Albistea entzun

Musika Hamabostaldia Leirera itzuliko da, euskal doinu herrikoiekin

Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre organistak euskal konpositoreen lanetan oinarritutako kontzertu bat emango dute bihar, Leireko monasterioan. Eñaut Elorrieta gonbidatu dute abestera
Eñaut Elorrieta, Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre, atzo, Donostiako San Ignazio elizan entseatzen.
Eñaut Elorrieta, Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre, atzo, Donostiako San Ignazio elizan entseatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Leire Perlines Apalategi -

2022ko abuztuak 12 - Donostia

Donostiako 83. Musika Hamabostaldian, Leireko monasterioa (Nafarroa) izango da Musika Aitzaki ziklo ibiltariko kontzertuetako baten egoitza, bihar, hain justu. Kontzertu hori da Nafarroan egingo den bakarra. 19:45ean izango da emanaldia, eta Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre organo jotzaileak Leire: Bide-Gurutze lana aurkeztuko dute. Programa horrek XVIII. mendetik gaurdaino heltzen den musika du ardatz, eta, horretarako, Eñaut Elorrieta abeslaria gonbidatu dute. Hiru musikariek ibilbide musikal bat egingo dute Nafarroako erromanikoaren monumentu horren historian.

Astiazaran eta Sastre prestakuntza klasikoko musikariak dira, eta, azken urteotan, elkarrekin aritu dira Arineketan proiektuan, euskal musika herrikoia aztertzen, jazza eta folk musika uztartuz. Xabier Munibe, Jose Olaizola, Estibalitz Robles, Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Pablo Sorozabal, Joakin Iruretagoiena, Antton Valverde eta Eñaut Elorrieta euskal musikagileen abesti profanoak eta pieza erlijiosoak aurkeztuko dituzte, hiru bidegurutze bereizita ibilbide horretan zehar.

Ibilbide horretako lehen bidegurutzea Leireko monasterioa izango da, eta, lehen zati horretan, euskal musika liturgikoa izango dute jomuga. XVIII. mendean Xabier Maria de Munibe Peñafloridako kondeak idatzitako Irten ezazu eliza kantatik abiatu, eta Robles Beskoitzeko abeslariaren Agur Maria arteko bidea osatuko dute.

Bigarren atalak Nafarroa izango du ardatz, lurraldearekin harreman estua izan zuten hiru konpositoreren bidez: Aita Donostia, Aita Hilario eta Sorozabal. Azken horrek Baztango doinuekin osatu zuen Dos danzas obrako sagar dantza.

Hirugarren eta azken atalak bi une eta gertakizun historiko landuko ditu: Amaiurren duela 500 urte izandako guda eta 1937an Gernikan (Bizkaia) izandako bonbardaketa. Biak lotuko dira Lauaxetari esker, hark idatziak baitira Valverdek egindako Amaiur gaztelu baltza kantaren hitzak. Lauaxeta erail egin zuten Gernika bonbardatu eta berehala. Gertakaria gogorarazteko, Sorozabalen Gernika eta Elorrietaren Gernikan obrak baliatuko dituzte.

Hiru bidegurutzeen bidez, mundu horietatik datozen musikariak nola elkartu daitezkeen erakutsi nahi du hirukoteak: ikuspegi ezberdinetatik bada ere, euskal musika bera lantzeko lekurik badela ikusarazi. Denen bidegurutze izango da, beraz, Leire.

Euskal musikak elkartuta

Kontzertua atzo aurkeztu zuten, Donostiako Kursaalean egindako prentsaurreko batean. Astiazaranek esan zuen hiru musika mota izanik ere euskal musikak batu dituela: «Ikusita ikuspuntuak oso ezberdinak zirela, erabaki genuen Leirek izan behar zuela hiruron elkartze bat eta hiru formatan elkartuko ginela: batetik, Leire eliza bera aitzaki hartuta; bigarrenik, Nafarroa zatian; eta hirugarrenik, Amaiur 500 urte, Gernika 85 urte atalean».

Abestiei dagokienez, Sastrek ere zehaztasun batzuk eman zituen: «Bereizgarri gisa aipatuko nuke gure kontzertuan herri musika jasotzen dugula, baina baita musika klasikoa ere, bere herentzia guztiarekin. Hala ere, uste dut gure bereizgarrietako bat dela gure modura jorratzen dugula; alegia, badaude obra batzuk bere hartan errespetatuko ditugunak, baina beti jartzen dugu guretik zerbait».

Elorrieta gonbidatu dute Astiazaranek eta Sastrek, eta lehenengo eta hirugarren ataletan ariko da abeslaria: «Hasieratik sumatu nuen bakoitzak bere musikarekin duen pasioa. Niretzat, errepertorio ezberdin bat da, eta aberasgarria, interesgarria eta dibertigarria iruditu zitzaidan. Horregatik animatu naiz, beste bide batzuk irekitzen dizkidalako, gauza berri bat topatu dudalako, eta, funtsean, horrek behartu nauelako begirada zabaltzera», azaldu zuen hark.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Alaia Martin, gaurko saioa. ©Bertsozale Elkartea

Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Miren Mujika Telleria

Nerea Elustondo sailkatu da bigarren Getxon (Bizkaia) jokatutako saioan

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...