroko eszena kolore bizitan irudikatzea. Ez dakienak ezin izanen zukeen ikusi arrosaren herexak daudela.

Ireki da katedralaren hegoaldeko bazter miresgarriko borta, errotik gotikoa den deanbulatorioan bisitari askoren artean nahasi da berriz ere gida. Segitu du erakusten katedralaren gotikotasun ageria: argiztapena bermatzen duten leihoak eta sostengatzen dituen triforioa. Bai argia sartzen uzten duten zutabeak ere.

Klaustro gotikoan bukatu du Dupontek. Artisauek beso zabalik hartzen dituzte bisitariak; begirada gotikoaren pean, tradizioari jarraituz eta funtzioa begiratuz.

BAIONAKO KATEDRALEKO HEGOALDEKO ATARIA
Nolakoa. Atari gotikoa; zaharrena, hobekien atxikia; bi tinpanokoa.
Noizkoa. XIV. mendekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.