Zinema, literatura eta musika, argazki bilduma bakarrean

Gabriela Zendoiak '3x4=Orain. Musika, zinema eta literatura argazki-liburuan' aurkeztu du Donostiako San Telmo museoan. Erakusketa urriaren 30era arte egongo da zabalik

Susana Soto museoko zuzendaria, Jon Cazenave komisarioa, Gabriela Zendoia bildumagilea eta Jon Insausti zinegotzia, San Telmo museoan. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Leire Perlines Apalategi.
Donostia
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Musika hitza entzutean, abestiak imajinatzen dituzte batzuek, instrumentuak. Zinema entzuten dutenean, aldiz, filmak; eta literatura entzuten dutenean, berriz, liburuak eta hitzak, hitz asko. Baina, zer gertatzen da hiru diziplina horiek batu eta argazki liburu bat osatzen dutenean? 3x4=Orain. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan. Horrela deitzen da Gabriela Zendoia Bergaretxek (Donostia, 1958) Donostiako San Telmo museoan aurkeztu duen argazki liburuen bilduma. Erakusketa irekita egongo da datorren urriaren 30era arte.

Zendoiari argazkigintza garaikideko liburuekiko interesa 1990eko hamarkadan piztu zitzaion, Bordeleko (Okzitania) Mollat liburu dendan, argitalpen horiek gaur egungo sorkuntzan duten potentzia artistikoa ezagutu ondoren. Gero, Martin Parren eta Gerry Badgerren The Photobook: a History, Vol. 1 irakurri zuenean ohartu zen argazki liburuen bilduma bat egiten ari zela: egile argazkigintzako liburuak, bada, ez ziren ezagunak garai hartan.

Une horietatik hogei urte baino gehiago igaro ondoren, Gabriela Zendoia Bergaretxe bilduma 3.000 alek baino gehiagok osatzen dute, eta San Telmo museoko liburutegian dago ikusgai, jendeak azter dezan. Jon Cazenave (Donostia, 1978) erakusketaren komisarioa: «Interesgarriena da bilduma irekia dela; bildumak ikusgai daude behean, eta ukitu egin ditzakezu, baita aztertu ere, eta hori da garrantzitsuena».

Prentsaurrekoan, bestalde, San Telmo museoko zuzendari Susana Sotok adierazi du bilduma hori bere generoko garrantzitsuenetako bat dela, baina erakusketaren beraren helburua, batez ere, Zendoiaren pertsona bera aintzatestea dela.

Ez da San Telmo museoak argazki liburuaren inguruan hitz egiten duen lehen aldia, halaxe egin baitzuen 2018. urtean Argazki liburuaren fenomenoa erakusketarekin. Aurkeztu berri duten bildumak eta 2018ko erakusketa hark badute harreman puntu bat, eta puntu hori zehazki Zendoia dela esan du Jon Insausti Donostiako Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkariak.

2017. urtean formalizatu zuten Zendoiaren bildumaren gordailua, eta Sotok esan du Zendoiak orduz geroztik etengabe bultzatu duela proiektua. Bildumak, gainera, programazio propioa dauka museoan.

Zer da argazki liburua?

«Argazki liburua argazkiak dituen liburu bat baino gehiago da; objektu artistiko bat da, non irudiak erlazionatu egiten diren, sekuentziak, edukiak, narratibak eta erritmoak sortuz», azaldu du Cazenavek. Argazki bildumekiko interesa gero eta handiagoa da gaur egun, haren esanetan, eta gertatzen ari den hedapen horren ondorioz sortu dute 3x4=Orain erakusketa, komisarioak adierazi duenez.

«Irudiek izaera autonomoa galtzen dute, eta edukien sekuentzia batean egituratzen dira, asmo narratibo eta erritmo bisual bakarrarekin», Cazenaveren hitzetan.

Zendoiak, bestalde, bere burua argazki liburuen aktibista gisa aurkeztu du: «Gustatzen zaidana da, eta horretarako egiten dut lan. Erakusketa hau argazki liburuaren inguruan gehiago jakiteko daukagun onena da. Jakina, aukeraketa txiki bat da, nire ustez, oso esanguratsua eta modu finean aurkeztua. Lan handia du honek, eta ikusteko, ikasteko eta gozatzeko gauza asko daudela uste dut».

Argazki liburuez ezer ez zekitenen batzuei bidali diete liburua, eta Zendoiak esan du haiek «mundu ezezagun bat ezagutu eta aurkitu» dutela.

Komisarioaren ustez, argazki liburuaren generoko bildumarik garrantzitsuenetako bat da Zendoiarena, bere bolumenaz gain, hautatutako tituluen kalitatearengatik. Horietako asko ezin dira aurkitu gaur egun, eta Zendoiak hainbat egilerekin izan duen harreman pertsonalaren eta profesionalen emaitza da bilduma.

Hiru diziplina aukeratu dituzte argazkilaritzaren mundutik ateratzeko: musika, zinema eta literatura. «Lau zinemagileren, lau musikariren eta lau idazleren eskuetan jarri ditugu hamabi liburu hauek. Gainera, ni neu arduratu naiz hemezortzi liburu gehiago aztertzeaz», azaldu du Cazenavek. Ikuspegi «plural» batetik heldu nahi zioten gaiari, eta horregatik aukeratu dituzte hiru arte diziplina horiek.

Argazki liburuek zerbait baldin badute, hori zera da, komisarioaren hitzetan: «Batez ere iraultza digitalaren ondoren, bizitzen ari garena aztertzeko tresna oso erabilgarriak dira». Hori esatearekin bat, Laia Abrilen On Abortion argazki liburua seinalatu du, azken asteetan AEB Ameriketako Estatu Batuetan gertatutakoaren ondoren garrantzi berezia izango duelako, haren ustez.

Filmak, erretikulak, liburua

Bilduma zinemarekin lotzeko, argazki liburua osorik erakusten duten film batzuk sortu dituzte; hori musikaren eremura eramateko, «argazki liburuaren melodia sentitzeko erretikula batzuk» egin dituzte; eta, azkenik, literaturaren arloari begira, liburuxka bat ondu dute. Gainera, liburuak testuinguruan jartzeko obra batzuk ere badaude erakusketa gelako hormetan.

Insaustirentzat, proiektuak bi ideia uztartu ditu:museoa «posizio onean jartzea» eta «ondarea den altxorra» jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.